GAUR8 - mila leiho zabalik

Amesgaiztoak amets bihurtu ditzagun


Atzo egunkari batean irakurri nuen elikadura zailtasunak %50 gehitu direla gazteen artean pandemiaren ondorioz. Ikaragarria da datu hori eta datu horrek atzean dakarren guztia. Familia hautsiak laguntza eske basamortuan galduta, erietxeetako psikiatria arloak gainezka baitabiltza azkenaldian. Pandemia gogor jotzen ari da nerabezaroa, gogor jotzen ari da bizitza orokorrean.

Nerabezaroa –amets eta idealizazio garai eder hori, esperimentatuz ikasten den garaia, norbere identitatearen bila ibiltzeko une hori– pandemiak gogor jo du, protokoloekin eta debekuekin gure bizitzak itotzen. Arlo soziala eten zaie gazteei, musika, plazera, harremanak izateko zailtasunak, maitemintzeko zailtasunak… Eta debekuen hutsuneak teknologia digitalak bete ditu.

Jakin nahiko nuke 2020an zenbat gazte saiatu diren beren buruaz beste egiten. Autolesioak, jateari uko egitea… Hori guztia norbere buruari min egitean datza, bizitza honetatik joateko gogoz.

Pandemiak gaixotu egiten gaitu emozionalki.

Zer ari gara egiten gure gazteak bizitzeko gogorik gabe egoteko? Zer jendarte mota ari gara eraikitzen?

Koadro honetan ikus daiteke EAEn ospitaleetako psikiatria arloek 12-18 adin tartean artatutako larrialdi kasuak:

&hTab;&hTab;2019 &hTab;2020

Araba: &hTab;69&hTab;165

Bizkaia: &hTab;1.683&hTab;2.586

Gipuzkoa: &hTab;745&hTab;1.062

Atera kontuak, datuek ez dute benetan errealitatea islatzen, suizidioaren errealitatea ezkutatzen baita. Suizidio saiakerak askotan larrialdi psikiatriko bezala kodifikatzen baitira, nire ustez.

Eta honaino iritsiak horrela gaude. Kontsultan, aurten bezalako kasu gordinik nik behintzat ez dut inoiz ikusi, hainbeste sufrimendurekin. Nerabeak etsita daude, hori da hitza, jendartea etsita dago eta hori ezin dugu onartu.

Ilunaren amaieran argia ikusten lagundu behar diegu, dena errazago egiten delako jakinda noiz amaituko den hau guztia. Politikariek prebentzio politikak bideratu behar dituzte psikologia eta psikiatriako adituen aholkularitzarekin, baita haur eta nerabeetan adituak direnekin ere. Gure mezuek ezin dute beti debekuari buruz izan, irtenbideez hitz egin behar dugu ezinbestean.

Nerabeen artean azaltzen ari den joera mahaigaineratu behar dugu, tabua alboratu eta sekretismorik gabe hausnartu. Profesional guztiek elkarrekin nerabeen suizidio saiakeraz eta suizidioaz hitz egiteko garaia da, eta pandemia honek horiek nola areagotu dituen.

Nola lagundu diezaiekegu gazte hauei berriz ere bizitzara engantxatzen? Nola lagundu familia hauei beldurrezko pelikula hau gainditzen?

Psikiatria eta psikologian adituak gainezka gabiltza, baliabide gehiago behar dira: nerabeen talde terapiak, ospitaletik atera eta erdi mailako ospitaleratzeak, haurren osasun emozionala bermatuko duten umeen etxeak, haur eta nerabeetan formatutako profesional gehiago… Argi pixka bat ikusi nahi badugu behintzat… •