JUN. 25 2022 Metabertsoa, zer? Garazi Goia - @GaraziGoia Idazlea Azken hiru hilabeteetan, borborrean egon da Netflixek jasan duen beherakada, udaberrian 200 mila harpidedun galdu zituela esan zenetik, burtsan balioa %70 jaitsi da eta ziurgabetasun handia piztu zuen negozioaren etorkizunean. Covid-ak distortsionatu zituen hainbat emaitza eta espektatiba, baina hura atzean utzi dugunean, errealitateak gogor jo du eta denok iragarpen berri baten zain gaude. Izan ere, streaming zerbitzuen negozio modeloa nahiko sinplea da, eta irabaziak igotzeko bi modu daude: hileroko harpidetzaren prezioa igo edo harpidedun kopurua handitu beste lurralde batzuetan zerbitzua eskuragai jarriz. Gainerakoan, kostuak nahiko finkoak dira eta negozioan ez daude aldagarri gehiegi. Duela hamabi urte hasi eta lehenengoa izateak ematen zion abantailarekin, estrategia eraginkor eta azkar batean oinarrituz, arrakasta izan zuen Neflixek bai mundu osoan zehar zabalduz eta bai urtero prezioa igoz. Baina, Disney+, Paramount+ eta beste konpetentzia azaldu den heinean, haiek ere ekuazio sinple berdinari heltzen diotela, jende multzo berdina gehiagoren artean banatu behar da; hainbeste fragmentazioren artean, prezioa igotzea estrategia arriskutsua da –hainbeste aukera dagoenez, harpidetza etetea inoiz baino errazagoa da–. Eta, galtzen den harpidedun bakoitza berriro ere bueltan ekartzea oso zaila da. Are gehiago, inflazioaren gorakadak izango duen eraginak oraindik kezka handiagoa sortu du eta ez dago arriskuak hartzeko lekurik. Tamalez, streaming gerra horien erdian, behin barruan zaudela ez dago irtenbide askorik; jarraitu egin behar da lasterketa (edo maratoi) horretan eta nork daki hemendik bost urtera ikus-entzunezkoen ekosistema zein izango den. Duela bost urte ez genekien orain gauden egoera honetan egongo ginenik. Besteak beste, Netflixi buruz hitz egiteko geldituta nengoen ezaguna den analista batekin. Londresko Mayfair auzoko hotel bateko lobbyan zain nengoela, Audrey Hepburnek «Roman Holiday» filmaren grabaketa bukatu ostean hotel hartan bertan egin zioten ongietorri festaren argazki bat ikusi dut paretan. Hari begira nengoela, sarrerako gizonak esan dit: «Laster bihurtuko dute hori NFT batean». “Non-Fungible Token”-ei buruz ari zen, alegia, Hepburni buruzko oroimenetan gordetzen den momentu ikoniko haren digitalizazioa eta jabetzaren interpretazio berria, Metabertsoan edo dena delako unibertso paralelo birtual horretan. Denon ahotan dabil Metabertsoa egunotan, hitz egiten dudan ikus-entzunezko enpresa guztien dilema da: noiz jakin dezaket beranduegi den Metabertsoan parte hartzeko? Ez dira parte-hartze esperimentalaz ari, irabazteko aukerak mantentzeko inbertsioak egin behar dira, Netflixek duela hamabi urte egin zuen bezala. Inteligentzia artifizialarekin egindako avatar bat, Leon izenekoa, aurkeztu dute Publicis agentziako metabertsoaren zuzendari moduan; Parisen egin den konferentzia batean, jendeak galderak egin ziezazkiokeen eta LinkedIn sare sozialean bere profila sortu diote. Nola jakingo dugu ziurtasunez nora goazen, horrelako ezusteko xaloekin? •