GAUR8 - mila leiho zabalik

Errepublikari ongietorria Donostiako Garibai kalean

(RICARDO MARTIN. PHOTO CARTE FUNTSA. KUTXATEKA.)

1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeek espainiar monarkia bertan behera utzi zuten, eta bi egun geroago estatuan errepublika aldarrikatu zen. Donostian, Hego Euskal Herriko herri askotan bezala, errepublikaren etorrera ospatu zuten, eta horren guztiaren fede ematen zuen "La Voz de Guipuzcoa" egunkari errepublikanoak. Gipuzkoako hiriburuko hainbat auzotatik hurbildu ziren musika bandekin erdigunera, eta kazeta errepublikanoak honako hau deskribatzen zuen: «... elementu abertzale ugari ere ibili ziren hirian zehar, Euskadi librearen eta Euskal Errepublikaren aldeko oihuak jaurtiz... Hainbat abesti abestu zituzten, eta behin eta berriz adierazi zuten beren poza...». Kronika berean, Udaleko bilkura-aretotik Alfonso XIII.aren erretratua kendu zutela aipatzen zen, udal berria eratzeko osoko bilkura hasi aurretik. Artikulua ilustratzen duen argazkian donostiar talde bat ageri da, errepublikanoen garaipena ospatzen, Garibai kaleko 4. zenbakian zegoen Errepublikanoen Batasunaren Zirkuluko lokalaren aurrean.