GAUR8 - mila leiho zabalik
INFRAGANTI

UNAI SARASOLA

Hainbat bide urratu ditu: gitarra, baxua, berriro gitarra... eta rock, heavy metal, blues, country, grunge... Eta etortzeko dagoena, etengabeko bilakaeran eta musikari «zentzua aurkituta». Bakarka zein Gold Kiss taldean, Unai Sarasolak bere bidea egin du musikaren munduan, eta jarraitzeko gogoa eta asmoa ditu.

Unai Sarasola, Gasteizko Arkupeetan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Unai Sarasolak beti izan du musika inguruan, gurasoek asko entzuten baitzuten, eta txikitatik izan du gustuko. Osaba batek eman zizkion rock taldeen lehen grabazioak: ACDC, Ramones… Hamar urterekin, gitarra klasikoa jotzen hasi zen, baita luze gabe utzi ere: «askoz errazagoa zela pentsatzen nuen, baina...».

Pare bat urte igarota, berriro heldu zionean, musikari gasteiztarraren aitak ikusi zuen gitarra baxua bezala jotzen zuela, eta baxu bat erostea nahi zuen galdetu zion. Unairen aita baxu jotzailea da, 80ko hamarkadan talde batean jotzen zuen. «Ez dakit nik jotzea nahi zuen edo etxean baxu bat nahi zuen», dio barrez. Edonola ere, baxua erosi zioten eta tresna hori jotzen hasi zen, «serio». «Sinple jotzen baduzu, errazagoa da. Gitarra jotzen baldin baduzu, badakizu baxua ere jotzen. Gero izan zaitezke baxu jotzaile on bat, eta gitarrarekin bakarrik ez zara baxu jotzaile on bat, baina tira, posible da zerbait egitea».

«Horrekin hasi nintzen, eta gero, ez dakit nola, nire aitaren gitarra elektriko bat hartu nuen, urtebetetze batean amak oparitu ziona, eta akorde bat egiten hasi nintzen, bideoetan-eta ikusten nuena, bostun akorde mitikoa. Posible zela ikusi nuen, horrekin gauza pilo bat egin nezakeela. Orduan, baxua pixka bat bazter utzi nuen eta gitarrarekin hasi; eta geroztik gitarra izan da nire tresna».

Hasieran bere kabuz ikasten zuen, eta 15 bat urterekin klase partikularretara apuntatu zuten gurasoek. «Buelta osoa eman nion kontuari. Benetan jotzen dakien batek irakasten dizu eta konturatzen zara gauza pilo bat gaizki egiten zenuela, eta nola egiten diren gauzak ondo».

Hara heldu baino lehen ez zeukan interes handirik blues musikan, esate baterako, «baina erakusten dizutenean bluesa rockaren, heavy metalaren eta ia guztiaren oinarria dela, sustraietara jotzen duzu, eta beste modu batera baloratzen duzu». Horrelako gauzak irakatsi egin behar direla uste du. «Orain ez dago blues askorik nire inguruan; beraz, nire kabuz hori aurkitzea zaila izango zen. Eta ona da baten batek esatea: ‘Gustuko duzu ACDCren abesti hau? Bada, hau eta hau eginda, eta hau sinplifikatuta, blues da; beste soinu batekin, baina ACDC da’. Zentzua ikusten duzu».

Jendaurrean

Gold Kiss taldean hasi zenean, Unaik ez zuen abesten; Aaron Fernandez de Arroiabe zen taldeko abeslaria. Berak beste talde batean ere jotzen zuen eta bakarrik ere gauzak egiten hasi zen, beste influentzia batzuekin, rock eta heavy metala, baina baita, «klixe bat esateagatik, Bob Dylan» ere. Gitarra eta ahotsarekin guztia egiten zuen. Sasoi hartan egin zituen demoak entzuten dituenean, iruditzen zaio ez zuela ondo abesten, baina esperimentatzen hasi zen, eta lehen kontzertua atera zitzaion.

Lehengusina baten lagun batek Gasteizko kafetegi batean jo behar zuen, eta kontzertura joan zen. Musikari hark esan zion zergatik ez zien esaten lokalekoei han jotzerik ba al zuen. Hala egin zuen eta kontzertua adostu zuten. Orduan ez zuen ekiporik, baina abesti batzuk bai, eta kontzertua ondo joan zela dio. Hemezortzi urte zituen eta ez zuen pentsatzen kontzertuak egiten jarraitzerik; musikarekin bai, baina, momentuz, kontzertu gehiago ez. Eta, kasualitatez, lehen kontzertu hura ospatzeko beste taberna batera joan zirenean, han zegoen Lobo & Carmine bikote arabarra. Abeslari horiek zenbait kontzertu lortu zizkioten taberna hartan. Ondoren, jam session batzuk antolatu zituen leku berean. Hori izan zuen taula gaineko hasiera, eta «sarea» zabaltzen hasi zen.

Bere abestiren bat eduki arren, bertsioak baino ez zituen abesten; esate baterako, Bob Dylanenak, edo Alter Bridgerenak. Azken talde hau, dioenez, akustikoan egiteko aproposa da: «Nahiko metaleroak dira, baina tresna guztiak oso ondo molda daitezke ahots eta gitarra bakarrerako».

Rockaren bidetik abiatuta, «gauza asko atera dira: blues, heavy, country... Gainera, ikusi nuen nola talde askok beren abestiak egiten zituzten lehenik, eta gero bertsio akustikoa, abeslariak gitarra batekin kantatzeko, abesti bera baina beste era batera. Abestiak konposatzeko orduan kontuan izan nuen hori; abestiak alde batetik baditu bi gitarra, baxu bat eta bateria, eta gero pentsatzen dut nola har dezakedan hori eta nik bakarrik jotzeko sinplifikatu… nola eraman abestia alde batetik bestera. Lehen Alter Bridge esan dut, baina Crhis Cornellek ere asko egiten zuen hori. Nik horrelako influentziak izan ditut».

Gold Kiss

Gold Kiss taldearekin hasi zen bere abestiak jendaurrean kantatzen, eta aldi bertsuan, bakarka ere bai. Beti egin izan du lehenengo musika eta ondoren hitzak. «Pixka bat instintiboa izan da, musikaren arabera, zer gairi buruz hitz egitea eskatzen didan».

Taldea denbora-pasa moduan hasi zen. Aaron eta Unaik, talde banatan zeudela, eraikin berean entseatzen zuten, eta amaitutakoan, bataren zein bestearen lokalean, jotzen jarraitzen zuten biek. Bospasei abesti zituztenean, konturatu ziren bazutela «zerbait erakusteko» eta gehiago egiten segitzeko. Hala, Iker Perez gitarra jotzailea eta Jon Vicuña bateria jotzailea batu zitzaizkien, eta Gold Kiss osatu zuten, kontzertuak egiteko eta disko bat grabatzeko asmoz.

Hainbat kontzertu egin dituzte tabernetan, baina baita Jimmy Jazzen -Gazte Talent Sarian parte hartuta- edo Urban Rock Concept aretoan, jaialdi batzuetan eta zenbait herritako jaietan ere; baita inoiz Euskal Herritik kanpo ere. Duela zenbait urte Gasteizko Zaharraz Harro alde zaharreko jaietan jo zuten, eta aurten Unaik kontzertu akustikoa egin du bertan.

“Deja de pensar” da Gold Kiss taldearen diskoaren izenburua. Diskoa osatzen duten 11 abestiek taldearen bilakaeraren berri ematen dute: «Kontua da lehenengo abestitik azkenera arte denbora asko joan zela, bost bat urte. Lehenengo abestiek uste dut badutela blues ukitu fuerteago bat. Asko gustatzen zitzaigun hemen zegoen talde bat, Reverendo Parker, gero Whisky Dyck eta Resaca Jackson deitu direnak. Oso gogokoak genituen Los Suaves ere; horiek gaztelaniaz abesten zuten, baina kanpotik entzuten genituenen tankerako soinua zuten. Iron Maiden, Judas Priest eta horrelakoak ingelesez entzuten genituen, eta Los Suaves gaztelaniaz. Guk ere gaztelaniaz abestuta, gure ingurukoek errazago gogoratzen zituzten abestiak».

Horiek izan ziren taldearen eraginik handienak hasieran, eta denbora pasatu ahala, Soundgarden eta beste batzuk. «Beraz, disko horrek zer estilo daukan galdetuko bazenit, tranpa edukiko luke galderak, zeren abesti batzuk blues-rock dira, beste batzuk stoner, beste batzuk metal...».

Taldearen bilakaera suma daiteke 2018an argitaratu zuten diskoa entzunez, baina bilakaera horrek jarraitu egin zuen, harik eta COVID-19aren pandemia iritsi zen arte. Hura hasi zenerako, diskoan agertzen ez diren beste bi abesti eginda zeuzkaten, eta horiek eta Unaik pandemian zehar bere kabuz taldearentzat idatzi zituen beste batzuek beste estilo bat daukatela dio, bluesetik pixka bat urrunduta, grunge eta metal estilo batzuekin konpara litezkeenak.

Pandemiak «dena gelditu zuen» eta taldekideen bizitzak, neurri handian, banandu. «Askotan pentsatzen dut pandemia baino lehen 26 urte nituela eta pandemia bukatuta, orain, 30, eta ez dakidala zer pasatu den hor. Lau gara, lau bide. Aaron eta Jonek taldea utzi dute. Jonek bazeukan beste talde bat Bilbon, eta harekin jarraitu du; Aaronek ere bazuen proiektu propioren bat. Hala ere, Iker eta Unaik segitzeko asmoa dute, taldearen izen berarekin, eta badauzkate beste baxu bat eta bateria bat eurekin jotzeko prest, baina oraindik ez dute fase berria abiatu.

Askotan partekatu izan dute oholtza beste talde batzuekin. Hala, Unaik aitortu du konturatu izan direla bazutela, «ohartu gabe bada ere», halako harrokeria puntu bat. «Bitxia da, batzuetan beste taldeen izena entzunda, pentsatzen genuen oso txarrak edo frikiak izango zirela. Horiek entzun eta gero, normalean esaten genuen: ‘Goiz hitz egin dugu, orain gu goaz eta ondo egin behar dugu, e? Erakutsi beharra daukagu’».

Beste talde batzuekin agertokia partekatzeak alde asko dituela dio. Adibidez, materiala dela-eta komeriak izaten dira, ados jarri behar baitute nork eramango dituen anplifikadoreak, edo bateria... «batez ere bateriarekin izaten dira arazoak, zeren bateria jotzaile bakoitzak badu bere tresna, eta denak ez dira berdinak; agian, abesti erdian konturatzen zara zerbait ez daukazula nahi zenuen tokian, eta nola aldatzen duzun pentsatu behar duzu... baina tira, nik uste dut nahiko ondo disimulatu izan ditugula gauza horiek».

Ingelesez, gaztelaniaz eta...?

Konposaketak «pixka bat serio» taldearekin grabatu zuen diskorako hasi zen egiten. Disko horretako hitz guztiak Aaron eta Unaik eginak dira, gaztelaniaz. Ordura arte, Unaik ingelesez egiten zituen bere abestiak, eta taldeak kontzertu batzuk egin ostean jendeak haren abesti batzuk ezagun zituenez, gaztelaniaz egiten hasi zen bere abesti batzuk, «igual ordurako pixka bat ohituta nengoelako», eta ingelesa alde batera utzi zuen. Ingelesez «abesti nahikotxo egin nituen; gero ez dira argitaratu, baina hor dauzkat». Argitaratu ez, baina haietako batzuk zuzenean jo zituen. «Beharbada berreskuratu behar ditut abesti horiek, eta hitz berriak idatzi, zeren instrumentalki nahiko ondo zeuden.

Bere abestien hizkuntza dela-eta, gogoan darabil euskaraz egiteko aukera: «Zenbait lagunek esan izan didate euskaraz ere egiteko, familiak ere bai. Eta nik ez diot ezetz, igual egingo dut, baina horrek nigandik atera behar du».

30 urterekin, 11 daramatza jendaurrean abesten, zenbait etenaldi eginda; Ikus-entzunezko ikasketak amaitu baino lehen Erasmusera joan zenean edo Londresen ekoiztetxe batean lan egiten izan zenean. Etenik luzeena, ordea, pandemia izan zen.

Gold Kiss taldearekin eta bakarlari gisa ere jarraitzeko asmoa du. Eta gogoa. Pentsatuta dauka akustikoaz aparte talderen bat antolatzea, «gauza sinple bat», baina laguntzaileren batekin. «Kontua da ez dudala musika uzteko asmorik». •