GAUR8 - mila leiho zabalik

Zerrendak


Gure gurasoen etxean, egunkari, aldizkari, paper zatietan egiten zen erosketetako zerrenda lehen. Sukaldeko egurrezko atearen atzean arbel zuri bat zintzilikatu genuen gero, eta txoko bat izendatu genuen “marrazkirik egin gabe mantendu beharreko txoko”. “Erosketak” jartzen du oraindik, zuriunearen gainean. Dena den, azken aldian, erosketak egitera doanak telefono mugikorreko “oharretan” apuntatzen du erosi beharrekoen zerrenda, edo argazkia ateratzen dio arbelekoari, eta hari erreparatzen, supermerkatura joandakoan.

Umeak ginenean, supermerkatuko karrotxoen barruan eserarazten gintuzten gurasoek. Bi oinak zintzilik, ipurdirik mugitu ezinda zeharkatzen genituen korridoreak, burua ezker-eskuin. Eta apaletako zera koloretsuen deigarritasunak kasketarik piztu ez zezan, lantxo bat izaten genuen: errotulagailu fosforito batekin markatu behar izaten genituen jada karrotxora eramandako produktuak. Xanpua, garbantzuak, arroza, tomatea, jogurtak, esnea... hitzak ezabatu eta ezabatu aritzen ginen, zerrendan erosi beharrekorik geratzen ez zen arte. Orduan, gustura egiten genuen garrasi, papera airean dantzatuz, “kitto!”.

Aspaldiko zeraren nostalgiaz edo premiaz edo gogoramenez, etxeko egunkari, aldizkari, paper zatietan zerrendak egiteko joera barru-barruan sumatzen dut gaur nik. Erosi beharrekoez aparte, egin beharrekoak apuntatzen ditut astero-egunero-goizero etxean zehar topatutako paper zati baliozkoetan, errotulagailu fosforitoz edo boligrafo gastatuz. Izango da neure burua engainatzeko modu eskas bat ziurrenik, baina maite dut sentsazioa: ezabatzea eta ezabatzea hitzak zerrendatik, baretzea sabelaldeko ez-dakit-zer betetako eginbehar bakoitzeko, pentsatzea super egun produktiboa ari naizela izaten, eta, umetan supermerkatuko karrotxoen barruan nola, ezabatutakoan zerrendako azken-azken hitza, sentitzea kitto, bukatu direla lantxoak eta denbora librearen tartea dela.

Batzuetan ondo dago norberak inbentatzea norbera pixka bat pozteko norbere moduak. •