FEB. 22 2025 { DATORRENA } Berandu eta gaizki Oier IMAZ ALIAS «The desire to win one’s relationships is a symptom of psychosis» (Cull, 2019, 165) Mikel Aramendi entzun nuen irratian Errusiak eta AEBek Saudi Arabian abiatzeko zituzten negoziazioei buruz hizketan. Europari buruz esan zuen: «Berandu eta gaizki sartu zen gerrara, eta atera ere, modu berean aterako da». Egun batzuk lehenago deitua zuen Emmanuel Macronek urgentziazko goi bilkura “informala” Parisen. Iniziatiba hartzeko beharra nabarmentzen zuen. Baziren pare bat egun JD Vance AEBetako presidente ordeak Europaren baloreak aldarrikatu zituela Munichen, Europaren ekinbidearen kontra. Eta bazen astebete inguru Trumpek onartu zuela Putinekin izandako elkarrizketa eta elkarrekin biltzeko aukera. Gauza hauetan aditua izan gabe pentsa daiteke Macronen helburua Trump kontra-programatzea zela. Baina, emaitzei erreparatuz gero, ez dirudi Macronek bere helburua lortu duenik. Alderantziz, uste dut agerian utzi duela egoera berrira egokitzeko Europaren ezintasuna. Astelehenean ospatu zen Parisko goi-bilkura informala. Mahaiaren inguruan zeuden Italia, Alemania, Espainia, Polonia edo Erresuma Batuko presidenteak. Zerrenda osatzeko irizpidea, Macronen deia jaso izana. Eta emaitza gutxi. Gastu militarra igotzeko beharra aipatu zuen Ursula Von de Leyen Europar Komisioko presidenteak. Ez dirudi emergentziazko neurria. Aldiz, agerian geratu ziren mahai inguruan zeuden agintarien arteko desadostasunak. Baita mahaitik kanpo gelditu ziren agintarien kexuak ere. Tartean, hurbiltasun geografikoagatik bakarrik bada ere, Ukrainako gerran interes zuzena daukaten hainbat Europako Batasuneko kide. Asteartean bildu ziren Sergey Lavrov eta Marco Rubio Riyadhen. Aurretik ezarri zituzten hainbat oinarri. Egia da zaila egiten dela desberdintzen, Trumpen administrazioari buruz ari garenean, zer den beroaldi hutsa eta zer ez. Baina hainbat gauza esan dituzte. Ukraina 2014ko mugetara bueltatzea ez dirudi aukera “errealista” denik. NATOn sartzea guztiz baztertu dute. Elkarrizketak abiatu dituzte Ukrainari hitzik eman gabe. Elkarlan bilateralerako auto-ezarritako mugak arintzeko konpromisoa hartu dute. Eta Europako Batasunari buruz: «Why would Europe be at Ukraine talks if they want war to carry on?», galdetzen zuen Lavrovek. Xake mate Nicholas J. Cull (2019) historialariak esaten zuen, aro digitalean, diplomazia publikoa gero eta inportanteagoa dela nazioarteko harremanetan. Abiapuntua entzutea da, beste herrialdeetako herritarren iritziak sistematikoki bildu eta analizatzea. Ekinbide politikoarekin lotura gorde behar da, noski; beharrezkoa da sinesgarritasuna. Eta ezinbestekoa da ulertzea diplomazia publikoaren helburua ez dela nork bere parrokia astintzea, baizik eta bestearena. Finean, helburua berdina da, norbere posizioa indartzea bestearen etxean. Baina, propagandak ez bezala, diplomazia publikoak defendatzen du aro digitalean hori egiteko modurik eraginkorrena ez dela bestea manipulatzea, baizik eta bestearekin harremanetan jartzea, bere interesak ulertu eta interes partekatuetatik eragiten saiatzea. Ez dakit liburua irakurri duten, baina iruditzen zait kasu honetan hobeto ulertu duela lezioa Lavrovek Macronek baino. Ez Frantziak ezta Europak ere ez dio gerrari eutsiko Ukrainan, AEBen borondatearen kontra. Nola eta zertarako… Zorionez. Aldiz, bakerako bestelako agenda argirik aurkeztu gabe, Europak aste honetan bere burua aldarrikatu du bakearen kontra. Hori ez ikusteko modu bakarra da norbere buruaren balio eta distirarekin itsuturik egotea. Finean, jende arruntak, hemen zein Txinan, nahi duena gerra amaitzea baita. • Ezinbestekoa da ulertzea diplomazia publikoaren helburua ez dela nork bere parrokia astintzea, baizik eta bestearena. Abiapuntua entzutea da