MAR. 01 2025 3 BEGIRADA: Sukalde kolektiboak Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA Ula Iruretagoiena Arkitektoa Kozinatzearen ekintzak hirirako izan lezakeen balio eraldatzailea argudiatzera natorkizue. Hemen argudioa laburrean: sukaldeko lana zerbitzu publiko kontsideratzen denean, sukalde kolektiboek auzoak elikatu eta espazialki antolatu ditzakete, beste dotazio publikoek (ikastetxea, kultur etxea, osasun etxea) egiten duten moduan. Sukaldea etxearen gune neuralgikoa izatera ohituak gara, hau da, espazio pribatu, indibidual eta domestikoari lotuta. Eta etxeko sukaldeari karga sinboliko handia jarri diogu. Emantzipatzailea izan daiteke sukaldearen aktibitatea zure gain hartzea gazte eta gizonezkoa izatekotan; eta, era berean, sukaldeaz libratzea emantzipatzailea izan daiteke emakumeen zerbitzari paperari popatik emateko. “Playboy”-ren zuzendari ohiak, Hugh Hefnerrek, argi izan zuen, gizon ezkongabearen etxea sortzeko garaian, kozinatzeko erraztasuna ematea funtsezkoa zela emakume ezkonduarengandik autonomia eskuratzeko, sukalde teknologiko bat diseinatzeraino. Bigarren mundu gerrate ondorengo gizartearen berregitean, komiki itxurako sukalde-marrazkiek iruditeria bat sortzeko balioa zuten familia nuklearraren lotzaile gisa, irudiaren protagonismoa emakumeari eskainiz, bere figura subalternoa zedarritzeko bakarrik, noski. Azken mendeetan herrialde eta kultura desberdinetako sukalde domestikoek sexu desberdinkeria indartzeko balioa izan dutela esatea ez dirudi oso arriskatua denik. Hiri edo herri bat goitik begiratu eta sukaldeen detektagailu batekin mapa bat osatuko bagenu, sukalde kopurua handia topatuko genuke, ia denak espazio pribatuetan, etxeetan eta taberna/jatetxeetako ate atzekoetan. Sukaldearen eta kozinatzearen balio kolektiboa arakatzeko, sukaldea testuinguru domestikotik eta monetarizazio nahietatik atera beharko dugu. Eta sukalde kolektibo bat irudikatzeko, euskal lurraldetik urrutiratu beharko gara. «Cocina popular» Latinoamerikako hainbat lurraldetan zabaldurik den sukalde mota bat da; herri bazkariak antolatzen dituzte eguneroko janaria biztanleriari emateko ekonomikoa den diru kantitate baten truk. Asiako kulturan “street food” eredua hedatuta dago, eta kaleetako sukalde domestikoek biztanleria elikatzen dute eskuragarriak diren prezioekin, baina ez nahastu “fast food”-arekin, kalitatezko sukaldaritza eskaintzen baita enpresa domestikoen formatuan. Kaleko sukalde-jatetxe garaikideak “janari zentroetan” biltzen dituzte, eta zentro hauen inguruan etxebizitza sozialak egokitzen dira askotan. Japonian ezagunak egiten ari dira “haurrentzako sukaldeak”, etxe-eraikin kolektiboen behe oinetan kokaturik, edadetuek kozinatu egiten dute haurrekin batera, zaintza eta elikatze funtzioak elkartuz eta auzoarentzako espazio lotzaile boteretsua sortuz. Kasu desberdin guztietan, ederra egiten zait hirigintzaren oinarrian elikadura prezio egoki batean eskuratu eta janari prestatua eta osasuntsua lortzeko funtzioa egotea, zerbitzu publiko bezala ulertzea (hau da, ongi elikatzea bermatu beharreko eskubide izatea). Eta horretarako, sukalde kolektiboak diseinatzea. •