GAUR8 - mila leiho zabalik
2 BEGIRADA:

Kafea hartzen

Bizitza polarizatuak dituztenak parean jartzen dira maiz. (GETTY IMAGES)

Bi emakume kafe bat hartzen ari dira. Argitaratu berri den Ingalaterrako eskola hoberenen zerrendari buruz ari dira. Oraindik ere aspaldiko moduetan uztartutako sistemak dirau Ingalaterran. Oxford eta Cambridge unibertsitateetara joateko bideak diseinatuta daude: lehenengo eta bigarren hezkuntza eskola jakin batzuetan egiten dituenak (zerrenda horretan daudenak), probabilitate handiagoa dauka bi unibertsitate horietara iristeko. Hainbat hamarkadetan zehar eraikitako prestigioa mantentzea da eskola askoren helburua, pribilegiatuentzat egindako programekin, eta elitismoa ezkutatu nahian dabiltza mozorro antzuekin. Hainbat enpresatan zein unibertsitatetik zatozen galdetzen dizute, aniztasunari buruzko diskurtso modernoak inertzia zaharrei irabazi ezin diotenean. Hori da errealitatea, gustatu ala ez.

Kafea hartzen ari diren bi emakumeak Oxforden lizentziatu ziren, zuzenbide ikasketak egin zituzten. Biak, zerrenda horretako eskoletara joan ziren haurrak zirenean.

Emakumeetako bat abokatua da, Londresko enpresa entzutetsu bateko presidentea, zuzendaritza batzordeko emakume bakarra, feminista sutsua: A estereotipoa.

Oreka inperfektuarekin bizi da A estereotipoa, mila platertxo makiletan bueltaka, bere bi alabei posible dela erakutsi nahi die, dena delakoa, haiek aukeratzen duten hori posible dela. Independentzia ekonomikoa izan nahi du, gustuko duen horretan lana eginez.

Beste emakumea ere abokatua da; haurrak izan zituenetik, lana utzita dago, senarrak finantzetan egin du ibilbidea eta soldata batekin luxuzko bizitza bat izateko adina diru irabazten du: B estereotipoa. Bere kabuz utzi zuen abokatu lana; amatasuna eta ibilbide profesionala ezingo zituela kontziliatu pentsatzen zuen, haurrek bere beharra zutela. Haurren bizitza perfektuak definitzen eta eraikitzen ematen du denbora asko, denetan hoberenak izan daitezen. Ez dauka aparteko nahi izanik. Bizitza oso ona daukala aldarrikatzen du.

A estereotipoa eta B estereotipoaren artean azaleratu ezin daitekeen gudu psikologiko bat dago. Laguntasuna hautsiko lukeen tabu lurralde bat.

A estereotipoak B estereotipoari buruz duen iritzia (isilean gordeta): zer-nolako erreferentzia zara zure alabentzat, nola eskatu behar diezu haien pasioak jarraitzeko, zuk zureak jarraitu ez dituzunean? Zure alaben hezkuntza ibilbide ezin hobeak diseinatzen ematen dituzu hilabeteak, hori al da denboraren erabilera hoberena? Zein sinesgarritasun du zure irizpideak genero berdintasunean eta emakumeen eskubideetan?

B estereotipoak A estereotipori buruz duen iritzia (isilean gordeta): nola utzi ditzakezu zure alabak zaintzaileen eskuetan? Ezinezkoa da eskolako eginbehar guztiak ongi antolatzea egunero hamar ordu etxetik kanpo bazaude. Ez al dizu lotsarik ematen urte amaierako antzerki saiora joan ez izanak? Daramakizun bizitza horrekin, presente al zaude alaben aurrean?

Bizitza polarizatuak. •