FEB. 28 2026 3 BEGIRADA: Termodinamika Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA Ula Iruretagoiena Busturia Arkitektoa Arkitekturaren kultureta hizkuntzan, azken «hit» adiera «termodinamika» da. Hitzaren ekarpen berria arkitekturari eskatzen zaion eraikinen energia kontsumoaren eta kostu energetikoaren gutxitze beharretik eratortzen da. Esaten da eraikin baten bizi zikloan kontsumitzen den energia totalaren heren bat eraikuntzaren obra-lanetan (izan berria edo zaharberritzea) xahutzen dela eta gainontzeko bi herenak eraikinaren erabileran eta mantentzean zehar (50 eta 75 urte bitarteko adina aurreikusten zaie eraikinei). Datuon esanahia serio hartuz gero, eraikuntzak, eta beraz arkitekturak, bere eginkizunen artean lehenetsi beharko luke energiaren trukaketarako soluzio eraginkor bat. Termodinamikak eraikina energia trukatzaile bezala ulertu nahi du, mugitzen ez den organismo bizi baten antzera. Batzuetan landare batekin konparaketa erabiltzen da eraikinaren funtzionamendua adierazgarri egiteko. Eraikinak bere bizimodua aurrera eramateko ezinbestean eguzkiarekin eta haizearekin erlazionatu behar du, ingurugiroaren aldaeretara egokitzeko lanak egin beharko ditu. Formak eta egituraren diseinua lagun, eraikinaren atal desberdinek aukera izango dute egoera bakoitzera egokitzeko, performatibitatea ahalik eta eraginkorrena izan dadin. Bide horrek arkitekturaren printzipioak zehazten ditu: forma, materia eta bentilazioaren kudeaketa. Eta ezin da esan printzipio berriak direnik, baizik eta energia komertziala merkea eta oparoa izan den garaian, arkitektura pentsatu eta egiteko unean beste helburu batzuk probatu direla eta energiaren kudeaketa bigarren mailako lana izan dela. Baina deskarbonizazioren bideak ez du ihesbiderik eta ekonomia-sektore guztiek iraultza handi eta txikiak egin beharko dituzte etorkizun gertuan. Termodinamikak eraikineko espazioak eta urtaro aldaketak harremanean jartzen ditu, eta, hala, ingurugiroaren baldintzen araberako diseinu-estrategiak eskatzen ditu. Termodinamikak giro aldakorrak eta tenperatura eta hezetasun egoerara egokitzen diren espazioak berreskuratu ditu arkitekturarako: galeriak, negutegiak, aireztapen gurutzatua baimentzen duten leihateak, tximinia patioak. Tramankulu arkitektoniko horietan, inertziarekin eta masako materialekin batera, bero eta haize mugimenduek ere elkarlanean jarduten dute. Harrigarria dirudien arren, Estatu espainiarrean eraikinen eraikuntzan bete beharreko arautegi ofizialak, ez du eraikinaren performatibitatea kontuan hartzen energiaren aurrezpena bultzatzeko orduan, eta espazioen giroarekin eta atmosfera sistema egokituekin egitea bultzatzen du (teknologiaren eta energia berriztagarrien dependentzia dutenak). Azken batean, termodinamika oinarritzat duten sistema pasiboekin alderatuta, sistema aktibo horien eragina errazagoa jasotzen da datu eta frogen bidez. Sistema pasiboek, gainera, ez dute industria sektorerik mugitzen, haizearen eta eguzkiaren baliabideetan oinarritzen direlako. Edozein kasutan, baldintza energetikoek emango diete forma eta estetika etorriko diren eraikuntzei. •