NOV. 14 2026 Kartzela Ez dakizu zer bihurtuko den zer: kartzelak etxe, edo etxeak kartzela. (Andoni CANELLADA | FOKU) Beñat Gaztelumendi Bertsolaria Burua makurtu izan duzu beti hemendik pasatzen zarenean. Eskua sabelaren kontra jarri, korapiloak askatzen saiatu. Baina lokarriak barruan daude, oso sakonean, ikarak eta tabuak ezkutatzen ditugun ziega beltzean. Kartzela. Hitza mailu bat bezala erortzen zaizu, oihartzun egiten du zure barrunbeetan. Zuk ez duzu kartzela ezagutzen. Presoak ezagutzen dituzu, preso ohiak ere bai, eta kartzelatik irten arren preso jarraitzen duten batzuk ere bai. Irakurri dituzu Sarriren poemak, badakizu preso egon denaren gogoa kartzelara itzultzen dela. Filmetako eszenak ikusi dituzu; egunen marrak hormetan, funtzionarioen jipoi eta keinu harroak, patioko begiradak. Zuk ez duzu kartzelarik ezagutzen ordea. Senideak ezagutzen dituzu, motxilak, lagunak, gidariak. Baina zuretzat kontzeptu bat da kartzela, ukitu ez duzun zerbait, irudikatu ere egin ezin duzuna. Askatasunaren absentzia. Ziega umel eta ilunak. Barroteak. Patioa. Zure kartzela abstraktu horretan, gainera, preso batzuk falta dira. Ez zara denekin akordatzen. Batzuk bazterrean uzten dituzu, nahi gabe. Sozialak deitu arren jendartetik bereiziak dauden horiek. Karteletan agertzen ez direnak, izenik eta aurpegirik gabeak. Alfonbrapean gorde ditugunak. Arautik kanpokoak. Kartzela deitzen diozun leku abstraktu horretan sartu dituzten izaki abstraktuak. Kartzela lelo borobilekin lotzen zenuen. Horma itxiekin. Eta, bat-batean, hemen paretik pasatzen ari zinela oihal bat ikusiko zenuen leihoren bateko barroteen artean, itzalen bat, oihuren bat, norbait kantuan. Hemen jendea bizi da, “bizi”, aditzari lotutako beste aditz-sorta guztiekin: sentitu, jan, lo egin, maitatu, gorrotatu, amestu. Bizitzako auskalo zenbat hilabete, urte, hamarkada ikusi nahi ez duzun leku horretan, zuretzat parentesi bat, ez-leku bat baino ez den horretan. Berriz ere korapilo bat sentitu duzu sabelean. Tabernetako elkarrizketen oihartzuna sumatu duzu belarrian azkura eginaz. Lapurrak kartzelara, delitu bera behin eta berriz egin dutenak kartzelara; zigorrak gogortu, barruan ustel daitezela. Beste mundu bat irudikatu nahiko zenuke. Baina harro dator ibaia. Orain ez dago inor horma hauen beste aldean. Zubietara eraman omen zituzten. Kartzela berri bat eraiki zuten han. Etxeak egingo omen dituzte hemen, Martuteneko kartzela zegoen lekuan. 400 etxebizitza babestu. Ekipamendu publikoak eta berdeguneak. Arkitektoen maketak imajinatu dituzu. Gurasoak haurra karroan daramatela, zakurrak zelaian, agureak bankuetan, gazteak tabernako terrazan. Kartzela batean sartzen ez den hori dena. Bien bitartean, etxegabetzeak izan dira Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Eta ez dakizu zer bihurtuko den zer: kartzelak etxe, edo etxeak kartzela.