GAUR8 - mila leiho zabalik

Bigarren Mundu Gerrako beteranoak


Aurten Bigarren Mundu Gerraren amaieraren 70. urteurrena ospatzen da. Errusian eta beste zenbait estatutan maiatzaren 9an ospatzen da. Europa Mendebaldeko estatuetan, aldiz, maiatzaren 8an. Kondairak dio Stalinek ez zuela ezer ospatu nahi nazien ordezkariek baldintzarik gabeko errendizioa sinatu arte. Maiatzaren 9an sinatu zuten eta horrela finkatu zen ospakizunaren data.

Ospakizun egun hori polita izaten da Errusia osoan. Moskun goizeko desfileak ikusi eta gero, jendea eta gerrako beteranoak, gizonak zein emakumeak, hiriaren parke ezberdinetan elkartzen dira. Batzuk garaiko uniforme eta medaila guztiekin apaintzen dira; beste batzuek gogoko dituzten dominak soilik janzten dituzte; batzuk familiako norbaitekin lagunduta hurbiltzen dira ospakizunetara, beste batzuk bakarrik; denentzat egun handia da. Parkeetan beteranoek gerrako kamaradak agurtzen dituzte, hildako lagunak oroitzen dituzte, gudan bizitako pasadizoak gogoratzen dituzte. Kontu kontari pasatzen dute festa eta oroimen eguna hurbiltzen diren pertsona guztiekin, vodka zurrut batzuekin lagunduta. Herriarena den garaipena ospatzen dute. Festa egun handia eta polita.

Denbora aurrera joan ahala, gero eta gutxiago dira gelditzen diren Bigarren Mundu Gerraren zuzeneko lekukoak. Era berean, gero eta handiagoak dira handik eta hemendik egiten diren saiakerak gertakari haiek desitxuratzeko. Aste honetan Errusiako atzerri ministro Sergei V. Lavrov berak esan du Nurenbergeko Prozesuak ezarritako nazien aurkako txertoa ahultzen ari dela. Historia faltsutzeko egiten ari diren saiakeren aurrean bere kezka agertu du. Horien artean aipatzen ditu bai biktimak eta borreroak berdintzeko ematen ari diren urratsak bai nazismoaren eta bere babesleen inguruan zabaltzen ari diren goraipamenak. Bere iritziz, horrelako jarduerek herrien arteko fobiak indartzea bilatzen dute, abantaila geopolitikoak lortzeko eta munduaren gaineko domeinua sendotzeko. Neurri handi batean, Lavrovek arrazoia du puntu horretan.

Jarraian aipatu du Bigarren Mundu Gerraren irakaspenak Nazio Batuen Erakundearen estatutuetan zehaztu zirela eta horiek aginduak direla estatu guztientzat. Puntu horretan Lavrovek nahasten du desiragarria dena eta egun dugun nazioarteko errealitatea. Nazio Batuak borroka eremu izan dira beti. Sobietar Batasunaren desagerpenera arte, zenbait printzipio errespetatu baziren ere, orduz geroztik, ezta printzipio horiek ere ez dira kontuan hartu. Gaur egun nazioarteko harremanetan agintzen duen printzipioa indartsuenaren legea da. Inork ez ditu Nazio Batuetan gaiak planteatzen; orain zuzenean potentzia bakoitzak bere aliatuekin erabakitzen du zer urrats eman eta horiek praktikan jartzen ditu nazioarteko komunitatearen babesik jaso gabe.

Nazio Batuen Erakundea ez da inoiz oso erakunde eraginkorra izan, baina gaur egun ez du inolako eraginkortasunik nazioarteko harreman zibilizatuak sustatzeko. Estatuek ez dute kontuan hartzen eta bere aliatuekin bakarrik eztabaidatzen dituzte eman beharreko urratsak. Hori errazagoa eta askoz arinagoa da. Horrela, mundu osoan gatazkak biderkatu egin dira azken urte hauetan, herrien burujabetza errespetatzen ez delako. Gatazka horien ondorioak ere nonahi ikusten ditugu: errefuxiatuak direla, krisi ekonomikoa dela, gosea dela, migrazioa dela, pobrezia dela, giza eskubideen urraketak direla... Arazo horiek Europa egun bihurtu den gotorlekuaren harresiaren aurrean bertan kontzentratzen ari dira eta hain handia da bultzada harresiak botako dituztela.

Gerra hotsak ere Europaren atarian entzuten ari dira, batzuetan ozenago, beste batzuetan suabeago, baina hor daude. Alferrikakoa da tematzea harresiak sendotzen; nazioarteko harremanak gidatzeko beste printzipio batzuk dira indartu beharrekoak. Ziurrenik, larunbatean Moskuko parkeetan barna paseatuko diren gerra beteranoek atsekabez begiratuko diote etorkizunari. •