18 SEPT. 2025 - 13:01h Alkohola, tabakoa, jokoa eta hipnosedanteak, adineko pertsonek dituzten mendekotasun nagusiak Nafarroako hiru erakunderen artean garatutako MAGNA proiektuak adineko pertsonak jasaten dituzten adikzioen inguruan datuak jaso eta ikertu ditu. Emaitzek arazoaren garrantzian fokoa jartzen dute, emakumezkoen artean ematen den estigmatizazio bikoitza azpimarratuz. MAGNA proiektuaren arduradunek adinekoek dauzkaten mendekotasunak aztertu dituzte. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) Ilargi Avila Nafarroako adineko biztanleriak sufritzen duen drogadikzioaren inguruan existitzen den informazio faltarekin bukatzeko, hiru erakundek (ANTOX, Lares Navarra eta Nafarroako Unibertsitatea) MAGNA proiektua garatu egin dute. Kolaborazio honen emaitza azterlan aitzindari baten sorkuntza izan da, gaixotasun honi ikusgarritasuna eman nahi diona biztanleria sentsibilizatzeko. Proiektuaren ondorioak azaltzeko aurkezpenean Elisa Arbizuk, MAGNA proiektuko koordinatzailea, Blanca Martinezek, ANTOX-eko psikologa, Beatriz Lacabek, Lares Navarrako idazkari teknikoa, Elena Gutierrezek eta Idoia Pardavila, UNAVeko irakasleek parte hartu dute. Bertan azterlanaren garapen prozesua azaldu egin dute, datu esanguratsuenak aipatuz, arrisku faktoreak zerrendatuz eta adikzioari aurre egin behar dioten adineko emakumeak jasan behar duten estigmatizazio bikoitza azpimarratuz. Blanca Martinezek «adikzioei bizitzako garai ezberdinetan garrantzia eman behar zaiela» esan du, izan ere, drogadikzioa gaztediarekin maiz lotzen den arren, edonork sufritu dezake substantzia batekiko mendekotasuna, bizitzako edozein momentutan. «Ikerketa honekin lehenengo pauso bat eman dugu, baina gai honen inguruan aztertzen jarraitu beharra dago», ziurtatu du psikologak. Azterlanaren emaitzak Ikerketan 82,5 urte batazbeste zituzten 129 pertsona parte hartu dute, lehenengo pertsonan izandako bizipenak jasotzeko. Horrez gain, 34 profesional sozio-sanitarioak parte hartu dute. Horrela, bi kuspegi ezberdin kontuan hartzeko aukera eduki izan dute ikerlariek. Adineko pertsonak dituzten mendekotasunen artean gehien errepikatu direnak alkohola, tabakoa, ausazko jokoak eta hipnosedanteak agertzen dira. Hipnosedanteei buruz berezitasuna badago, izan ere, emakumeek gizonek baino bi aldiz farmako gehiago kontsumitzen dituzte, bereziki lasaigarriak eta somniferoak. Datuen arabera, azkeneko 12 hilabetetan ikerketan parte hartu duten adineko pertsonen %55,1 antsiolitikoak eta antidepresiboak hartu dituzte, %52k alkohola edan zuen, %45 diruarekin ausazko jokoetan aritu zen eta %9,9k substantzia ilegalak kontsumitu ditu. Arrisku faktoreak Mendekotasuna garatzearen atzean zenbait arrazoi ezberdin egon daitezke. Adineko pertsonak gizartean isildutako arazo gisa deskribatzen dituzte mendekotasunak, faktore emozionalekin estuki lotuta dagoena, hala nola bakardadearekin, hutsaren sentimenduarekin eta babes afektiboa ez izatearekin. Aldiz, profesionalen gehiengoak (%44,1) garrantzi handiagoa eman zion bizitako gertakari garrantzitsu edo estresgarriei. Horrela azaldu dute aurkezpenean egon diren proiektuaren arduradunak, alarguntza, habi hutsa eta erretiroa adikzioak garatzeko gertakizun gakoak izan daitezkela ziurtatuz. Emakumeen estigma bikoitza «Gizartean gizonen kontsumoa onartuta dago, baina emakumeek estigmatizazioa eta zigorra jasotzen dute», azpimarratu du Martinezek. ANTOXeko psikologoak emakumeek mendekotasunak izatearen ondorioz estigmatizazio bikoitza jasan behar dutela azaldu du, gizarteak ulertzen eta onartzen ez dituen ondoriak eragiten dituzte eta. Adineko emakumeak askotan analgesiko opioideak hartzen dituztela aipatu du, bizitzan zehar izandako lan prekarioak eragindako minei aurre egiteko.