INFO

«Sasieskola», gazteentzako trilogia baten hasiera

Datorren urterako «Lekuko» trilogiaren zati guztiak esku artean izango ditugu. Ordura arte, horren lehen alea, «Sasieskola», eman du Garbiñe Ubedak. Larraitz 16 urteko neska gaztea du protagonista, zeinari hilketa baten lekuko izan ostean bizitza errotik aldatuko zaion.


“Sasieskola” (Elkar) da Garbiñe Ubedak aurkeztu duen azken liburua, gazteei zuzendutako trilogia baten lehen zatia. Sailaren izena “Lekuko” da, eta lehenengo zatian gertatzen denari egiten dio erreferentzia izenburuak.

Protagonista 16 urteko neska bat da, Larraitz, eta institutura joan beharrean, egun batean piper egingo du. «Erdi maiteminduta dabil bera baino zaharxeagoa den mutil batekin, eta hura langilea da. Eguna erdi jai zuela aprobetxatuz, mutilak neskarekin hitzordua egingo du eta elkarrekin mendi aldera joango dira bueltaxka bat egitera. Mendian hilketa baten lekuko dira, eta gertaera horrek hankaz gora jarriko dio bizitza osoa neskari», kontatu digu idazleak bere lanari buruz.

Bere bizitza hankaz gora jartzearekin batera, maitasun hori ere astinduko du, traizioa sentituko duelako. Idazlearen hitzetan, «bere bizitzari errepaso bat egingo dio». «Bizitzan etapak daude: haurtzaroa, nerabezaroa, gaztaroa... adinaren arabera sailkatzen dute bakoitza, baina nik esango nuke adinak baino gertaerek markatzen dituztela etapak. Trantsizioak askotan gertatzen dira bizitzan zerbait potoloa gertatzen zaizulako, eta horrek hurrengo etapara eramaten zaitu», adierazi du Ubedak.

1984. urtera egin du atzera “Sasieskola” lanean protagonistak ikusten duen hilketa azaltzeko, hilketa politiko bat baita. «Poliziak gazte batzuk hiltzen ditu. Ez da nobela poliziako bat. Hilketak garai batean jartzen gaitu eta gaur egun ukatzen den paisaia batean kokatzen gaitu. Ematen du hemen ez dela ezer gertatu gaurko ikuspegitik, eta presoen arazoa izango ez balitz segur aski erdi ahaztuta legoke», azpimarratu du.

«Zentsura dago eta hainbat gauza ezin dira esan, baina uste dut liburu honek ematen duela aitzakia etxe barruan edo lagunartean galdera batzuk pausatzeko eta garai bateko kontuez hitz egiteko. Gazteek heredatuko dituzte gure gauza onak, baina akatsak ere bai, guri gertatu zitzaigun bezala; gazte ginela krisi handi baten erdian geunden, herentziaz tokatu zitzaiguna, orain bezala. Orduan abiatu zen, adibidez, ekologismoa. Badirudi egungo kontua dela, baina gazte ginela jo eta su ikusten ziren ekologistak», aipatu du.

Antzeko arazoak

Gaurko gazteek garai batekoek zituzten arazoen antzekoak dituztela uste du Ubedak, beraz. Batetik krisialdia eta bestetik gazteekiko begirune falta azpimarratu ditu. Nobelak arazo unibertsalak jorratzen ditu, eta idazleak zinezkotasuna eskaini nahi izan die irakurleei; gazteentzat idazten ari zenez, gazte baten ikuspegitik idatzi behar zuen eta horrek bere gazte garaietara bueltatzea eskatu zion.

«Desberdintasun nagusia teknologia arlokoa da. Gu ez geunden hain lokalizagarri, ez genuelako horretarako gailurik, eta harremanak desberdinak izan zitezkeela eman dezake, baina azken batean berdintsuak ziren. Baditut alaba nerabeak, eta haiek guk genituen arazo berberak dituzte. Nobela honek aportatu dezakeena da beste garai batera eramatea, eta agian, gazteek euren gurasoak hobeto ulertu ahal izango dituzte horrela», esan du Ubedak.