INFO

La Sirena aterpetxea irekiko dute igande honetan, turista talde batek egonaldia amaitu ostean

Donostian kalean lo egiten duten pertsonak neguan jasotzen dituen La Sirena aterpetxea itxita egon da hiru gauez, ostegunetik larunbatera. Orain jakin da turista talde frantses batek aurretik eginda zuen erreserba bat izan dela arrazoia. Igande honetan berriro irekiko ditu ateak.

Donostian 245 pertsona zenbatu dituzte kalean lo egiten; askoz gehiago dira baina. (Gorka RUBIO | FOKU)

Urtarrilaren 18tik 25ra bitartean, zortzi gauez, Donostiako La Sirena aterpetxeak ateak irekita izan zituen kale gorrian lo egiten duten pertsonei babes bat emateko. Irekitzeko edo ixteko Udalak dituen irizpideak Euskalmet-ek egiten dituen iragarpenetan oinarritzen dira. Muturreko hotza datorrela jakiten denean aktibatzen da zerbitzua edo kostaldean izozteko arriskua dagoenean. Graduak zehatz mehatz zenbakiekin finkatzeko faltan, zer da muturreko hotza?

Zortzi gauez irekita egon ostean, ostegunean, hilaren 26an, eten egin zen zerbitzua. Hiru gau igaro dira eta igande honetan irekiko da berriro, NAIZek jakin duenez. Bapateko itxieraren zergatia galdegin zuten Herritarren Harrera Sarea eta Sos Arrazakeria bezelako elkarteek iragan ostiralean Donostian egindako elkarretaratzean. Erantzuna, ordea, hedabideen bitartez ailegatu da asteburuan zehar, ia modu ezustekoan.

Garikoitz Agote Gizarte Ekintzako zuzendariak ‘Cadena Ser’ irratian atzo emandako elkarrizketa batean onartu zuen asteburuari begira «aurretik» egina zegoen erreserba bat zegoela aterpetxean, eta hura «errespetatu» dela. «Salbuespenezko egoera hau alde batera utzita, kalean lo egiten duten pertsonentzat gordetzen da esklusiboki», erantsi zuen.

Adierazpenak hautsak arrotu ditu, eta Sos Arrazakeriak idatzi bat plazaratu du. «Ez irekitzeko arrazoietako bat turista talde frantses batek eginda zuen erreserba izatea eskandalu bat da. Hitz gutxitan, lehentasuna ematen zaio erreserba turistiko bati behar larri baten aurrean».

Garazi Montuschi Herritarren Harrera Sarea-ko kidea da. Ezin ulertu dabil. Turistek egonaldia amaituta, igande honetan Udaletxeak zerbitzua berriro irekiko duela baieztatu dio NAIZ-i. «Ez dugu ulertzen zergatik hartzen diren erabaki hauek, aurreko urtetik salatzen ari gara Donostiako Udalaren neguko protokoloaren irekierarako irizpideak oso erlatiboak direla», kexatzen da.

Sos Arrazakeria: «Aterpetxea ez irekitzeko arrazoietako bat turista talde frantses batek aurretik eginda zuen erreserba izatea eskandalu bat da»

«Alde batetik, Euskalmet-ek ‘izozte arriskuak’ aurreikusten dituenean irekitzen dela diote, baina bestetik Udaletxeko atarian jartzen du ‘tenperatura minimoak’ daudenean. Ordea, batzuetan, 4 gradurekin edo 2 gradurekin ez da ireki. Ez dakigu zer diren tenperatura minimoak».

Ohartarazi nahi du, gainera, hotza ez dela arazo bakarra. Urtarrilaren 18an La Sirena zortzi gauez irekita mantendu aurretik, Donostian izan genituen euriteak eta haize bolada bortitzak gogoratu nahi izan ditu. «Egon al dira oso baldintza gogorrak eta muturrekoak, eta aterpetxea itxita mantendu dute».

Bi lagun, kale gorrian gaua pasatzen. (Gorka RUBIO I FOKU)

Herritarren Harrera Sarea-k eskaera oso zehatza helarazi nahi du: «Irizpideak ez ditugu ulertzen. Negu osoan irekita egotea eta baldintzak zehatzagoak eta argiagoak izatea behar dugu». Eraginkortasuna hortik etorriko da.

Badaude irtenbideak

Garikoitz Agotek zerbitzu hau behar duten pertsonen eta turisten artean ustez egon daitezkeen elkarbizitzarako arriskuak aipatu zituen, baina SOS Arrazakeriak honek irtenbidea baduela uste du. «Turista horiek, 30 inguru, beste baliabide batzuetan izan daitezke birkokatuak». Eta, zentzu honetan, UBA aterpetxea proposatzen du elkarteak. Gainera, publikoa dela gogorarazi du.

Honen inguruan, zera dio Montuschik. «Neguan esklusiboki pertsona hauentzat gorde beharko litzateke La Sirena egoitza, izan ere Udalak beste zerbitzu batzuk baditu, beste baliabide batzuk. Ez baleude, Udalak ordaindu dezake ostatu pribatu bat halako egoera larri batean».

Helburu nagusiak behar luke izan neguan inork ez dezala gaua kalean eman, eta beti irekita behar luke La Sirenak. Irizpide zehatzagoak behar dira ireki edo ixteko

Gure inguruan adibide positiboak egon badaudela zehaztu du. «Adibidez, Errenteriako Udalak aktibatu behar duenean neguko protokoloa eta aterpetxeko plazak bete egiten direnean, ostatu batera bideratzen ditu pertsona hauek. Beraz, ez litzateke lehenengo aldia izango Donostian egingo balitz. Badaude irtenbideak bai pertsona hauentzat bai erreserba egina dutenentzat. Baina lehenestea erreserba bat pertsona hauen gainetik, ikaragarria iruditzen zaigu», esan du.

Helburu nagusia eta bakarra, Montuschiren iritziz, «neguko gauetan inor kalean ez uztea beharko luke». Bere iritziz, elkarbizitzaren arazoa «aitzakia da». «Elkarbizitza arazoak edozein aterpetxeetan daude, betidanik, eta neurriak daude horretarako. Azken egun hauetan 100 pertsonatik gora egon dira La Sirenan, korridoreetan ere lo egiten. Elkarbizitza arazoak ere egon dira, baina ez dira sekulako arazoak, ezta larriak ere argudiatzeko moduan aterpetxea itxi beharra dagoela». Frikzioak bai izaten direla dio.

Gaur irekita. Eta bihar?

«Igande honetan irekita egongo da, baina noiz arte?», galdegin diogu Garazi Montuschiri. «Ez dakigu gau bateko kontua izango den edo ez. Guk egunero posta elektroniko bat jasotzen dugu, egunean bertan zer egingo duten jakinarazteko. Arazoa gero dator. Nola pasa abixua behar dutenei?».

Aipatu elkarrizketan Agotek onartu zuen erabakiak 36 orduko aurrerapenarekin hartzen direla Gizarte Zerbitzuetatik. «Zergatik orduan komunikatzen zaigu egunean bertan egingo dutenaz? Prebisioa izan badute. Zergatik ez zaie pertsona hauei eta gizarte eragileei garaiz jakinarazten?». Dagoeneko jartzen ari dira harremanetan pixkanaka La Sirena zerbitzua behar duen jendearekin eta ahoz ahoz zabaltzea espero dute. «Pertsona hauek jakiten badute irekiko dela, ekimen herritarrei esker da. Ez erakundeek egiten duten ahaleginagatik», kritikatzen du.

Pertsona hauek txoko bat dute non urtean zehar lo egiten duten, eta mugitzen badira galdu egiten dute. Leku hori uzteko arrazoi bat behar dute, sendoa

Montuschik arazoa «sakonagoa» dela dio, ez dela gauza sinplea une batetik bestera aterpetxera hurbiltzea. «Pertsona hauei esan behar zaie ‘egun hauetan eta hauetan irekita egongo da. Beste hauetan, ez’. Plangintza bat egin behar dute haiek ere, zeren arazoa dirudiena baino askoz konplexuagoa da. Pertsona hauek txoko bat dute non urtean zehar lo egiten duten, eta mugitzen badira txoko hori galdu egiten dute, gauzak lapurtzen dizkiete, gauzak busti egiten zaizkie… pertsona hauek beren lekua uzteko arrazoi bat izan behar dute. Orain zortzi gau pasa dituzte segidan eta atsedena izan da, baina berriro kalera atera eta leku bat bilatu behar izan dute, orain berriro buelta aterpetxera, gero berriro itxiko da… etengabeko kaleratze batean daude, eta etengabe ‘soluzio’ bat bilatu behar dute». 

Iaz dagoeneko eskatu zioten Udalari hurrengo urteko (alegia, aurtengo) irizpideak eta baldintzak aldatu behar zirela. «Urtebeteko epea zegoen, eta puntu berean segitzen dugu. Udalak mantendu ditu baldintzak. Aldatu duen bakarra da hogei plaza gehitu dituela aterpetxean».

Iragan urrian egindako zenbaketaren arabera, 245 pertsonek egiten dute lo kalean Donostian. Ordea, zifra erreala handiago dela dio, ezin baitira leku guztietara iritsi. Denak detektatzea oso zaila da. Udalarenak diren zerbitzuak bi dira: Abegi, 54 plaza dituena, eta Gaueko, 22 oherekin. Honi, La Sirena eransten zaio modu puntualetan. Hemen, 100 pertsona kabitzen dira. Lehen bi egoitzetan, ordea, itxarote zerrenda dago eta, beraz, jende gehiago da kalean dagoena babestuta dagoena baino. «Ez da nahikoa dagoenarekin», uste du Harrera Sarea-k.

Donostiako Udalari eskua luzatu nahi diote, irizpideak zehaztu eta negu osoan zehar La Sirena aterpetxea irekita mantendu dezan eskatzeko. «Ez dugu etsiko. Haien bizimodua hobetu nahi dugu», amaitzen du.