INFO
Entrevue
Iker Goñi Antuñano
Euskal Futbol Federazioko presidentea

«Euskal Selekzioaren biziberritzean gizarte osoa inplikatu nahi dugu, Eusko Jaurlaritza barne»

Gehiengo zabalarekin nagusitu zen Iker Goñiren (Getxo, 1983) hautagaitza Euskadiko Futbol Federazioko presidentetzarako hauteskundeetan, botoen erdiak baino gehiago jasota. Lehen astea igarota eta asteazkenean kargua hartuta, kluben kezkez eta Federazioaren erronkez aritu da getxoztarra NAIZekin.

Iker Goñi, Euskal Futbol Federazioko presidentea. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Atezain izandakoa Getxo, Romo eta Leioa taldeetan; Athleticeko zuzendaritzako kidea Aitor Elizegiren presidentetza aldian; Repsoleko aholku batzordeko kidea; EuskarAbentura Espedizioaren kofundatzailea... «Futbola, kudeaketa eta aberriari ekarpena» egiteko eremua du gustuko, baina onartzen du lehendabiziko egunak zalapartatsuak izan direla eta, beraz, lur hartzen ari dela. Euskadiko Futbol Federazioko presidente berria da Iker Goñi, Euskal Futbola Mundura hautagaitzak botoen %52 jaso (42 kluben babesa) eta gehiengo zabalarekin beste biak gaindituta (Aritz Hernandez eta Carlos Gomez Vicandi).

«Aldaketa bultzatzeko» aurkeztu zuen hautagaitza eta, beraz, federazioetan sarri errotuta egoten den kontinuismoa, nolabait, apurtu egin da; hein handi batean, 2023ko kirol lege berriaren irizpideei esker. Eratu duen talde zabal zein plurala gakoa izan dela uste du getxoztarrak, bai eta prozesuan zehar erakutsitako gertutasuna ere. Hain zuzen, elkarlanarekin eta Euskal Selekzioaren ofizialtasunarekin batera, «gertuko Federazio bat» izatea du erronka, klubek hurbiltasuna eskatu baitiote.

Urte osoko lanaren emaitza dela esan izan duzu. Klub guztiekin bildu zarete. Gertutasun horrek lagundu du emaitzetan?

Bai, jakina. Ez dago beste modurik. Guk hainbeste lan egin ostean eta proiektu hau garatu ostean, gure buruari esaten genion klubetara joan behar ginela eta landu dugun proiektu hau aurrez aurre azaltzea ezinbestekoa zela. Salbuespenak egon dira; beste hautagaitzetan sartu diren klubekin ez gara egon, elkartzeak zentzurik ez zuelako.

Lehen egun hauek estres handikoak izan dira. Zerk bultzatu zaitu edo zaituzte hautagaitza aurkeztu eta Federazioan aldaketa bultzatzera?

Euskal Futbol Federazioa daukan potentzialtasunetik urrun dagoela uste dugulako. Gure aletxoa jartzeko gogoa daukagu.

Eta zein izan daiteke potentzial hori? Zein da erronka handiena?

Erronka handienak gure hiru ardatzetan daude –gertutasuna, elkarlana eta ofizialtasuna–, hiru esparru horietan badagoelako zer hobetu.

Kirol legea aldatu zen duela bi urte eta hauteskunde prozesuan irizpide batzuk aldatu zituen. Horrek eraginik izan  du urteetako kontinuismo hori apurtzeko?

Zalantzarik gabe. Lege berri honek hainbat neurri ekarri ditu. Gehiegi sakondu gabe, jokalari, entrenatzaile eta epaileek ez dute batzar nagusietan parte hartzeko aukerarik; hala, pertsona fisikoak kendu dituztenez, soilik klubek bozkatzen dute. Pertsona fisikoen kasuan, askotan, sistemaren boto ‘kautiboak’ izaten ziren. Beste alde batetik, lurraldeetako federazioetan zeuden zuzendaritzako kideak ezin dira euskal federazioko zuzendaritzako kide bilakatu, presidenteen salbuespenarekin. Beste neurri bat da batzar nagusia automatikoki osatu dela; ez da egon aurreaukeraketa bat. Orain zuzenean parte hartu dute euskal ligetan eta gorago talderen bat zuten klubek, izan futbolekoak, izan areto futbolekoak.

«Zuzendaritza taldeko pertsona bakoitzak klub batzuen ardura hartzea nahi dugu eta eurengantik gertu egotea»

Zuen hautagaitzak hiru ardatz dituela nabarmendu duzue: gertutasuna, elkarlana eta euskal selekzioaren ofizialtasuna. Nola gauzatuko dira horiek?

Gertutasunaren kasuan, zuzendaritza taldeko pertsona bakoitzak klub batzuen ardura hartzea eta horiengandik gertu egotea nahi dugu. Lurraldeetako federazioekin eseri behar gara eta euren kezkak entzun eta gure programan txertatu. Euskal Selekzioaren biziberritzean gizarte osoa inplikatu nahi dugu, Eusko Jaurlaritza barne. Eusko Jaurlaritzarekin estrategia amankomun bat landu nahi genuke.

Euskal Selekzioaren aferak berreskuratzen du arreta handiena. Azkenengo lau urteetan erabat apaldu da gai hori, Federazioak berak ere ez baitu gehiegi bultzatu. Gizonezkoetan partida bakarra jokatu da (2024), eta emakumezkoetan, partida bat (2022) eta beste torneo bat, hau ateak itxita. Oso zenbaki pobreak dira. Zer egin daiteke ofizialtasunaren aldarriaren sugarra hauspotzeko?

Lana, lana eta lana.

Federazio barruan izandako aldaketa honek lagun dezake horretan?

Jaso dugun mezu kopuruagatik ezusteko handia hartu dugu, ze ez genuen espero horrenbesteko oihartzuna izango zuenik. Ilusio pixka bat sortu duela iruditzen zaigu. Baina hori ez da nahikoa. Lana egin behar dugu eta benetan lanarekin gauzak aldatzen joan.

«Ilusio pixka bat sortu duela iruditzen zaigu. Baina hori ez da nahikoa. Lana egin behar dugu, eta benetan lanarekin gauzak aldatzen joan»

Euskal Selekzioaren ofizialtasunerako mahai tekniko bat osatu beharra dagoela ere ikusi duzue, Lakuako Gobernuko ordezkari, federazioko kide eta kapitainekin batera. Eseri zarete Lakuako ordezkariekin?

Imanol Pradales lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendari Gorka Iturriagak dagoeneko zoriondu gaituzte. Iturriagarekin eta Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin bilera bat izan nahi genuke, hobeto elkar ezagutzeko eta euren kezkak eta gure kezkak mahai gainean jartzeko. Mahai teknikoari dagokionez, gure asmoa irailean, denboraldia hastera doanean, mahai tekniko hori berreskuratzea da.

Euskal Selekzioaren aldeko borrokan herri eragileak garrantzitsuak izan ohi dira, sasoi bateko Esait eta egungo ‘Gu ere bai’ dinamika bezalakoak. Hauekin hitz egiteko asmorik bai?

Bai. Harreman estua izan dugu hauekin eta harreman estua izateko asmoa daukagu.

Nafarroako Futbol Federazioko presidentearekin batu zarete edo batzeko asmorik baduzue?

Rafael del Amo presidentea ezagutzeko gogo handia daukagu.

Zeintzuk dira kluben kezka nagusiak?

Denbora falta daukate, baliabide ekonomiko urriak eta giza baliabide falta. Hiru kezka horiek biltzen dira kluben diagnostikoan. Beraiek eskatu digute Federazio hurbilago bat osatzea.

«Denbora falta daukate, baliabide ekonomiko urriak eta giza baliabideen falta. Hiru kezka horiek barnebiltzen dira kluben diagnostikoan»

Federazioak badauka gaitasunik klub hauei laguntzeko?

Ez daukagu formula magikorik, baina bide horretan laguntzen saiatu behar gara.

Areto futbolean kezka sortzen duen auzi bat dago; alegia, entrenatzaile titulazioaren eskakizuna exijenteegia dela. Zein da arazo honen funtsa?

Bigarren mailako entrenatzaile titulua eskatzen dute hirugarren kategorian. Oso entrenatzaile gutxi daude maila horrekin. Klubek arazo larriak dituzte eskakizun horiek betetzen dituzten entrenatzaile horiek lortzeko eta, gainera, gehiago ordaindu behar dute entrenatzailea lortzeko. Eskaintza baino eskari handiagoa dago. Baikorrak gara. Uste dugu laster albiste on bat emateko gai izango garela.

«Bigarren mailako entrenatzaile titulua eskatzen dute hirugarren kategorian. [...] Eskaintza baino eskari gehiago dago. Baikorrak gara. Uste dugu laster albiste on bat emateko gai izango garela»

Gipuzkoan arazo larria egon da; emakumezkoen senior mailako ligarik ez da osatu denboraldi honetan. Zein da emakumeen areto futbolaren diagnostikoa?

Ez da egoera erraza. Masa kritiko minimo bat behar da lehiaketa bat sortzeko eta, kasu honetan, lortu beharko genukeena da masa kritiko minimo hori bermatzea.

Eta zer nolako osasuna dauka futbolak eta areto futbolak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan?

Oso ona. EAEn dauden fitxak, beste lurralde batzuekin alderatuta, futbola eta areto futbola gehituta, oso zenbaki onetan gaude.

Iker Goñi, Fadura futbol zelaiko inguruetan. (Oskar MATXIN EDESA/FOKU)

Badago plan estrategiko bat sortzeko beharra, emakumeen lizentziek hazten jarrai dezaten?

Gure ikuspegitik, bide onetik goaz. Orain hainbat tokitan zailtasun handiena da zelaien orduak mugatuak direla. Hainbat herri edo hiritan ez da erraza talde gehiago sortzea, ez gizonezkoetan, ez emakumezkoetan.

Futbol profesionala gehiago da negozioa kirola baino. Athleticen egondakoa zara Aitor Elizegi presidentearen garaian. Galdu da herriko taldeak babesten zituen masa sozial hori?

Bai; hori ere kezketako bat da. Gizartea asko aldatu da. Garai batean ez zegoen Internetik, ez zegoen horrenbesteko planik, eta orain zelai askotan ez dago garai batean zegoen adina jende. Egoera iraultzea ez da erraza eta ahal dugun neurrian laguntzen saiatuko gara.

Hitzarmenak sinatu dituzue enpresa multinazionalekin, Repsol, Iberdrola, Vodafone, Allianz eta Cluber-ekin, besteak beste. Zein asmorekin?

Kluben ekosistema guztia eratzen duten pertsonentzat abantaila hobeak lortzeko. Proiekzio handiena izan lezake bazkideen fidelizazioa eta masa areagotzeko. Eskaintzen dizkiegun abantailekin jende askori interesatuko zaio beraien herrietako kluben bazkide bilakatzea.

«Kluben ekosistema guztia eratzen duten pertsonentzat abantaila hobeak lortzeko sinatu dira hitzarmenak [enpresa handiekin]. Proiekzio handiena izan lezake bazkideen masa areagotzeko»

Athleticen ibilia zara. Zein diferentzia nabari duzu Athleticen zuzendaritza taldeko kide izan edo Euskal Federazioko presidente izatearen artean?

Bizkaian bata eta bestearen arteko proiekzioa oso ezberdina da. Zorionez, ez gara kaletik hain ezagunak izango.

Uste duzu Federazioko presidentearen lana gehiago dela itzalean egotekoa?

Bai, nire ikuspegitik bai.