«Momentu oso onean aurkitzen naiz eta txisparekin sentitu nintzen finalean»
Itxaso Erasunek (Zizurkil, 1999) irabazi du Plazandreak txapelketako Lau eta Erdiko txapela, finalean Amaia Aldai bezalako espezialista bat menderatuta (18-9). Ezustekoa eman zuen gipuzkoarrak, baina, azken urteko bere ibilbidea ikusita, garaipen honek «sendotasuna» berresten duela dirudi.
Kantxan «disfrutatzen» ari da Itxaso Erasun. Duela bi urte Emakume Master Cup zirkuitura jauzia egin zuen, aurretik palan ibilbidea osaturik. Pilotalekuan hazi da, bai eta kirolari sena oso barneratua daukan etxe batean ere –aita segalaria izan zen, eta anaia, Jon, pilotaria–. Plazandreak txapelketa irabazi du, Lau eta Erdikoan, ezusteko itzela emanda. «Partida bat irabaztearekin kontent joango nintzateke, eta begira, azkenean, bueltan-bueltan, irabazteraino», dio irribarretsu.
Kaiolako txapelketa honetan distira egin du, baina bere «sendotasuna» ez da ezer berria. Iaz urte biribila egin zuen Binakakoan (txapelketa nagusia irabazi, Antiguoko txapelketa eta San Mateo torneoa ere bai), eta aurten, sanferminetan gailenduta eta Lau eta Erdikoan apustua eginda, bere sasoi ona berretsi du.
Zure buruari jarritako erronka izan dela diozu.
Hasiera batean nik pentsatzen nuen Binakakoan aukera gehiago nituela jokatzeko. Egia da pilotari oso gutxi gaudela koadroan eta ezustekoz etorri zitzaidan Lau eta Erdikoan egotea. Gainera, a ze pilotari pusken aurka jokatu beharra. Hasiera batean ‘marroi’ bat iruditu zitzaidan, atzelari bat Lau eta Erdikoan jokatzen, pasa den urteko txapelduna tartean [Miriam Arrillaga, atzelaria baita ere], Amaia Aldai [hiru aldiz MasterCupeko txapeldun, aurtengo azpitxapelduna]... Partida bat irabaztearekin, kontent joango nintzateke eta begira, azkenean, bueltan bueltan, irabazteraino.
Arrillagari irabazi, finalean Aldairi ere bai... Arerio oso indartsuak eta txapela irabaztea, gauza handia da.
Bai, irabaztea oso gauza handia izan da. Ezustean harrapatu ninduen. Igandean, bezperan, lagunekin nengoela, ezagun batzuk gerturatu ziren eta aurreikuspenengatik galdetu ninduten. Eta galdu egingo nuela erantzun nien. Mentalizatuta nengoen, ahalik eta ondoen jokatzeko asmoarekin nengoen baina inolako presiorik gabe. Partida irabaztea ezinezkotzat jotzen nuen. Finalera iristea lorpen bat zela nengoen eta erronka handia izango zela.
Gakoa izan zen presiorik gabe egotea?
Bai. Amaiak zeukan faboritoaren presioa, eta horrek mina egiten du. Gainera, telebista dagoenean tartean, ‘etxean’ jokatzen zuen, harmaila osoa bere alde zegoen... Berak erakusteko presio hori zeukan, eta ni, berriz, espektatibarik gabe joan nintzen, ahal nuen ondoen jokatzera. Nire burua oso lasai zegoen. Horrek niri mesede egin zidan.
Partida hasiera gogorra izan zen, baina gero segituan ireki zenituen aldeak. Nola bizi izan zenuen?
Partida hasi aurretik, pilotak probatzen aritu ginenean, ikusi nuen material oso bizia zegoela. Pentsatu nuen horrek agian kalte egin ahal zidala; pilotaleku eta pilota bizia, Amaia Aldaik daukan indarrarekin, partidatik aterako ninduelakoan nengoen. Eta justu kontrakoa gertatu zen.
Momentu oso onean aurkitzen naiz. Pilota eskutik ondo ateratzen zitzaidan, txisparekin sentitzen nintzen. aurreneko 5 tantoak oso gogorrak izan ziren; 4-5 gindoazela, 100 pilotakadatik gora pilatu genituen. Entrenamendu asko dago atzetik, eta oso ondo errekuperatu nuen. Berak ere errekuperatu zuen, nik irekitzen nituen pilotakada guztietara iristen baitzen. Partida oso fisikoa izan zen.
Errematatzerako orduan eroso sentitu zinen? Tanto gogoangarri batzuk utzi zenituen.
Bai, banekien partida soilik akats gutxi eginda irabaztea oso zaila izango zela; alegia, tantoak bukatu beharko nituela. Frontoiaren bizitasuna baliatuz, urrutiko jokaldiak egiten saiatu nintzen eta, egia esan, ondo atera zitzaizkidan [barreka]. Zabalean pare bat dejada, ezker zearren bat ere bai, bi paretak...
«Banekien partida soilik akats gutxi eginda irabaztea oso zaila izango zela; alegia, tantoak bukatu beharko nituela»
Aipatu dituzu erremate anitzak. Errekurtso asko erakutsi zenituen.
Bai, ez dakit errekurtso deitu daitezkeen. Momentuko beharrak ateratzen dituen baliabideak dira. Ez dira berez niri ondo etortzen zaizkidanak edo entrenatu ditudan gauzak, baizik eta unean unean tanto egin behar horrek sortzen duen intuizioa.
Halere, iaz Emakume Master Cupeko kaiolako txapelketan finalerdietara iritsi zinen. Finalera iristea beraz, bai izan da ezustekoa baina denboraldi hasieran paper ona egin zenuen txapelketa nagusienetako batean.
Bai, egia da. Jendeak nire izena ez du asko entzun Lau eta Erdikoan, gehiago bikoteka. Batzutan hori abantaila izaten da. Ez naiz espezialista, ez daukat aurreko joko bizi hori, jendea ez da nirekin gogoratzen; ez daukat gantxorik, ez daukat bolea indartsurik eta aurrelariek, bai. Eta jendea kualitate horiekin geratzen da. Baina egia da aurten Lau eta Erdikoan hirugarren geratzea lortu nuela eta jendea agian ez zen horren jakitun.

Azken urtea oparoa izan da zuretzat. Agian atzelarien izena itzalean egon ohi da baina Binakako txapelketa nagusia irabazi zenuen iaz, baita Antiguoko txapelketa eta San Mateo torneoa ere eta, aurten, San Fermin torneoa. Esan genezake, beraz, lehen lerro horretan egon bazaudela.
Bai, hori da. Atzelarion papera gehiago da eustea, seguru jokatzea, zuloak irekitzea aurrelariarentzat eta normalean, protagonistak aurrelariak izaten dira. Lehengo urtea, egia esan, oso ona izan zen. Gipuzkoako txapelketa ere irabazi nuen, azpitxapeldun Euskal Ligan... Hor daude meritoak. Aurten bereziki egin dut apostua Lau eta Erdikoan. Emakume Master Cupekin hasi, Gipuzkoako txapelketa ere modalitate honetan jokatu dut, Eliteko Lau eta Erdikoa jokatzeko aukera izan dut eta hau zen denboraldiko kaiolako azken txapelketa garrantzitsua, Zizurkilgo Intxaur txapelketaren aurretik.
«Atzelarion papera gehiago da eustea, seguru jokatzea, zuloak irekitzea aurrelariarentzat eta normalean, protagonistak aurrelariak izaten dira»
Eta orain, Plazandreak txapelketako txapela irabazita, herriko kaiolakorako presio gehixeago?
Ez, sekula ez naiz izango faborito aurrelari baten aurka. Atzelariok abantaila horrekin jokatzen dugu. Herriko txapelketan beti ahal dudan eta txukunen jokatzera ateratzen naiz, herriko jende asko etorriko da, gainera txapel honekin espektatiba gehiago sortu daitekeela iruditzen zait.
Noiz egin zenuen jauzi Emakume Master cupeko zirkuitora? Ez da denbora asko, ezta?
2023an edo horrela. Ni palan aritu naiz, duela bost urtera arte. Pandemiari esker hasi nintzen esku huska jokatzen, palako egutegia geratu egin baitzen. Hor eduki nuen denbora eskuak egiten hasteko. Txikitan eskuz ibilitakoa naiz baina gero palara jauzi egin behar izan genuen hobe beharrez, ez zegoelako nesken ligarik 11-12 urterekin. Berriro pilotara jauzia 21-22 urterekin egin nuen eta hasiera oso zaila izan zen eskuko minengatik. Pare bat urte egokitzen ibili nintzen eta 2023an serioago nenbilen, eskuz hobeto, txapelketa onak jokatzen hasi nintzen eta Master Cupen beste maila baterako jauzia eman nuen.
Denbora gutxian gauza asko irabazi dituzu.
Nahiz eta denbora gutxi izan, txiki txikitatik ibili naiz pilota munduan. Egia da postura asko palakoak ditudala; oso albotik jotzen dut, oso urruti hartzen dut pilota. Erraminta bat edukitzea edo ez oso ezberdina da. Asko ikasi dut azken bi urte hauetan eta hobekuntza horrek, maila igoera horrek, emaitza hobeak ekarri dizkit.

Bilbon jokatu da Plazandreak txapelketa. Ez da txapelketa nagusiena baina telebista sartuta dago eta bere indarra irabazi du baita ere.
Bai. Mastercupek nesken kirolagatik eta pilotagatik egin zuen apostu. Hasieran ez zeukan hainbesteko indarra baina orain ikusten da babesle asko daukala, EITB ere sartu da eta horrek guri indarra eta bozgorailu paregabea ematen digu.
Publikoaren erantzuna ere areagotzen ari da, finaletan pilotalekuak bete egiten dira.
Pixkana-pixkana gure maila ere igotzen ari da, jendea gerturatzen ari da. Finalerdi eta finalak izaten dira jende gehien pilatzen diren partidak. Gainontzekoetan senideak eta herriko batzuk gerturatzen dira. Oraindik ez daukagu nahikoa oihartzun. Ez da pilota profesionala, baina denborarekin materiala azkartzen joango da, gure maila ere igotzen joango da eta, horrekin batera, mutilen joko antzekora iristeko aukera izango dugu.
«Denborarekin materiala azkartzen joango da, gure maila ere igotzen joango eta, horrekin batera, mutilen joko antzekora iristeko aukera izango dugu»
Azken urtean Euskal Pilota Federazioan sartzeko urratsa eman duzu, Jose Mari Mitxelenaren lantaldean. Zerk bultzatuta?
Herriko pilota eskolan urte asko egin ditut jokalari bezala, entrenatzaile modura pare bat urte ere bai. Hemen zerbait dagoenean beti gerturatzen naiz, umeekin jolastera, laguntzera, edozertara... Euskadiko Federazioan sartzearen gonbidapena Mitxelenak berak egin zidan, emakumeen pilota ordezkatzeko lantaldean pertsona bat behar zela-eta. Zalantza askorekin animatu nintzen, ze lau urteko konpromiso bat da, eta lan batzuk egin behar dira: berdintasunari begira, emakume pilotaren garapeneko alorrak... Pilotaria naiz eta nire lanak ditut, baina saiatzen naiz presente egoten eta arduraren bat nire gain eramaten.
Emakumeen pilotaren egoera zuek, pilotariok, inork baino hobeto ezagutzen duzue eta garrantzitsua da horrelako ardura maila bat hartzea.
Lan taldeak babesten zituen helburuek nire balioekin bat egiten zutela ikusi nuen eta horrek animatu zidan urratsa ematera: euskal selekzioaren ofizialtasuna, emakumeen pilota bultzatzea, euskara lantzea pilotalekuan eta hortik kanpo... Gainera, emakumeen pilota barrutik ezagututa eta hainbeste sufrituta... Baneukan nolabaiteko arantza, ez nuela nahi orain datozen gazteek berdina sufritzea. Emakumeen pilotak lehen ibilbide oso laburra zeukan eta orain badago egitura finko bat, zerbait ikusgarria dena. Munduko txapelketak ere badaude, emakumeok Lau eta Erdian aritzeko aukera izango dugu Nazioen Ligan, eta hori handia da. Futbola eta pilotaren artean dauden gazte askok futbolera jotzen duten bezala, pilotak erakargarri izan behar du neska hauentzat.
«Pilotak erakargarri izan behar du neska hauentzat»
Gainera ikusten da gazteak indartsu datozela. Zabaleta, Ibarrola, Gaminde...
Orain telebistan agertzen gara, erreferenteak daude eta horrek gazteei helburu bat jartzen die. Lehiakortasuna areagotzen du horrek. Azpitik maila oso oneko pilotariak datoz. Lehen herrietan pilotari on bakanak zeuden eta orain teknifikaziorako entrenamendu batzuk sortu ditugu Federaziotik, onak diren horiek elkartu eta pilota sustatzeko. Gu orain elkartu garen bezala, belaunaldi berriek txikitatik daukate elkarrekin jarduteko eta hobetzeko aukera. Zabaleta, Ibarrola, Gaminde aipatu dituzunak elitean dabiltzan pilotariak dira baina azpitik datozen gazte gehiago ere badaude eta hemendik urte batzuetara maila handiko pilotariak izango ditugu.
Mundiala aipatu duzu, Euskal Selekzioa ere bai. Ametsa izango zen Euskal Selekzioarekin Mundial bat jokatzea?
Aurreneko aldiz Lau eta Erdiko txapelketa egongo da Nazioen Ligan. Ez dakit beste herrialdeetatik ze maila etorriko den, emakumeen pilota ez dagoelako garatuta. Pentsatzen dut Espainiaren aurkakoa izango dela talde indartsua, horren barnean nafarrak egongo direlako. Hemen Euskal Selekzio lehiakor bat osatu da, egon da aurreaukeraketa, tartean nago. Berri ona da behintzat entrenatzeko aukera izatea eta selekzioko dinamika horretan egotea. Ez dakit iritsi ahalko naizen deialdian sartzera baina saiatuko gara ahal dan ondoena egiten, batere presiorik gabe, disfrutatzera. Udara luzea izango da, entrenamenduak laster hasiko dira eta horri helduko diogu.
Gainontzean, zein erronka dituzu?
Orain daukagun erronka da Estatu Batuetara goazela lau pilotari: Arrizabalaga, Aldai, Gaminde eta lauok. Han, Boisen, partida batzuk jokatzera goaz, Euskal Astearekin batera. Bertan disfrutatzea da nire udarako helburu nagusiena. Eta gero, betikoa: hemen Intxaur txapelketa edukiko dut, beti berezia izaten da herriko txapelketa; eta udara bukatzeko, Antiguoko txapelketa edukiko dut. Berezia da oso, nire anaiarekin urte askotan bertaratu izan naiz, pasa den urtean irabazteko aukera izan nuen Goiurirekin [Zabaleta] bikotea osatuta eta ea aurten zer moduz iristen garen.