INFO

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

Beroa aurka, baina giro ederraren haizea alde aurtengo abordaian

30 gradutik gorako tenperatura zela ekin diote Donostiako Piratek aurtengo abordaiari. Giro paregabea sortu dute 1.600 partehartzaile inguruk kaian, Kontxan lehorratzea helmuga eta Donostia astintzea helburu.


Esaten da edozein oztopori aurre egiteko gai izaten direla piratak, berdin duela itsaso zakarra, lapurren mehatxuak edota hilabete luzeetako naufragioa. Donostiako Piratek ere egoera klimatologiko guztiei egin behar izan diete aurre azken urteetan, inork ez du ahaztuko 2014an ekaitzaren ondorioz bertan behera gelditutako gau pirata, ez eta sortu zituen kalteak ere. Astelehen honetan ordea bero sapari egin behar izan diote aurre Donostiako Piratek, eta halere, beste urtebetez, arrakastatsua izan da abordatzea.

Goizean goizetik itzal bila zebiltzan Donostiako kaleetan herritarrak, abordatzean parte hartu behar zutenak izan dira ausartenak eta alaienak ordea, goizeko bederatzietatik eguzkitako krema eman, arropa freskoa jantzi eta baltsen muntaketari ekin baitiote. Hiru txanda egin dituzte eskuz egindako ‘itsasontzien’ muntaketarako. Hirugarren txandaren unea heldu denerako termometroak 32 gradu markatzen zituen eta antolatzaileek mezu bat birgogoratu dute Kaian bertan zein sare sozialetatik: «Oso bero dago! Kontuz alkoholarekin, ur asko edan eta ondo pasa!»

Piraten «ekintza izarretako» bat izaten da abordaiarena, urtetik urtera gora egin du parte hartzeak. Aurtengoan 280 baltsa inguru eta 1.600 parte hartzaile elkartu dira antolatzaileen esanetan. Donostiako Piratetako Inge Ugarte kideak NAIZi azaldu zionez, etengabe handitzen ari den ekintza bat da abordaia, horregatik bere muina eta esanahia gogoratu beharra sumatu dute: «Donostia abordatzeak guk nahi ez dugun Donostia kapitalistaren esanahia du. Zerbait sinbolikoa izanik, hondartzara iristeak hori irudikatu nahi du».

14.00etan Kaian bazkaldu dute gehienek, baltsei azken ukituak egin eta 16.30etarako berriro ere arranparen ingurura hurbildu dira. Abordaiaren egunean ongi pasatzeko espazio seguru bat sortzeaz gain, aldarrikapenerako ere baliatzen den unea izan ohi da. Astelehen arratsalde honetan ere nabaria izan da hori. Garrantzitsuak izaten dira belak itsasontzietan, abordaiako askok ikurrinak dituzte bela gisa, baina azken urtean baita Palestinako banderak ere. Erraustegiaren aurkako aldarria duena nabarmentzen da halere gehien, hori baita handiena. Euskal Herriko festa ezberdinetan indarra hartzen ari den dinamika batek ere hartu du presentzia: «Txosnak. Gureak, denonak». Eta Aquariumetik behera Palestinako bandera erraldoia dago esekita.

Bizitzan bezalaxe abordaian ere sumatzen da esperientzia, iragarri daiteke itsasontzi batzuk osoago iritsiko direla lehorrera, eta beste zenbaitek zatiren bat galduta egin beharko dutela aurrera. Halere, parte hartzaile guztiak daude itxaropentsu, «gurean edo ondokoenarenean, baina iritsiko gara Kontxara» aitortzen dute.

Koloretako olatua

Lagun talde batzuk kolore bereko kamiseta dute, atzekaldean herriaren izena idatzita, horiek dira esaterako kamiseta urdina daramaten hernaniarrak. Laranja fosforitozko jantzia dutenak Euskarabenturakoak dira, uda erdia Euskal Herria zeharkatzen igaro ostean, Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako gazteek abordatzean egin dute zita, pasa den urtean ere hementxe egin omen zuren hitzordua; aspaldiko lagunak elkartzeko ere balio du beraz gaurkoak. Bada abordaia hastearekin bat parte hartzen hasi zen lagun talde bat ere, 20 bat urte daramatzate Donostia abordatzen.

Termometroek beheranzko joera nabarmenik izan ez badute ere, haizea zebilen kaia inguruan eta parte hartzaileak pozik sumatzen ziren, printzipioz «haizea alde» zutelako hondartzarantza joateko. Kolorez jantzi da kaia hogei minutu lehenago, musika, txaloak, ‘Palestina askatu’ oihuak, kantikoak eta partehartzaileen poza arranplan. Txaleko horidunak ere ilaran jarri dira pazientzia eta itxaroteko eskatuz.

Ohartarazpen bat entzun da orduan megafoniatik: «Gogoratu guztiok abordatu behar dugula Donostia, helburua ez da zuk bakarrik egitea, guztiok egitea baizik, zaindu ondokoa».

Ondokoei laguntzeko deia, abordaian eta festan

Pentsionistak ari dira aurtengoan Matti gorpuzten, eta Ezkila, berriz, Pirata Bihurrien kofradia da. Beraiek arduratu dira abordaiari hasiera emateaz. Pentsionistek eskertu egin dute beraiei egindako aitortza, eta elkarlanerako deia egin dute: «Gazteok, bat egin behar dugu herri gisa aurrera jarraitzeko. Bikain pasa festak».

Pirata bihurriek, aldiz, Aste Nagusi Pirataren sustraiak gogoratu dituzte lehendabizi: «Duela 23 urte, debekuen gainetik irudimenez abordatu genuen postaletako Kontxa, postureoarena eta toreroena». Auzolanari tiraka bihurriak eta anitzak izan zirela kontatu dute, eta aurtengoan haur zein pentsionisten ahotsak elkartzeak duen indarra nabarmendu dute, «arau guztiak hautsi ditugu mundu berri baten mapa marrazteko».

Amaitzeko, festak «denona eta denontzat» izan behar duela gogoratu dute eta horretarako antolakuntza ezinbestekoa dela esan. Aste Nagusi piratan inolako erasorik ez dela onartzen azpimarratu eta eraso orori «saretuta» erantzuteko deia egin dute: «Ez utzi inori zapaltzen, eta ez zapaldu inori».

Txikienek portutik agurtu dituzte Kontxako Hondartza abordatzera joandako piratak, eta adi jarraitu dituzte astelehen honetako baltsak, piraten estrategiak eta jatziak, izan ere Abordaia txikia ostegun honetan ospatuko dute, 16.00etan Kaiatik abiatuta.

Atzeko aldea

Argia da aurtengo leloa ‘Auzolanari tiraka’, eta abordaia bezalako ekintza batek ezinbestekoa du auzolana. Goizetik hamarnaka bolondres zebiltzan lanean, jada ia erritu bihurtu den ekimena denez gero «lasai, baina adi»; izan ere, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula 1.600 herritar baino gehiago gora Kaiatik Kontxara heltzea.

16.00ak jotzerako txaleko horidun batzuk Flamenkak elkartu dira, hondartzatik baltsak ateratzen laguntzeko lanak banatzen ari ziren, garbiketako taldea ere jada prest dago Kontxa inguruan. Kaian ere 30 txalekodun baino gehiago zebiltzan aurrera eta atzera guztia prestatzen parte hartzaileak iritsi aurretik, horietako batzuk piraguak hartu eta ibilbidean kokatu dira, besteek hasiera eman diote festari. Guztira 150 bolondresen lanari esker egiten da abordaia.