«Donostia abordatzeak nahi ez dugun Donostia kapitalistaren esanahi sinbolikoa du»
Abordaiaren egun ospetsua da astelehen honetakoa eta Donostiako Piratek beste behin herri mugimendu sendo eta eraldatzaile baten alde bat egingo dute. Aste Nagusi Pirataren azalpenak Flamenkaren muntaketa lanetan etenaldia eginez eskaini dizkigu Inge Ugartek.

Donostia abordatzeko eguna iritsi da, eta aurten ere Donostiako Piraten ekimena, festa hutsa baino, herri mugimendu sendo eta eraldatzaile baten erakusgarri izango da. Flamenkan batera eta bestera dabiltza Ugarterekin elkartu garenean, dena prest egon dadin. Musika, jolasak, aldarrikapenak eta belaunaldien arteko elkarlana uztartzen dituen egitaraua osatu dute abordatze honetaz harago, jai herrikoi, euskaldun eta parte hartzaile baten aldeko konpromisoa berretsiz.
Pasa den urtean Abordairako kuadrilla bakoitzari galdetegi moduko bat pasa zenieten, kuadrilla bakoitza kofradia batekin identifikatzeko asmoz. Aurten bada berrikuntzarik?
Nahiko ondo funtzionatu zuen lehengo urtean sistema horrek. Ikusten genuen azken urteotan Abordaiara jende berria gerturatzen ari zela baina agian ez zela, bere horretan, mugimenduko parte zen jendea. Orduan kofradietara gerturatzeko ‘kolore bat, kofradia bat’ sistema ezarri genuen, harremanak sendotzeko helburuarekin, jada mugimenduaren barnean gauden kide eta kide berrien artean. Nahiko polita izan zen, eta horren ondorioz, jende berria sartu da kofradia ezberdinetara.
Berrikuntzei dagokionez, Abordaiaren inguruan ez dago berrikuntza nabarmenik. Aldarrikapenen inguruan, nik esango nuke aurtengo leloarekin lotuta direla: ‘Auzolanari tiraka’. Herri mugimenduan ezinbestekoa da auzolanean aurrera egitea eta jende bolondresak egiten duen lana aldarrikatzea da helburua.
Egun zeintzuk dira Piraten Abordaiaren helburu nagusiak?
Nik uste dut pixka bat sinbolikoa dela. Lehenengo Abordaietatik urteetan zehar antolatu den bezala, Donostia abordatzeak guk nahi ez dugun Donostia kapitalistaren esanahia du. Zerbait sinbolikoa izanik, hondartzara iristeak hori irudikatu nahi du.
Haurren Abordaia ostegunean 16:00etan izango da, badu desberdintasunik helduenekin aldenduz?
Egun berezia da txikientzat, haurren eguna da eta normalean jokoak eta ekintza desberdinak antolatzen ditugu. Desberdintasun bezala, Abordaia txikia kaian barnean izaten da, hondartzara joan gabe.
Zeintzuk dira festa herrikoi, ireki eta ez-sexista baten alde lan egiteak dakartzan erronka nagusienak?
Badira urte batzuk Piraten lantalde feministak gai ezberdinak lantzen aritu dela. Lanketa propioak ere egin dira kanpora begira, protokolei dagokienez. Aurten ere mugimendu antiarrazistarekin lanean jarraitu dugu. Indarra eman diogu barne mailako protokoloari ere. Horiek erronka potoloak dira.
Zein neurritara joko duzue festan eta ekitaldietan segurtasuna, autodefentsa feminista eta errespetua bermatzeko?
Hor lantalde feministatik orain dela 2-3 urteetatik plantan ezartzen dugu gure Piraten protokolo propioa, non gure gunean gertatzen diren gertaerak kudeatzen ditugun, eta norbait artatzea beharrezkoa balitz, gertatzen den unean akonpainamendua egiten diogu biktimari Emaginek, Udalaren bitartez, Bulebarrean jartzen duen artatze gunera. Horrezaz gain, gure helburua Piratetatik giro onaren dekalogoa deitzen duguna ere bada. Gau bakoitzean bada kuadrilla edo talde bat, gure gunea denontzako espazio seguru bat dela eta jai giro on bat dagoela bermatzen saiatzen dena.
«Urte askotan eduki dugu buruan pentsiodunak omentzea, azken finean denok iritsiko gara haiek dauden puntu horretara eta uste dut balioan jarri behar dela egiten duten lana»
Nola baloratzen duzu Donostiako hiritarren parte hartzea eta inplikazioa urte guzti hauetan?
Herri mugimenduetan bezala, nik uste dut parte hartzea gorabeheratsua dela belaunaldi aldaketak direla medio, azken urteotan bereziki. Orain momentu on batean gaude; jende gazte asko sartu da kofradia eta lan-talde ezberdinetan, eta horrek bultzada ematen digu Donostiako Piratei.
Flamenkara jotzera igotzen diren taldeak euskaldunak izatea lehenesten duzue.
Bai, musika lantaldeak izugarrizko lana egiten du, eta lehenesten dute, euskaldun taldeak izateaz gain, emakumezkoen presentzia oholtzan izatea eta Donostiako musika talde hasi berriei ere bultzada bat ematea.
Aurtengo edizioan Donostiako Pentsiodunen Mugimendua omenduko duzue; txupinazoa jaurtiko dute.
Urte askotan eduki dugu buruan pentsiodunak omentzea Piraten aldetik, azken finean denok iritsiko gara haiek dauden puntu horretara eta uste dut balioan jarri behar dela egiten duten lana gure etorkizunaren alde, bai berdintasunaren alde, bai lortzen dituzten aurrerapenen alde... Mahai gainean jarri nahi izan dugu.
Nola bizi duzue gizartearen babesa eta belaunaldi berrien elkartasuna zuen aldarrikapenetan?
Lehen aipatu dudan bezala, gorabeherak daude, jende berria sartzen da, eta haietako askok ez dute lehenago inon parte hartu bolondreski, eta horregatik agian dinamikan sartzea kosta egiten zaie. Baina lanketa eta aipatutako giro onaren bitartez auzolanean lan egitea lortzen du sartzen den jende gazteak eta horrek mugimendua gutxinaka elikatzen laguntzen du.
«Egungo testuinguru sozial eta ekonomikoan horrelako ekintzak, estrukturak eta herri mugimendutik datozen aldarriak aurrera eramatea batzuetan kosta egiten da»
Transfeminismoa eta aniztasunaren aldeko kalejira antolatu duzue, zer nolako erantzun eta parte hartze jasotzen dute horrelako ekintzek?
Geroz eta erantzun hobeak dauzkate horrelako ekintzek Aste Nagusian zehar. Egingo den kalejira transfeminista horrek badu kutsu aldarrikatzailea, baina baita ere giro on eta parte hartzaile batean aurrera eramaten den ekintza bat da. Horrek askotan jende gehiago biltzen laguntzen du, beti ere benetan aldarrikatu nahi dena albo batera utzi gabe.
Zerbait berezirik espero duzu aurtengo Aste Nagusiaz?
Denontzako espazio seguru bat izatea espero dut, denok ondo pasatzea behar den neurrian, eta aurten aurrera eraman nahi izan dugun ‘Auzolanari tiraka’ leloa benetan balioan jartzea. Gaur egungo testuinguru sozial eta ekonomikoan horrelako ekintzak, estrukturak eta herri mugimendutik datozen aldarriak aurrera eramatea batzuetan kosta egiten da.

Rozalén y Fernando Velázquez publican una versión del villancico ‘Hator hator’

El rock escocés homenajea al artista norteamericano Dennis Hopper

La verificación de la edad con selfis, un sistema de identificación cada vez más frecuente

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean


