INFO

Estatxa arinegi askatzeak Zarautzen lana saririk gabe laga du Kontxako «beldurraren estropadan»

Orio, Tolosaldea, Donostiarra, Hibaika, Hondarribia, Astillero eta Zumaia izango dira Kontxako banderaren lehian Arraun Lagunakekin batera. Zarautzek bosgarren denborarik onena egin du, baina epaileek 10 segunduko zigorra ezarri diotenez, ‘Enbata’ Kontxarik gabe geratu da Zumaiaren mesedetan.

Zumaiako arraunlariak pozarren, beren burua kalean ikusi eta gero Kontxako Banderaren lehian ariko direlako azkenean. (Jon URBE | FOKU)

Inoiz baino gehiago, galtzailearekin egon behar da Kontxako Banderaren Emakumeen Sailkatze estropadan. Zarautzek bosgarren denborarik onena egin du eta «beldurraren estropada» honetako ezustekorik handiena izan da, beren lanari esker Zumaia, Euskotren Ligako laugarren sailkatua, kalera bidali duelako. Hasiera baten behintzat. Baina Nahikari Osa patroiak estatxa arinegi askatu du irteerako atzerako kontaketan eta hamar segundoko zigorra jaso du ‘Enbatak’. Hori horrela, Zarautz bederatzigarren posturaino erori da eta, hala, Zumaiak inola ere espero ez zuen saria jaso du eta igandean Kontxako banderaren borrokan izango da.

‘Saregileak’ ontziarekin batera, Orio, Tolosaldea, Donostiarra, Hibaika, Hondarribia eta Astillero sailkatu dira Arraun Lagunaken ondoan hurrengo igande bietan norgehiagokan aritzeko. Itsasoan ordena beste bat izan bada ere, zorigaitzeko gertakari horrek goitik behera aldatu du azken sailkapena, baina, jakina, horrek ez dauka bueltarik.

Uretan, eguraldia ilun baina giroa bero, metro eta erdi eta bi metro arteko olatu eta haize zakarraren erdian, Orioko ontziak egin du denborarik onena, batez ere brankaz sekulako erakustaldia eman baitu. Poparean Tolosaldeak ezarri du denborarik onena, orotara bigarren amaitzeko. Horiek izan dira Euskotren Ligan Arraun Lagunaken ostean banderak eraman dituzten bi traineruak eta pronostikoak bete dituzte, itsaso petralean ederki moldatu baitira.

Nobedadeen artean, arranplan Donostiarra ikustea, aurten Arraun Lagunak izan baita Euskotren Ligan emandako erakustaldiaren ondotik Kontxako Banderara zuzenean sailkatu den Donostiako trainerua. ‘Bantxa’ ontziak oso maila txukuna eskaini du, Euskotren Ligan eman duena baino askoz hobea, orotara hirugarren denborarik onena egin dutelarik, Hibaikaren aurretik. Sailkapen estropada honetako beste irabazleetako bat Hondarribia izan da, azkenean bosgarren denborarik onena ezarrita, nahiz eta Euskotren Ligan ez den arituko datorren urtean.

Azken postuen dantza

Cabo da Cruz, Rianxo eta Mecos izan dira asteazken honetako itsaso petralera ateratzen aurrenak. Zazpi minututik gora behar izan ditu aurreneko traineruak ziaboga eremura iristeko, eta ez da eskasena izan, itsasoak eman dituen zailtasunen lekuko, brankaz joateko batik bat.

Ziaboga emateko inguruan itsasoak muturra beltza eta deserosoa erakutsi die arraunlariei. Zentzu horretan, bidea galtzea, enfilazioa okertzea, ziabogan ez asmatzea edo poparean olaturik ez harrapatzea larrutik ordaindu diren hankasartzeak izan dira.

Zentzu horretan, Zumaiak brankaz askoz luze hobea egin du poparean baino, ia olaturik ez baitu harrapatu ‘Saregileak’ ontziak. Horri esker Astillerok zazpi onenen artean lekua egitea erdietsi du, Zumaiak baino segundo bat gutxiago behar izan du-eta. Kantabriako ontziak ere Euskotren Ligan bosgarren lekua eskuratu ostean izerdi dezente bota behar izan du «beldurraren esrtropada» honetan, eta azken ordura arte kinka larrian ibili da bere sailkapena bermatzeko, baina baita poz galanta hartu ere sailkapena lortu eta gero.

Chapela Galiziarren arteko ontzirik indartsuenak ere oso egun eskasa burutu du. Zazpi onenen artean sailkatzeko aukerak bazituen estropadari ekin aurretik, baina ez du bere egunik onena izan eta Zumaiarekiko hamar segundora geratu da, Kontxan izateko inolako aukerarik gabe.

Zarautzen lana aparta izan da eta datorren urtean Euskotren Ligan egoteko hautagai garbia dela erakutsi du, baina Nahikari Osaren hutsegite hori larrutik ordaindu du bere traineruak. Eta xehetasun ñimiño horretan izan da zorionaren eta negarraren arteko aldea.

Drama eta komedia atzean lagata, igandeko txanden zozketarekin amaitu da sailkatze estropada. Hala, aurreneko txandan Tolosaldea, Donostiarra, Astillero eta Arraun Lagunak ariko dira arraunean eta bigarrenean, berriz, Hondarribia, Hibaika, Orio eta Zumaia.

Emakumeen Kontxako Sailkatze Estropada

1.    Orio        12:42.60
    
2.    Tolosaldea     11:49.24

3.    Donostiarra     11:53.64

4.    Hibaika     11:59.90

5.    Hondarribia     12:02.90

6.    Astillero     12:04.30

7.    Zumaia         12.05.90

8.    San Juan     12:09.28

9.    Zarautz        12:10.56

10.    Chapela        12:15.64

11.    Kaiku         12:25.48

12.    Tiran         12:31.70

13.    Deustu        12:34.94

14.    Ondarroa     12:36.90
    
15.    Lekittarra    12:48.72
    
16.    Cabo        12:50.92
    
17.    Hernani        13:01.68
    
18.    Mecos        13:04.86    
    
19.    Cesantes-Bueu    13:19.00
    
20.    Rianxo        13:41.00
    
21.    Castropol    14:07.22