Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Faboritoak egon bai, baina Kontxako Bandera preziatua irabazteko arraun egin behar da

Orio, gizonetan, eta Arraun Lagunak, emakumeetan, faborito nagusiak bezala ageri dira igande honetan, lehen jardunaldian, distantziak hartzen hasteko. Hala ere, itsasoa eta haizea bezalako faktoreek baldintza dezaketen kirol honetan faboritismoa segituan desagertu daiteke.

Arraunlariak eta traineruak, larunbat honetan Donostiako kaian, Kontxako lehen jardunaldia aurretik entrenatzen.
Arraunlariak eta traineruak, larunbat honetan Donostiako kaian, Kontxako lehen jardunaldia aurretik entrenatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Arraunlari eta talde guztiek negua erabiltzen dute prestaketa garai bezala ondoren, udarara, bakoitzaren liga edo txapelketara ahalik eta hoberen iristeko. Baina horietako askok –denek ez esateagatik– beste estropada bat izaten dute buruan: Kontxako Bandera.

Inork ezin du ukatu hauxe dela urteko banderarik preziatuena. Egia da ligan ondoen dabilen trainerua izaten dela iraileko lehen bi asteburuetan, Donostian, faboritoetakoa. Hala ere, itsasoak eta haizeak baldintzatu dezaketen kirol honetan ezer ez dago aurretik idatzita eta argi dago denek lan neketsua egin beharko dutela trapua etxera eramateko.

Aurten, kasualitateak kasualitate, Orio, Eusko Label Ligan, eta Arraun Lagunak, Euskotren Ligan, jada txapeldun bezala iritsi dira Kontxara. Faktore honek, agian, are faboritoago egiten ditu bi ontziak garaipena lortzeko. Gizonezkoen kasuan, Liga amaitzeko estropada batzuk falta zaizkie oraindik eta «mirotzek» dena irabazi nahiko dute. Ondoren, denbora izango dute ‘minutu’ gutxiago izan dituzten arraunlariei aukera emateko.

Gorka Aranberri Orioko patroiak, gainera, historia idazten jarraitu nahi du. Iaz, Urdaibairekin, bederatzigarren Kontxako Bandera lortu zuen Donostiako badian, Manuel Arrillaga (Aita Manuel bezala ezagutua) pasaitarrarekin berdinduz. Aurten, etxe ondoko klubarekin fitxatu zuenean, ziur aski berdinketa hau apurtzea helburu nagusienetako bat izango zuen. Bi pausotara bakarrik dago; lehenengoa, gaur bertan, eta hurrengoa datorren igandean, bigarren jardunaldia jokatuko denean.

Horretarako, denek dakite lehen jardunaldia oso garrantzitsua izaten dela, bai kirol arloan eta baita psikologikoki ere. Lehen igandeko estropada irabaztea lortzen duenak pauso handia emango du bandera lortzeko. Baina ez da behin betikoa izango, noski –arraunzale guztien mesederako–.

Hor sartuko dira jokoan faboritoari mina egin nahiko dioten beste taldeak. Eusko Label Liga kontuan hartuta, Zierbena izan daiteke aurkari nagusiena. Sailkatze estropadan hirugarren denbora onena markatu zuten bizkaitarrek, lehena izan zen Urdaibai eta Orioren atzetik. Bermeotarrek oso estropada ona sinatu zuten eta 10 segundoko aldea atera zieten «mirotzei».

Ez da Donostiarra ahaztu behar. Sailkatze estropadan ez zuen parte hartu, ohikoa izaten denez. Primeran ezagutzen du estropada eremua eta, beraz, lehian egongo dira ziur aski. Aldiz, Hondarribia, herriko jaietan eta fase berri batean murgilduta, sorpresa ematen ahaleginduko da astelehenean herriko egun handia ahalik eta hobekien ospatzeko.

Getaria, San Juan –zortzi urteko gabeziaren ostean bertan da– eta Lekittarrak –honek 26 urte luzeren buruan lehiatuko du bandera–, hasiera batean bigarren plano batean agertzen direnak, estropadaz disfrutatzen saiatuko dira eta, zergatik ez, faboritoei euren onena ematera behartuko dituzte. Txandak zozketatuta –ondoko informazioan ageri dira–, kaleen zozketa besterik ez da falta, eta hau gaur bertan egingo dute, 9.15ean.

Emakumeak, oso prest

Emakumeen kasuan, zerbait antzekoa gertatzen da. Arraun Lagunak, Euskotren Ligako txapelduna, faborito nagusia bezala ageri da Kontxako Bandera laugarren aldiz –hirugarrena segidan– irabazteko.

Egia da ez dagoela erreferentziarik, Arraun Lagunak-ek ez baitzuen sailkapen estropada lehiatu astean zehar, baina Ligan itzalean aritu diren Oriok eta Tolosaldeak denborarik onenak finkatu zituzten erlojupekoan. Bien artean zazpi segundoko aldea egon zen, eta atzerago sailkatu ziren Donostiarra, Hibaika, Hondarribia, Astillero eta ezusteko galanta jaso zuen Zumaia.

Azken hauek Zarautzeko Nahikari Osa patroiak estatxarekin egindako huts batengatik sailkatu ziren euren burua kanpoan ikusten zutenean, eta hala, gozatzeaz gain, barruan duten maila guztia erakusten ahaleginduko dira.

Etxeko beste traineruari dagokionez, Donostiarra alegia, oso maila txukuna eskaini zuen sailkapenean, Euskotren Ligan eman duena baino askoz hobea, orotara hirugarren denborarik onena egin zuelarik. Beraz, estropada eremua ere bikain ezagutzen duela ikusita, ezin zaio bistaz galdu.

Hibaika, Euskotren Ligan seigarrena izan dena, laugarren markarik onena finkatu eta guda emateko prest dagoela ziurtatu zuen. Hondarribia bezala. Berdeek maila galdu dute eta ez dira Euskotren Ligan lehiatuko datorren urtean, baina denboraldi berria iritsi aurretik, saria jaso dute Kontxako Banderarako sailkatuz. Bikingoak ez dira amore ematen duten horietakoak eta, beraz, hasiera batean aurretik faborito direnek ezingo dute arnasa lasai hartu.

EMAKUMEEN ESTROPADA

1. txanda (11.00etan):

Astillero
Donostiarra
Tolosaldea
Arraun Lagunak

2. txanda:

Hondarribia
Hibaika
Zumaia
Orio

GIZONEZKOEN ESTROPADA

1. txanda (12.00etan):

Urdaibai
Orio
Zierbena
Getaria

2. txanda:

Donostiarra
Hondarribia
Lekittarra
San Juan