
Osertz Aldai ez da atzo hasi arraunean, baina Lekittarraren entrenatzailea, tostetan murgilduta, negar malkotan izan da minutu oso luzeetako urduritasunari eutsi ezinik, nahiz eta teorian A multzoko traineruek lanak amaitu ostean zazpigarren denborarik onena eskuratu ostean sailkapena poltsikoan izan.
«‘Xaguak’ –Iñaki Goikoetxea patroia– markatu du diferentzia itzulerako luzean. Joanekoan sufritu egin dugu, baina bagenekien patroi honekin denbora ona egingo genuela eta halaxe izan da», adierazi du Osertz Aldaik, Goikoetxea ‘Xagua’ bera ondoan zuela Lekittarraren sailkapena bermatu ostean. Izan ere, XXI. mendean aurrenekoz lortu du Isuntzak Kontxako Banderaren lehiarako sailkatzea. 1999an izan ziren Lekeitioko arraunlariak, ‘Xagua’ bera txopan patroi zela orduan ere, eta 26 urtean sartzeko muga horretan geratu ostean.
«Eskifaia erdia jaio ere ez zen egin gu azkenengoz Kontxara sartu ginenean. Taldeak lan handia egin du eta merezi izan du egindako lanak», aipatu du ‘Xaguak’ berak ere, bera ere oso hunkituta.
Irribarrea, nolanahi, ez da Lekeitioko traineruaren ingurura mugatu. Joseba Fernandez entrenatzailearen eskutik, San Juanek, elitera itzuli den urtean Kontxarako sailkatzea lortu du, seigarren denborarik onena egin ondoren. «Urte gogorra izaten ari da. Lesioek arrastaka erabili gaituzte tarte batean eta zalantzak izan ditugu talde gaztea dugulako. Baina gure lanari esker traineruari tankera hartu diogu eta sailkapen estropadara nahi bezala iritsi gara. Gainera, guk nahi genituen baldintzetan egin dugu arraunean eta gogo handia zuen herriak Kontxara iristeko zortzi urte pasa eta gero, eta orain proiektu berri honekin disfrutatzeko sasoia iritsi zaigu», adierazi du Joseba Fernandezek berak, irribarreari ezin eutsita.
Normalean ez zaio hainbeste jaramon egiten seigarren eta zazpigarren denborarik onenei, baina Kontxako Sailkatze Estropadan hauek izan ohi dira poz handiena hartzen dutenak. Dena dela, Kontxako igandeetara begira, Urdaibaik Orio gainditu izana akaso erreferentziatzat hartzerik izango da, Eusko Label Ligan ez bezala eskifaia osatzerako orduan harrobiko arraunlarien kupoekin mugarik ez baita izango, batez ere Bermeoko traineruari begira.

Bizkarreko minez
Bi metrotik gorako olatuak eta ipar-mendebaldeko haizea, tarteka 30 kilometro orduko ufadak botatzen, asteazkenean baino ere itsaso nahasi eta zikinagoa aurkitu dute Kontxako Banderarako lehian sailkatu nahi izan duten 21 ontziek. Bezperan emakumeekin ez bezala, faboritoek aurreneko txandan atera beharra izan dute. Uretan ikusitakoaren arabera, sorpresa askorik ez, baina bizkarreko mina galanta bai.
Nahikari Osari estatxarekin gertatu zitzaion ezbeharra eta gero, patroiek kontu handiz ekin diote irteerari, halako hankasartzerik ez errepikatzeko.
Ia 12 minutu edo gehiago behar izan dituzte ontziek brankaz, eta zentzu horretan, San Juanek Cabori ia minutuko aldea kendu dio luze bakarrean. Ostean iritsi da Urdaibai eta ziaboga garaiko denborarik onena egin du, Orio bera ere nabarmen gaindituz joaneko luze horretan. Ez ordea Zierbena, ‘galipoek’ hautsi baitute Bermeoko ontziaren erreferentzia.
Baina Zierbenakoen tamalerako, bidea galdu du itzulerako luzean eta Ares ababorretik gainditu du eta bidea nolabait errekuperatu behar izan du Aitor Lazkano patroiak, berak hala aitortu ostean bidea galdu duelako. Baina bere baldarrean, hirugarren denborarik onena markatu dute ‘galipoek’.
Hondarribia eta Getariak pronostikoak erraz asko bete dituzte. Nolanahi, uretan bizi izan dute lasaitasuna –nahiz eta Getariak poparean arazoak izan dituen olatuekin– arranplan bizi izan duten jai handiarekin gain hartu arte konpentsatu dute.
Horiek, Urdaibai, Orio, Zierbena, Hondarribia eta Getaria, izan dira bost onenak, San Juan eta Lekittarrarentzat azken ordura arteko urduritasunak utzita. Ondarroa izan da zortzigarrena, baina beste batzuetan ez bezala, aldeak nahiko handiak izan dira, Isuntzak Ondarroari ia 13 segundo atera dizkio-eta sailkapen nagusian. Horiek eraman dute Donostiarrarekin batera Kontxako banderaren lehian egoteko eskubidea. Kasualitatea edo ez, denak Gipuzkoa eta Bizkaiko traineruak.
Handik aurrera ez da egiazko hautagairik izan, baina Kontxako Banderaren ostean izango dira Eusko Label Ligarako igoerako kanporaketak. Zentzu horretan, Santurtzik elitera itzultzeko aukera handiak dituela erakutsi du. Orotara bederatzigarren denborarik onena egin du, Ares, Kaiku eta azkenaurren (!) amaitu duen Caboren aurretik, eta parez pare Eusko label Ligara igo nahi duten Chapela edo Zarautzen aurretik.
Lehorreratzearen osteko jaia eta gero, txanden zozketarekin amaitu da «beldurraren estropada». Hala, aurreneko txandan –eguraldi aurreikuspenen arabera, txandarik egokiena– Orio, Getaria, Zierbena eta Urdaibai izango dira lehian eta bigarrenean, berriz, Lekittarra, Hondarribia, Donostiarra eta San Juan.
Gizonen Sailkatze Estropada
1-Urdaibai 21:01.40
2-Orio 21:11.04
3-Zierbena 21:13.94
4-Hondarribia 21:22.82
5-Getaria 21:23.84
6-San Juan 21:29.08
7-Lekittarra 21:29.46
8-Ondarroa 21:42.32
9-Santurtzi 21:48.36
10-Ares 21:49.70
11-Chapela 21:57.62
12-Kaiku 22:18.06
13-Lapurdi 22:22.06
14-Zarautz 22:25.24
15-Arkote 22:26.46
16-Tiran 22:32.48
17-Zumaia 22:46.26
18-San Pedro 22:51.84
19-Meira 22:54.38
20-Cabo 23:01.54
21-Hibaika 24:49.00

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»



