INFO

Euriteen eta baldintza txarren artean, ‘Gogoaren indarra’-k lekua hartu du Karakorumen

Pablo Escuderok, Ibon Mendiak eta Joseba Iztuetak Hidden mendian sortutako bide berria (1.300 m, 7a, 70º) gailurretik 80 metrora geratu zen. Ekaitz Maizek eta Iztuetak, berriz, Trident dorrean eginiko ekinaldia tontorretik hiruzpalau luzera eten zen.

Escuderok, Mendiak eta Iztuetak Hidden mendian sortutako ibilbidea. (Joseba Iztueta)

Karakorumeko udako denboraldian, munduko beste mendigune batzuetan bezala, klimak benetako protagonismoa izan du. Espedizio bati baino gehiagori entzun diegu baldintza oso kaskarrak izan dituztela. Colin Haley estatubatuarrak, adibidez, aipatu du K7 mendian egin zuen saialdia etsigarria izan zela: «Azken urteotan Karakorumen negua oso lehorra izan da, eta horrek eragin zuzena du beste sasoi batzuetan. Gorabehera handiak ditu tenperaturak, eta gure bisitan hori sufritu dugu. Bero handia egiteaz gain, izotz gutxi izan dugu. Hortaz gain, bitxia bada ere, 5.000 metrotik gora moskitoak zeuden».

Karakorumen izan den euskal espedizio batek antzeko baldintzak izan ditu. Khane harana (Baltistan) esploratzea abiatu ziren Pablo Escudero, Ekaitz Maiz, Ibon Mendia eta Joseba Iztueta. Kanpaleku nagusia altxatu eta lehenbiziko «kolpea» hartu zuten: 4.500 metrora 30ºko tenperatura! Halere, ingurumari horretan zuten ikuspegiak indarra eman zien. Eta hori diogu horma, dorre eta orratz ikusgarriak (horietako batzuk igo gabeak) aurrez aurre zituztelako: Tagra, Trident, Agil, Hidden, Fida, Meligo, Grey…
Iztuetak adierazi digu ez zutela batera zortetik izan eguraldiarekin: «Euri asko egin zigun. Leku zoragarria da, haran oso bertikala eta ederra. Baina inbutu batean bihurtzen da eta ur guztiak pilatzen ditu. Oro har, uda honetan Karakorumen baldintza oso eskasak egon dira. Adibidez, beheko herrixketan uholdeek zenbait hildako eragin dituzte».

Eguraldi gaiztoak baldintzatuta, euskal laukote horrek aukera gutxi zuen mugimenduan jartzeko. Eskalatzaileok oso motibatuta zeudenez, igo gabe dagoen Hidden mendian ekinaldi bat egitea otu zitzaien. Escudero, Mendia eta Iztueta batu ziren irteera horretara. Iztuetak aurreratu du leiho txiki bat iragarri zietela eguraldi ezegonkorrarekin: «Haranaren amaieran dagoen mendi ederra da Hidden. Nahiz eta elurraren baldintzak txarrak ziren eta tenperatura altua egiten zuen, saialdi bat egitea otu zitzaigun. Hormaren beheko sekzioa arrokan eskalatu genuen; eskuinean zeuden serac-etik ihes eginez. Ondoren, zuzen jarraitu ordez, zeharkaldia egin eta elur zelai batean lehen kanpalekua altxatu genuen. Lehen egun horretan erritmo onean eskalatu genuen».

Biharamunean, agerikoa den elur eta izotz aldatsa (gehienez, 70º) jarraitu zuten. Lainoa, ikuspen gutxi, ekaitz baten leherketa… Osagai horiekin eta gailurretik 80 metrora zirela, hirukote horrek atzera egitea erabaki zuen. Erabat bustita, lehen kanpalekura heldu ziren: «Oso gutxi falta izan zitzaigun lan guztiak biribiltzeko. Ez zen batere erraza izan: eroria zuten metro batzuk, eguraldi epela, arroka bustia, harkaitz txarra… Hortaz gain, jaitsiera ez zen batere samurra izan. Kanpaleku nagusira jaitsi eta bi astez euripean egon ginen. Lanak bukatzeko beste irteera batean ezer gutxi egiteko aukera izan genuen. Gailurrik gabe, baina bederen “Gogoaren indarra” sortzeko gai izan ginen».

Trident

Iztuetak aipatu duen bezala, espedizio osoa baldintza eta eguraldi txarraren menpean egon zen. Alabaina, zirrikituak aurkitu zuten irteera bat egiteko. Maizek eta Iztuetak, adibidez, beste saialdia bat egin zuten. Hain zuzen ere; igo gabe dagoen Trident-en.

Hormaren oinarriaren ondoan (5.200 m) denda jarri ondoren, sokada hori eskalatzen hasi zen: «Lehen luzeak ederrak, teknikoak eta zailak izan ziren: artesiak, diedroak, plakak… 200 metro igo eta gero, sokak finkatu eta jaitsi ginen. Oraindik metro asko genituen aurretik, eta beste ekinaldi bat egiteko erabakia hartu genuen».

Bigarren horretan bi eguneko leiho on bat iragarri zieten. Egun luzea zuten aurretik, beste 600 metro, baina ezusteko ezberdinak izan zituzten: sokakide bat ondoezik, pareta hezea, harkaitz handien erorketak… Erritmoa, gainera, ez zen batere eraginkorra. Tontorra zapaltzeko eta bide berria amaitzeko hiruzpalau luze falta zitzaizkienean, atzera egitea erabaki zuten.

Hidden-en bezala, Iztuetak dio jaitsiera epikoa izan zela: «Sokak bustita zeuden, eskuin-ezkerretik bloke handiak erortzen ziren... Dendara itzuli eta lasaitu ederra hartu genuen. Laburbilduta, Karakorumen jardun duten beste alpinista eta eskalatzaile batzuek bezala, guk ere zorte txarra izan dugu eguraldiarekin eta mendien baldintzekin. Egoera oso kezkagarria da; adibidez, permafrostaren kasua. Horrek guztiak eskalada oso arriskutsu bihurtzen du. Khane harana ederra da oso, baina diodan bezala euri asko egin digu. Hasitako lanak errematatzea falta izan zaigu; sentsazio hori dugu».