INFO

Izaskun Beunzak eta Mikel Merinok irabazi dute Bertikalen Nafarroako Txapelketa

Igandean jokatutako Uharte-Beriain Kilometro Bertikalak eguraldi baldintza kaskarrak izan zituen. Lide Urrestarazu eta Aritz Unamuno izan ziren azkarrenak. Lasterketa Euskal Herriko Koparako baliagarria izan zen. Zirkuituaren laugarren proban Leire Elolak eta Unamunok sinatu zituzten lehen postuak.

Uharte-Beriain Kilometro Bertikalean korrikalariek eguraldi baldintza eskasak izan zituzten. (Uharte-Berian KB)

Eguraldiari dagokionez, atzoko eguna, igandekoa, ez zen batere aproposa izan mendian kirola egiteko. Halere, lehiei dagokienez, hainbat hitzordu jokatu ziren. Uharte-Beriain Kilometro Bertikala horietako bat izan zen. Bi hitzordu ofizial jaso zituen lasterketa horrek: Nafarroako Txapelketa eta Euskal Herriko Kopa.
200 korrikalaritik gora irteera puntura hurbildu ziren. Hots, Uharte-Arakilgo frontoira. San Donatoko ermitan zegoen helmugara heltzeko 5 kilometro eta 1.023 metroko desnibela gainditu behar izan zituzten. Hasiera eman aurretik euri zaparrada batek zalantzak sortu zituen antolatzaileen artean, baita bezperako eguraldi traketsak ere. Izan ere, lasterkarien segurtasuna bermatu behar zen. Ibilbidean hainbat aldaketa egitea aztertu zuten, baina, azkenean, ‘mamu’ horiek uxatu eta lasterketa gorabeherarik gabe jokatu zen.

Lehen kirolariak irten zirenean oraindik euria ari zuen, baina, zorionez, atertu eta soilik lainoak ‘enbarazua’ egin zuen. Emakumezkoen kategoriari dagokionez, iazko ekitaldian bezala, Lide Urrestarazuk erakutsi zuen, oso sasoiko egoteaz gain, puntu bat gainetik zegoela. Ordiziarrak ez zuen inolako arazorik izan kilometro bertikal horren hamaseigarren edizioa irabazteko. Urrestarazuren denbora 49 minutu eta 37 minutukoa izan zen. Izasku Beunza izan zen bigarrena; irabazlearengandik ia bost minutura helmugaratu zen. 55:10 kronoarekin, Ainara Alcuazek hirugarren postua sinatu zuen.

Txapelak

Bestalde, gizonezkoen mailan askoz ere lehia estuagoak ikusi ziren. Beste gipuzkoar batek, Aritz Unanuek, erakustaldia eman zuen Beriaingo aldats gogorretan zein pikoetan. Gogoratu behar dugu basoa atzean utzi eta aldapa oso tenteak gainditu behar direla. Bigarren kilometrotik aurrera %30ºekoak, eta, gehienez, %70 ibilbidearen goiko sekzio batean.

Korrikalari bergararrak marka ederra ezarri zuen: 43 minutu eta 29 segundo. Josu Urrestarazu izan zen bigarrena; irabazlearengandik 21 segundora heldu zen. Mikel Merinok, berriz, hirugarren postua egin zuen 44:26 denborarekin.

Arestian aipatu dugu Uharte-Beriain Kilometro Bertikalak bi hitzordu ofizial jaso zituela. Beunzak eta Merinok irabazi zuten Nafarroako Txapelketa. Alcuaz eta Iñigo Macias bigarrenak izan ziren, eta Ilargi Perez eta Imanol Kañamares hirugarrenak. Hiru Herri izan zen tituluarekin egin zen elkartea.

Euskal Herriko Kopari dagokionez, Leire Elola eta Unamuno gailendu ziren zirkuituko laugarren proban. Larraitz Aragon eta Iñigo Lariz igo ziren podiumaren bigarren kutxara, eta Maider Unanue eta Oier Etxeberria hirugarrenera. Erregulartasunaren zirkuitua amaitzeko beste bi proba falta dira. Aragon eta Ibon Badiola dira behin-behineko sailkapenaren buruak.