«Ikaragarria da zein azkar ari diren aldatzen Alpeak aldaketa klimatikoaren eraginez»
Kilian Jornetek liburu batean kontatu ditu Alpeak 19 egunetan lau milako 82 tontor zeharkatuz egindako trabesian bizitakoak. Prestakuntzari emandako garrantzia, «zentzuzko arriskuak besterik» ez hartzea, eta aldaketa klimatikoaren eragina izan ditu hizpide elkarrizketan.
‘Alpes, más allá de los límites’ (New Books, 2025) liburua argitaratu berri du Kilian Jornet mendizaleak, bertan, Alpeetan egindako ‘Alpine Connections’ proiektuan ahalegin fisiko eskerga bigarren maila batean geratu izana kontatzen du, bere bizitza jokoan jartzen duten erabakiak hartzeko lasai egotea beharrezkoa baita.
‘States of elevation’ amaitu berri duzu, Estatu Batuetan 31 egunetan 72 lau milako oinez eta bizikletaz lotzeko zeharkaldia. Zer moduz zaude?
Ongi, bitxia da nola proiektua aurrera joan ahala nola doan gorputza egokitzen, eta azken asteetan erritmo horretan denbora gehiagoz jarraitu nezaken. Jarraitu nezakenaren sentsazioarekin amaitu nuen.
‘New York Times’ hedabidearen arabera, «mendietan posible dena berridazten» ari zara
Azkenean, guztiok berridazten dugu egiten dugunarekin. Hau egiten ari banaiz, aurreko belaunaldiek ezagutza kartografiikoa, teknikoa edo fisikoa izateko aukera eman didaten gauzak egin dituztelako da. Ni egiten ari naizena, belaunaldi gazteagoei ezagutza eta inspirazioa ematea dela pentsatu nahiko nuke, orain ezinezkoak iruditzen zaizkigun gauzak egingo baitituzte; kate bat gara.
Zure jaioterriko Pirinioak hiru milakoak lotuz egin ostean, ‘Alpine Connextions’ proiektuan lau mila metrotik gora 82 gailur 19 egunetan zeharkatu dituzu. Nola sortu zen ideia?
Pirinioetako erronkak begiak zabaldu zizkidan Alpeetako egitea. Lasaitasuna eman zidan lotura zabalago batean pentsatu ahal izateko, eta ezagutzen ez nituen guneak lotzeko konfiantza, lau milakoen aitzakia hartuta. Ibilbidea pentsatzea eta beti mugimenduan nola egin pentsatzea egitea bera baino interesgarriagoa izan zen.
Liburuan kontatzen dute konexio koherente eta estetiko bat aldi berean egiten ahalegindu zarela
Mendizaletasuna jarduera fisikoa eta teknikoa da, jakina, ezagutza horiek izan behar dituzu, baina aldi berean sortzailea ere bada, eta estetika oso garrantzitsua da. Gandorretan zehar egiten ari zaren lerroa txori bat bezala irudikatu behar duzu.
Nola daramazu muturreko estresa? 17 orduz jarraian eskalatzen ibiltzearena, esaterako
Alpeetako proiektuko zailena kudeaketa kognitiboa eta mentala izan zen. Elikadura eta esfortzua zaintzen banituen banekien fisikoki egiteko gaitasuna banuela, eta teknikoki, zati guztiak eskalatzeko gai nintzela ere banekien. Baina zailena nire akats tekniko baten ondorioa heriotza izango zen ingurunetan egunero 15 edo 20 orduz ibiltzea zen.
Horrek, mentalki, karga handi bat suposatu zidan, hartzen duzun erabaki bakoitzak, emandako urrats bakoitzak ondorio oso latzak ekar ditzakelako. Mendiaren arriskua ere badago, erorketena, harriena... Hori guztia egunez egun oso kontzentratuta baddaude egin dezakegu. Agian nire izateko moduagatik, nahiko lasaia naizelako eta une konplexuen aurrean nahiko bare jarduten dudalako, izan zen espedizioa posible.
«Hartzen duzun erabaki bakoitzak, emandako urrats bakoitzak, ondorio latzak ekar ditzake, heriotza esaterako»
Zein puntura arte dira zentzuzko arriskuak?
Pertsona analitikoa naiz, nire gaitasunak neurtzeko orduan zentzuzkoa naiz, eta nire mugak zeintzuk diren oso argi dut. Ekuazio berean sartzen ditut nire mugak, mendiaren baldintzak eta beldurra entzutea. Alpeetan, egon ziren hartutako erabakiekin pozik ez nagoen pare bat egun, zentzuzkoak ez ziren arriskuak hartzeagatik. Baina orokorrean oso analitikoa naiz, eta buelta erdia ematen dut gehienetan.
Mendiaz gozatzea lortzen duzu?
Bai, bestela, zertarako balioko luke? Niretzat, mendia konexio hori sentitzeko da, ekosistema horren parte garela sentitzeko, edertasun hori ikusteko, ilunabarra, mendien silueta, animali batekin topatzen zaren unea... zoriontasuna ematen dizu bizitzen ari zaren esperientzia.
Liburuan idatzi duzu: «Munduarekin konprometitutako pertsonak gara, ez errekorrak gainditzeko makinak»
Kirolaren alderdia, nire ustez, mugitzeko aurrean jartzen dugun azenarioa da, entrenatzeko aitzakia. Baina niri naturara joatea sortzen den konexio horrengatik gustatzen zait; orain hiru alaba ditut, eta mendira joatea beraiekin ibilaldiak egitea eta nola disfrutatzen duten ikustea da. Gustatuko litzaidake beraiek ere guk ikusitako paisaiak ikusteak, guk izandako aukera izatea.
Aldaketa klimatikoaz: «Aldatu egin behar dugu, gauzak beste modu batera egin behar ditugu eta gertatzen ari denaz kontzientzia hartu»
Chamonixen bizi ondoren, proiektuarekin Mont Blanceko mendilerroa ikusi duzu, aldaketa klimatikoarengatik aldatzen ari dena.
Baziren lau edo bost urte Alpeetara mendia egitera joan ez nintzela, asko harritu nau, aldaketa klimatikoaren eraginez oso oso azkar ari dira aldatzen.
Liburua zerbait egin beharraren abisutzat hartu daiteke?
Aldatu egin behar dugu, gauzak beste modu batera egin behar ditugu. Lehendabizi, gertatzen ari denaz kontziente izan behar dugu eta zientzialariek esaten digutena egin behar dugu. Mundu jasangarri baterantz trantsizioa nola egin genezaken pentsatu behar dugu, eta berekoiak izanik, espezie bezala bizirauteko.
Jarraipen zientifiko bat ere egin dizute proiektuan zehar, zertan datza?
Maila fisiologikoan eta metabolikoan neurketa ezberdinak egin dizkidate: proteinen maila ikusteko odol-hartuneekin, erabilitako laktatoarekin; maila kognitiboan eta muskularrean, aldiz, mikrobiotarekin nola eboluzionatzen zuen ikusteko neurriak hartu genituen. Aztertu beharreko datu asko ditugu, gorputzari zer gertatzen zaion jakiteko eta ulertzeko.
Jakin al duzue zein den zure erresistentziaren sekretua?
Azken batean, guztiak berdinak gara, guztiok dugu berdina. Uste dut egokitzeko gaitasun oso ona dudala, baina umetatik hori egiten hasi nintzelako izan daitekeela uste dut, eta egiten jarraitu dudalako, eta horrek ekarri nau honaino.