Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.
Inpunitatearekin bukatzea eskatu dute Ertzaintzaren biktimek Rosa Zarraren omenezko ekitaldian
Rosa Zarraren omenezko plaka jarri du larunbat honetan Donostiako Udalak. Ekitaldian, «gauzak aldatu» behar direla esan dute Ertzaintzaren biktimek, eta «esku-hartze neurrigabeen» aurrean inpunitatearekin amaitzeko eskatu diote Lakuako Gobernuari.
Rosa Zarra Ertzaintzaren biktima oroitzeko plaka jarri du Udalak larunbat eguerdi honetan Donostian, Olaeta Plazan. 1995ean hil zen Zarra donostiarra, Ertzaintzaren pilotakada batek eragindako zaurien ondorioz.
Udalak adierazi du «1995ean poliziaren ekintzak eragindako biktima» dela Rosa Zarra, eta ekitaldia «duela bi legealdi terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko bultzatutako ekimenaren barruan» kokatu du.
«Rosa Zarra Marin, 58 urtekoa, Donostiako Alde Zaharrekoa eta 6 seme-alabaren ama, etxekoandrea zen eta Amara Berri auzoan bizi zen. 1995eko ekainaren 22an, Zarra Anoetako estadiotik gertu zegoen mobilizazio batean zegoela, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek sabelean jo zion. Zortzi egun geroago, ekainaren 30ean, ospitalean hil zen», gogoratu dute udal iturriek.
«37. plaka jarri dugu hirian, gure helburua delako memorian, egian, justizian eta erreparazioan oinarritutako gizarte bat eraikitzea eta plaka honek ondo baino hobeto ordezkatzen du», adierazi du Jon Insausti alkateak.
«Onartu beharra dago hiri honek eta Udalak bazeuzkala zorrak kitatzeko Rosa Zarrarekin urte dezente pasa direlako erahil zutela eta uste dugu gaur behintzat min hori arintzen Donostiako hiriak eman duela pauso bat aurrera eta zalantzarik ez daukagu Rosa Zarra bezalako beste hainbat biktima ere badauzkagula oroitzeko eta bide horretan jarraituko dugula», erantsi du Insaustik.
«Lan egin behar dute autokritikan»
Ekitaldian, udal ordezkariak eta Rosa Zarraren senideak izan dira, baita Ertzaintzaren operatiboetan izandako beste biktima batzuk ere, besteak beste, Manu eta Fina Iñigo Cabacasen gurasoak, pilotakada baten ondorioz zauritua izan zen Xuban Nafarrateren senideak eta Realaren futbol partida baten atarian Ertzaintzak egindako oldarraldi batean larri zauritua izan zen Amaya Zabarteren senitartekoak.
Komunikabideei egindako adierazpenetan, Udalak egindako urratsa eskertu du Idoia Irazusta Zarra alabak, baina memorian «sakondu eta autokritika egin behar dela adierazi du. «Plakarekin onartzen da ama biktima bat izan zela, indemnizazioa eman eta kitto. Pauso bat eman bat da aurrera, ausardiaz, eta esan ‘bai, egin genuen eta saiatuko gara berriro gerta e dadin’, ez dute esan», erantsi du.
«Gezurra esan zuten, Juan Mari Atutxak esan zuen ama berdin hilko zela pilotakadarekin edo gabe, eta hori gezurra zen», gogoratu du Rosa Zarraren alabak, eta gehitu du berdin egin zuela epaileak, «medikuak isilik egon ziren beldurrez, juezaren aldeko forentseek harrapatu zuten nonbait amak bazeukala zerbait bihotzean, adin batetik gora emakume askok daukaguna dirudienez, eta horregatik hil» zela esan zutela.
«Fede txarrez» jokatu zutela nabarmendu du Irazustak, eta hori bereziki mingarria izan zela senideentzat: «badakizu gezurretan ari zarela, familia bat dagoela minez puskatzen, berriro sartu behar duzu labana?».
Irazustaren hitzetan, hausnarketa zabaldu behar da Lakuako Gobernuko Segurtasun sailean, eta gogoratu du ekitaldian parte hartu dutela Ertzaintzaren biktima batzuek, «zeren berriro gertatu dira gauzak, autokritika egin behar dute, hor lan egin behar dute».
Badago beste biktima mordo bat eta haiek ere gertatutakoaren aitortza behar dutela aldarrikatu dute Zorraren seme-alabek.
«Gauzak aldatzeko» garaia da
Jon Pazos, 2024an Tolosan Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz begia galdu zuen Xuhar Pazos gaztearen aitak, hitz egin du polizia indarkeriaren biktimen izenean. Esan duenez, «aitortza» iritsi da Rosa Zarraren familiarentzat, baina «egia eta justiziaren alorrean» hamarkadaz hamarkada luzatzen den «inpunitate orokor» bat dago. Gogoratu du Pazosek Rosa Zarraren heriotza gertatu zenetik, berriro gerta ez zedin bermeak eskatu dituela gizarteak.
Hiru hamarkada pasa dira Zarra hil zenetik eta gizarteak eskatutako berme horien aurrean biktima berriak daudela gogoratu du. «Ertzaintzak egindako esku-hartze neurrigabeak auzitan jarriko dituen justiziaren falta sumatzen da hemen, Ertzaintzak egindako esku hartze neurrigabeei inpunitaterik eskainiko ez dien Eusko Jaurlaritzaren falta sumatzen da hemen. Itsu-itsuan esku-hartze neurrigabe horiek defendatu eta are gehiago hauspotuko ez dituen arduradun politikoen falta sumatzen da hemen», adierazi dute biktimek, eta «gauzak aldatzeko» unea dela aldarrikatu dute.
«Behar dugu gauzak aldatzea, behar dugu biolentziari inpunitaterik ez eskatzea, behar dugu biolentzia horren jardunean ari diren horiek justiziaren eskuetan jartzea, behar dugu berriro errepikatuko ez denaren benetako bermeak eskaintzea», adierazi dute.