Miren Billelabeitiak ‘Eguna hasteko olerkiak’ bildu ditu liburu batean
Goizero, eskolak hasi aurretik, poema bat irakurri ohi zien Miren Billelabeitiak bere 15-16 urteko ikasleei. Irakurzaletasunera irekitako bide hartatik etorritakoa kontatu du orain ‘Eguna hasteko olerkiak’ liburuan. Poema eta saiakera, eskutik helduta.
Ramon Saizarbitoriaren poema bat irakurriz abiatu du Miren Billelabeitiak ‘Eguna hasteko olerkiak’ (Pamiela) liburuaren aurkezpena. «Horrela hasi ohi zen garai batean nire egunerokotasuna», oroitu du, Mugiako ikastetxe batean irakasle zela bere 15-16 urteko ikasleei eguna abiatzeko olerki edo pasarte bat irakurri ohi ziela adieraziz. Esperientzia hark emandakoa bildu du Pamielarekin argitaratu berri duen liburuan, poesia eta saiakeraren artean dantzan dabilena.
«Lanera atera aurretik beti irakurtzen nuen zer edo zer etxean, bost minutuz, poema bat, orrialde bat... eta halako batean pentsatu nuen hori ere bazela modu bat nire ikas-saioak hasteko. Niretzat, lana hasi orduko irakurtzea bada eguna gozo eta gogoetatsu hasteko modu bat, lasaitasunez, eta haientzat ere izan zitekeela pentsatu nuen», azaldu du proiektuaren abiapuntua. Baina Billelabeitiak bazituen beste bi arrazoi sakon ere irakurketa ohitura hori gazteen esparrura eramateko. Lehena, «oporraldietatik bueltan beti galtzen diegula gazteei ea zer irakurri duten, baina ez diegu esaten guk zer irakurri dugun», gogoetatu du, berak irakurzaletasuna truke moduan ulertzen duela azalduz, baita elkarrizketak abiatzeko aitzakia gisa ere. Bigarrenik, liburua, objektua bera, eskura izan zezatela: «Hori ere inportantea da, objektuak berak badaukalako amu bat, tira egiten du, eta hori ikusi egin nuen nire jardueran», ziurtatu du.
Izan ere, esperimentua ondo atera zen, ikasleak berak hasi zitzaizkion irakurketa ozen hura eskatzen, baina egun batek bestea ekarri zuen, eta halako batean pandemia iritsi zen. «Akabo irakurketak», pentsatu zuen Billelabeitiak, baina proiektuari buelta eman eta ikasleei proposatu zien zerbait irakurri, grabatu eta audioa berari bidaltzeko. «Ez zegoen ez notarik ez ezer, baina hasi ziren grabazioak iristen eta konturatu nintzen eguneroko xirimiri hark izan zuela eragina lur idorrean, gazteek ez dutela irakurtzen pentsatzen dugulako, baina konturatzen gara hurbiletik begiratzen badiegu eguneroko jardueran irakurri egiten dutela», nabarmendu du.
Ikasleek grabazio haietarako egindako hautaketaren inguruan, zehaztu du Gabriel Aresti, Miren Agur Meabe, Amaia Lasa, Lizardi, Lauaxeta, Harkaitz Cano edota Leire Bilbao direla gazteek aukeratu dituzten poemen autoreetako batzuk. Gehienek hautatu zuten poemaren arrazoia ere zehaztu ziela aipatu du Billelabeitiak: «Badago bat dislexikoa dena eta Lizardiren poema nahiko luzea hautatzen du, ‘Zeru azpia’; ez da batere erraza errezitatzea, ez dut pentsatu ere egin nahi zenbat aldiz egin zuen proba erratu gabe irakurtzeko... Beste batzuk bere bizitzako pasarteren batekin lotu dute poema, amak olerkariarekin ikasi zuelako edota gogorarazten dielako aititerekin ibai ertzera joaten direnean arrantzara. Hori ere garrantzitsua da, irakurketa hori nola lotzen duten euren bizitzarekin, haurtzaroarekin, ze zoriontasunez betetako esperientziak dira», jarri du balioan.
Esperientzia hark emandakoa aztertu du ‘Eguna hasteko olerkiak’ liburuan. Ikasleek bidalitako 33 poema bildu ditu alde batetik, baina ez dela olerki-liburua azpimarratu du. «Bada narrazioa, esperientziaren kronika ere bai, eguneroko itxura duten pasarteak ere badaude eta autobiografia ere bai, gogoeta», zehaztu du. Baina liburua, batez ere, «maitasunez idatzitakoa» izan dela nabarmendu du, «gazteen grabazio eta ahots horiek berrentzunez emozioz idatzitako liburu bat».