«Andra Mariko sua bizirik dago oraindik», gogorarazi du Gerediagako presidente berriak
Durangoko Andra Mari elizako arkupeetan, orain 60 urte, egin zen lehenengo Euskal Liburu eta Diskoaren Azokaren «su hura bizirik dago oraindik» gogorarazi du Gotzon Gomezek, Gerediaga elkarteko presidente berriak, ostiral iluntzean egin den inaugurazio ekitaldian.
Goizean zabaldu ditu ateak Azokaren 60. edizioak, baina iluntzean egin da irekiera ofiziala, San Agustin kulturgunean, euskal erakunde publikoen ordezkaritza zabalarekin.
Imanol Pradales lehendakaria ere ikusi dugu arratsaldean Landakon, euskal produktuak erosten. Jende dexente ibili da, goizeko ikasleen ‘uholdea’ jeitsi ostean, arratsaldea lasaiago joan da, agian indarrak gorde behar izan ditugulako gelditzen zaizkigun hiru egunei begira.
Durangoko Azoka bezalako ekimen herrikoi beterano bat ez du pertsona bakarrak egiten. Denboran osatzen joan den kate luze baten emaitza da eta, aitor dezagun, katebegi batzuk beste batzuk baino eragin, garrantzi eta presentzia gehiago izan ohi dute. Are gehiago, bat-batean zendu eta hutsune handia uzten dutenean.
Argizaiola saria Izaskun Ellakuriagari
Gotzon Gomezek, Gerediaga elkarteko presidenteak, urteurren honetan gogoeta egiteko beharraz mintzatu da. «Andra Maritik Merkatu plazara, gero karpa erraldoietara, handik Landakora eta, azkenik, Durango osora» egin du bidaia Azokak.
Orain, 60 urte betetzean, «aurrera begiratzeko» unea iritsi da. «Andra Mariko su hura bizirik dago oraindik, eskurik esku ekarri dugun Argizaiolan», gehitu du.
Argizaiola saria da, hain justu, Gerediagak euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana goraipatzeko urtero ematen duen saria.
Eta aurten zendu den Izaskun Ellakuriagari, Gerediagako prentsa arduradunari, eman diote aurten ondo merezitako Argizaiola saria, «20 urtetan gure etxearen zutabe» izan delako, Gomezek aipatu duen bezala. Ellakuriagaren ilobek eta amak jaso dute saria, txalo hunkituen artean.
Eta, horrez gain, Nerea Mujikaren lekukoa hartu du aurten Gomezek. Hau dela eta, hogei urte luzeetan Gerediagaren ahotsa eta aurpegia izan den emakumea omendu nahi izan du presidente berriak irekiera ekitaldian. Mujika, orain, ohorezko lehendakari da.
Bihotzak, taupadak eta mozioak
Egun hauetan Durangok «gure herriaren bihotzaren erritmoa markatzen du», aipatu du ere Ibone Bengoetxeak, Kultura eta Hizkuntza politikako sailburu eta Lehenengo Lehendakari ordeak. «Ez da soilik tradizio bat, etengabe berritzen den herri proiektua da. Ezinbesteko proiektua da», gehitu du.
EH Bilduk ere ordezkaritza zabala izan du irekiera ofizialeko ekitaldian. Goizean, Azokak ateak ireki baino ordu gutxi batzuk lehenago, euskal sortzaile, artista eta kultura arloko profesionalak egiturazko prekarietatetik ateratzeko neurri sendoak eskatu ditu EH Bilduk Legebiltzarrean. Josu Aztiriak iragarri duenez, mozio bat aurkeztuko dute helburu horrekin, Lakuako Gobernuari sortzaileak babestuko dituen lege bat eskatzeko, urrats hori egitea «behar-beharrezkoa» delakoan.
«Sortzaileak entzun eta zaindu behar ditugu; aitortza eta egonkortasuna eskatzen digute, eta hori ekimen legegile eta politika publiko sendoekin lortzen da, geure ardurez jakitun eta gure gaitasun politiko eta instituzionala baliatuz», adierazi du Aztiriak.