INFO

Errudunak eta errugabeak, 301 familiaren etorkizuna ulertzeko zenbait datu

301 langileren etorkizuna kolokan, Aiaraldeko eta Meatzaldeko 301 familia enpresa baten jabeen erabakiaren zain. Enpresa horrek Tubos Reunidos du izena. Eta testu honen helburua da azaltzea zer gertatu den egoera latz honetara iristeko.

Tubos Reunidos Amurrion duen lantegiaren argazkia. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Enplegu erregulazioko espedientea, EEE. Hiru hitz, hiru hizki, eta mehatxu bakarra. Urtarrilaren 30ean Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzak iragarri zuen bideragarritasun plana aurkeztuko zuela otsailaren 7an. Argi zegoen kaleratzeak izango zirela Amurrioko eta Trapagarango lantegietan. Hasieran, batzuek ehun lagun inguru kaleratuko zituztela zioten; beste batzuek argi zeukaten kolpea gogorragoa izango zela. Eta, tamalez, asmatu zuten.

Tubos Reunidosek 301 lagun kaleratu nahi ditu, 274 Amurrion, eta 27 Trapagaranen. Gainera, Aiaraldeko altzairutegia ixtea proposatu du, joan den urtean taldeak 71,3 milioi euroko galerak izan zituela argudiatuz; eta zorra 263,2 milioi eurokoa dela dio. Donald Trump AEBko presidenteak ezarritako muga zergen eragina nabaria dela azpimarratu du enpresak, baina langileek argi dute gaur egungo arazoak ez direla egun batetik bestera sortu eta hainbat alditan salatu dute kontseiluaren kudeaketa okerra.

170 milioiko mailegua

NAIZekin hitz egin duten langileen esanetan, mende hasieran, Tubos Reunidosek emaitzak paregabeak izan zituen, baina egoera guztiz aldatu zen 2006an, Condesaren bat egitearen aukera mahaigainean jarri zenean. 2007an bere akzio propioak erosteko eskaintza publikoa iragarri zuen, eta 2008an 170 milioi euroko kreditua eskatu zuen. Baina dagoeneko krisia ate joka zegoen, eta operazioak ez zuen aurrera egin «egungo egoera ekonomikoa eta finantza merkatuen kondizioak direla-eta».

Egin beharreko galdera da: zertarako erabili zen eskatutako kreditua? UGTk joan den astean argitaratutako ohar batean azaldu zuenez, enpresako arduradunek «finantza jokaldia» aprobetxatu zuten «diru hori beraien artean banatzeko» eta orduan zegoen 35 milioiko zorra 200 milioikoa bilakatu zen. Ideia bera adierazi zuten enpresa batzordeko ordezkariek Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Dirua akzioak amortizatzeko erabili zela nabarmendu zuten: «Finantza egoera ona zela argudiatu zuten, eta akziodunei ordaindu behar zitzaiela uste zuten».

Mobilizazioak eta grebak

Nola ez, egoerak okerrera egin zuen eta 2012an mobilizazioak izan ziren Amurrion lan hitzarmenaren negoziazioaren harira. Hamar eguneko grebari esker akordio bat lortu zuten, eta enpresak ez zituen aplikatu Mariano Rajoyren Gobernuak onartutako lan erreforman jasotako neurriak. Dena den 2017an mobilizazioak izan ziren berriro. Kontzentrazio eta lanuzteak egin zituzten ‘360 Plana’ izenekoaren aurka. ELAk kritikatu zuenez, enpresak plan hori ezarri nahi zuen «kostuak murrizteko langileen eta lan baldintzen lepotik».

Trapagaranen kasuan 2018. urtean Tubos Reunidosek EEE bat aurkeztu zuen garai hartan Productos Tubulares izena zuen enpresan 157 langile kaleratzeko asmoz. Gainerako langileen soldatak %25 jaitsi nahi zituen, eta, gaur egun, Amurrion gertatzen ari den bezala, altzairutegia itxi. Langileak kalera atera ziren eta grebara jo zuten. 41 egun egon ziren lan egin gabe, euren eskubideak aldarrikatzeko, eta azkenean enpresak baztertu egin zuen espedientea. Irabazi zuten, baina garaipena ospatzeko astirik ez zuten izan, 2021ean berriro grebara jo zutelako.

Enpresak 170 milioiko mailegua eskatu zuen 2008an, eta sindikatuen esanetan, dirua akziodunen artean banatu zuten 

112,8 milioiko dirulaguntza

Garai horretan garrantzi handiko bi erabaki hartu ziren: batetik, Tubos Reunidosek 112,8 milioi euroko dirulaguntza lortu zuen Enpresa Estrategikoen Kaudimenari Laguntzeko Funtsetik, Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietateari (SEPI) esker, eta, bestetik, Sestaoko altzairutegia Amurrioko lantegira eramango zutela iragarri zen.

Dirulaguntzari dagokionez, sindikatuek hasieratik ezbaian jarri zuten enpresaren estrategia, eta ohartarazi zuten, legez, eskaera horretan plan estrategikoak agertu behar zuela. «Langileen ordezkariek behin eta berriz eskatu dizkiote enpresari bideragarritasun eta industria planak. Hala ere, taldeak ez du kasurik egin, nahiz eta errekerimendu hori aurkezteko betebehar legala izan», esan zuen ELAk. Era berean LABek duela gutxi salatu zuen batzordeak ez duela izan kontu auditorien berri. «Zorraren datuak ematen zizkiguten baina auditoriarenak ez», aipatu zuen Oier Bidaurratzaga LAB sindikatuko ordezkariak asteazkenean NAIZ Irratian.

Langileen protesta, joan den astelehenean. (Raul BOGAJO/FOKU)
Langileen protesta, joan den astelehenean. (Raul BOGAJO/FOKU)

Horrez gainera, epaitegi bat ikertzen ari da SEPIk emandako dirulaguntza, Leire Diezek eta Antxon Alonsok jokatutako papera argitzeko. Guardia Zibilak egindako txostenen arabera, biek parte hartu zuten operazio horretan, eta, ikertzaileek diotenez, komisioak jaso zituzten.

Francisco Irazusta Tubos Reunidoseko presidentea zenaren hitzetan, laguntza horri esker martxan jarri zen 2021-2026 aldirako plan estrategikoa, Sestaoko altzairutegiaren lekualdaketa jasotzen zuena. Sindikatuak erabaki horren aurka agertu ziren, Ezkerraldeko desindustrializazio prozesuan «beste urrats bat» egiten zela ohartarazteko.

Irazustak esan zuen plan estrategikoa martxan jartzeak «etorkizunera begiratzeko» aukera emango ziola konpainiari, baina hori ez da bete. Egia esan, azken hamarkadan ugaritan errepikatu dira aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteak (ABEE).

Iaz NAIZen argitaratutako iritzi artikulu batean, Gorka Abascal ESK-ko ordezkariak ohartarazi zuen ABEEak «enpresa politika» bihurtu direla: «Tubos Reunidosek beti bilatzen du ahalik eta onurarik handiena, egoera aldekoa izan ala ez. Baina estrategia ez da inbertitzea, ezta bere plan estrategikoa betetzea ere, baizik eta bere plantilla derrigorrean malgutzea, halako neurriak baimentzen ez dituen hitzarmen baten aurka eginez, eta ABEEak erabiltzea diru soldaten kostuei aurre egiteko».

Ildo horretan, gogoratu beharra dago 2023an etekin handiak izan zituela Tubos Reunidosek, 56,3 milioikoak. Dena den, zorra ez zen hainbeste txikitu: 2021ean 300 milioikoa zen, eta 2023an 282,4 milioikoa. 2024an mozkinak 28,6 milioikoak izan ziren, eta urte horretan, bai, nabaria izan zen zorraren txikiagotzea, 234,3 milioira. Halere, 2025era begira enpresak «ziurgabetasunak» aurreikusten zituen: «Ziurgabetasun horien artean, Donald Trumpen agintaldiko politika ekonomikoaren inguruko zalantzak nabarmentzen dira, eta, bereziki, muga zergen inguruko neurriak».

Erakundeek diote zorrari aurre egitea dela lehentasuna, baina EAJren eta PSEren arteko desadostasunak nabariak dira. Jeltzaleak SEPIri begira daude, eta PSE, Lakuari begira

EEE eta erantzuna

Joan den asteko emaitzak ikusita, badirudi egindako aurreikuspena bete egin dela. Nolanahi ere, une honetan beharrezkoa da beste galdera bat egitea. Aurreko urteetan Tubos Reunidos taldeak mozkinak izan bazituen, gaur egungo arazoa egiturazko arazo bat da edo egoeraren araberakoa? Lehenengo kasuan enpresak argudioak izango lituzke EEE bat proposatzeko, baina bigarrenean ez. Bigarren kasuan mahaigainean beste ABEE bat gauzatzeko aukera jarri beharko luke; gaur egun, eta otsailaren 28ra arte, indarrean dagoena bezalakoa, hain zuzen.

Bidaurratzagak Peli Lekuona NAIZ Irratiko kazetariari adierazi zion moduan, langileek sumatzen zuten ABEE horren luzapena egongo zela, edo besteren bat ezarriko zela, gogorragoa. «Baina EEE bat ez, kaleratzeak nahiko larriak direlako. Ez genuen horrelakorik espero, ezta altzairutegia ixtearena. Desastre bat izan da».

«Zorigaitz» horri aurre egiteko antolatzen ari dira langileak Amurrion eta Trapagaranen. Greba egunak deitu dituzte, eta lehenengo bilera ostiralean izan zuten Lakuan erakunde ugaritako ordezkariekin. Zoritxarrez, badirudi ordezkari politikoen lehentasuna enpresaren zorra dela, eta ez langileen etorkizuna. «Erreakzio sutsuetatik eta epe motzekoetatik aldendu behar dugu, eta Arabako enpresa historiko baten bideragarritasunean pentsatu», azpimarratu zuen Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak joan den astelehenean egindako agerraldian. Bertan mezu bat bidali zien «hartzekodun nagusiei», kasu honetan SEPIri: «Guztion lehentasunak Tubos Reunidosen etorkizuna bermatzea izan behar du».

Hitz horiek, eta ondorengo egunetan egindako beste adierazpen batzuek ere, eztabaida sortu dute, eta agerian utzi dituzte EAJren eta PSEren arteko desadostasunak. «Besteei etxeko lanak jarri aurretik bereak egiten hasi beharko luke», erantzun zuten jeltzaleen bazkideek, eta SEPIren eta Espainiako Gobernuaren jokabidea babestu zuten. «Eusko Jaurlaritzari eskatu beharko lioke neurriak har ditzala industria krisi honi aurre egiteko».

Erakundeek eztabaidatzen duten bitartean, langileen ezinegona areagotzen da; izan ere, askok uste dute Amurrioko altzairutegiaren itxiera pauso bat dela enpresa osoa ixteko bidean. Eta, akordiorik lortu ezean, zuzendaritzak «neurri gehigarriak» iragarri ditu.