Ernest Bai Koroma Sierra Leonako presidenteak emergentzia egoera ezarri du herrialde osoan, ebola birusaren agerraldiari aurre egiteko. «Aparteko erronkek aparteko neurriak behar dituzte», adierazi du nazioari zuzendutako mezuan.
Ebolaren birusak 220 lagun baino gehiago hil ditu Sierra Leonan dagoeneko. Emergentzia egoeraren ondorioz, presidenteak datorren astean Estatu Batuek eta Afrikak Washingtonen egingo duten gailurrera egitekoa zuen bidaia bertan behera utzi du.
Armadak eta Poliziak mediku eta gobernuz kanpoko erakundeei lagunduko diete eta birusa gehien zabaldu den eskualdeetan mugimenduak mugatzeko lan egingo dute.
Leku publikoetan bilerak ere murriztu egingo dituzte, gaixotasunari buruzko informazioa zabaltzea helburu dutenak izan ezik.
Lungiko nazioarteko aireportuan bidaiarien sarrera eta irteeretarako protokoloak jarriko dituzte indarrean, eta ministro eta funtzionario publiko guztiek atzerrira egitekoak dituzten bidaia guztiak bertan behera utziko dituzte, ezinbestekoak direnak izan ezik.
Neurri horiek eta beste batzuk 60-90 eguneko epean aplikatuko dira hasiera batean, eta birusaren eboluzioa ikusita erabakiko dute ondoren zer egin.
Nigerian ere erlojuaren aurka ari dira ebolaren hedapena geldiarazteko.