Nuria Lopez Torres | 7K

Quebec

Maisuki konbinatu dituzte hainbat kulturatako eraginak beren nortasun propioa eraikitzeko. Baina ondare kulturala ez ezik, geografia ere neurrigabea eta basatia da Quebecen, eta quebectarren izaera mamitzen lagundu du horrek ere.

Argazkiak: Nuria Lopez Torres
Argazkiak: Nuria Lopez Torres

Suharrak dira quebectarrak. «Café noir» zurrut txikika hartuz igarotzen da hemen bizitza, lagunarteko zein familia giroko berriketetan. Izan ere, La Belle Provinceko biztanleek diotenez, laburregia da bizitza ardo merkez, janari gezaz eta graziarik gabeko janzkiz betetzeko. Maisuki konbinatu dituzte hainbat kulturatako eraginak beren nortasun propioa eraikitzeko. Baina ondare kulturala ez ezik, geografia ere neurrigabea eta basatia da Quebecen, eta quebectarren izaera mamitzen lagundu du horrek ere.

400.000 aintziratik gora daude Quebecen katalogatuta. Dena da egundokoa eta paregabea; tenperatura ere bai, noski: sei hilabetetan aldatzen da neguko ‑30 °C-tik udako aro epeleko +30 °C-ra. Oraindik Quebeceko Gobernuak lurra oparitzen die probintziaren iparraldeko eremua –Ozeano Artikoaren zati den baina, tamaina dela eta, barne-itsasotzat har daitekeen Hudson badiaren inguruko lurrak– kolonizatzera animatzen direnei. Baina hango klima gogorra eta neurririk gabeko distantziak edozein kikiltzeko modukoak dira. Iparralderantz goazen eta probintzian barneratzen garen heinean, errepide sarea bakantzen doa eta, halako batean, autoa utzi eta ur-hegazkina hartu beharrean izango gara. Horixe da, hain zuzen, eskualdeko lurraldearen bi herenetan mugitzeko dagoen ibilgailu bakarra. Honela zioen 1936an orduko lehen ministro William Lyonek: «Herrialde batzuek historia gehiegi dute; guk, berriz, geografia gehiegi».

Ezinezkoa da haren oparotasunaren, lurralde zabalen eta natura basatiaren aurrean zirrararik ez sentitzea. Berehala jabetzen da bidaiaria zergatik duten quebectarrek halako kontzientzia ekologiko handia. Nork bere burua txiki ikusten du, eta men egiten dio naturak munduaren bazter hauetan erakusten duen gizakiaren gaineko botere ukaezinari. Indar erlazio horretaz ondo jabetu eta hori barneratu ezean, bidaiariak ez du izango eskualde miragarri honetan barrena barneratzeko behar besteko espiritu eta adorerik.

Parke Nazionaletan barrena. Quebec eskualdeak parke nazionalen eta biosferaren erreserben sare zabala du, bere 1.600.000 km2etan barreiatuta.

Trans-Canada Hwy (Hwy 20) errepidearen inguruan daude –San Laurendi ibai famatuaren ipar ertzean dagoen Tadoussac herria baino lehen– inguruko parke nazional interesgarrienetako batzuk. Topatuko dugun lehena Mont Tremblant Parke Nazionala da, Les Laurentides izeneko eskualdean dagoena. 1894. urtean sortua, Quebeceko parke nazionaletan zaharrena eta handiena da. 1.510 km2-ko azalera dauka, eta sei ibai nagusi eta 400 aintziratik gora biltzen ditu; bisitatzeko modurik egokiena, beraz, kanoa, piragua edo kayaka da. Dena dela, aukera hori udaldian baino ez dago eskura, gainerako garaietan aintzira eder horiek guztiak irristaketa pista natural handiak bilakatzen baitira. Berrehundik gora hegazti espezie bizi dira bertan, eta, horiekin batera kastoreak, wapitiak, altzeak, azeriak eta otsoak ditugu, eta ezin konta ahala anfibio ere bai.

Handik iparralderago La Mauricie Parke Nazionala dago, izen bereko eskualdean. Inguruko alde ezezagunenetako bat da, Montrealen eta Quebecen artean, erdibidean dagoen puntu estrategikoa izanagatik ere. 1970ean sortu zuten parkea hango basoen zati bat babesteko, papergintzaren industriak suntsi ez zitzan. Kriminala zatekeen leku paregabe hauek desagertu izana. Pazientzia pixka bat baldin badu, bidaiariak hartz-kumeak ikusi ahal izango ditu urki, astigar eta lertxunen artean korrika, udazkenak bere kolore-sorta zabalena eta ederrena eskaintzen digun unean.

155 errepidea hartuta eta iparralderantz 300 bat kilometro eginda, Saint Jean laku dotorearen ipar ibarrean Pointe Taillon Parke Nazionala aurkituko dugu. Lakuan husten den Peribonka ibaiaren deltako uharte hondartsu batean dago parkea. Ibilbide honetan aurkituko ditugun gainerako parkeak ez bezalakoa da Pointe Taillon. Ez dugu mendi garairik aurkituko, ez eta ibar sakonik ere; aitzitik, makina bat ur-habitat daude, fauna ugari eta aberatsaren bizileku diren urmael, istinga eta padurak. Altzeak eta kastoreak dira hemen errege ukaezinak.

Quebeceko lakuetan hirugarren handiena da Saint Jean (1.076 km2 ditu), eta haren urak Saguenay ibaiaren fiordoa elikatzen dute. Chicoutimi herritik Tadoussac ikusgarrira bitarteko eremua hartzen du, 100 kilometroan, Saguenay ibaiak, eta bitarte horretan dago Saguenayren Fiordoko Parke Nazional txundigarria. Hemen, Quebeceko naturak eskaintzen duen ikuskizun ederrenetako bat mirets dezake bidaiariak. Azken glaziazioan sortua, ipar hemisferioko fiordo guztietan hegokoena da hau. Haren ertzetan, ur ilunetatik 500 metro garai diren malkarrak zutitzen dira. Oinez ibili behar da toki ikusgarri honetan, labarren oinetatik abiatuta, baina udan ibili ohi diren ontzietako batetik esploratzea ere ederra da.

San Laurendi ibai ospetsua. Planetako ur gezako erreserba likido handiena (Amerikako Aintzira Handiak) eta Atlantikoa konektatzen dituen «ibai-autobidea» da San Laurendi ibaia, eta izen bereko itsasadarra eratzen du itsasora iristean. Hain ugaria da haren emaria, non gainazala ez baita inoiz erabat hormatzen. Lehen tartea AEBen eta Kanadaren arteko muga naturala da. Ontario probintziako Ontario aintziratik abiatu, eta, 3.000 km egin ondoren, San Laurendi itsasadarraren bitartez itsasoratzen da Atlantikoan.

San Laurendi ibaian barrena nabigatu zen lehen europar ezaguna Jacques Cartier izan zen, Kanadara egindako bigarren bidaian, hain zuzen (1535). Itsasadarrera San Laurendi egun batez iritsi zenez, izen huraxe eman zion Cartierrek: San Laurendi golkoa. Urte luzeetan izan zen San Laurendi ibaia europarrek Ipar Amerikako barrualdea esploratzeko erabilitako sarbide nagusia.
XVII. eta XVIII. mendeetan, frantsesek eta ingelesek, beti elkarren arteko lehian, egindako gotorlekuak besterik ez zegoen San Laurendi ibaiaren ibarrean. Kolonoen etorrera ugaritu eta eskualdea baketu ahala, garai bateko lurralde basatiak landetxe bihurtu ziren, eta gotorlekuak hiri. Gaur egun ere nagusi dira landetxeak eta zereal, barazki eta fruta sailak Quebeceko paisaian. Koloretako etxe politez eta lorategi txukunez betetako herrixkek, haur-ipuin batetik atereak ematen dutenek, osatzen dute paisaia xarmangarria.

Zortzi milioi quebectarretatik gehienak San Laurenditik gertu bizi dira; izan ere, lurraldeko hiri nagusietako bi, Montreal eta Quebec bera, haren ipar ibarrean daude. Bertakoen izaera moldatu du, nolabait, ibaiak, haiekin halako lotura sakon eta hurkoa sortuta.

Baleak ikustea. Saguenayren fiordoaren parean zabaldu egiten da San Laurendi, eta, han, itsasoko lasterren eta ibaiaren uren arteko interakzioaren ondorioz, munduan den itsas ekosistemarik emankorrenetako bat sortzen da: alga mikroskopikoz betetako «zopa», hainbat organismoren bazka dena eta kalitate apartako krilla bizitzeko aukera ematen duena. Baleentzako paradisua da, eta urtero etortzen dira Artikoko ur hotzetatik San Laurendiko puntu honetara sekulako tripa-festa egitera.

Zere arrunt eta txikiak, balea beltzak, xibartak, belugak eta zere urdin ikusgarria, planetako ugaztunik handiena, 25 metro ere egin ditzakeena, zetazeo espezie horiek guztiak ikus daitezke inguruan, bai eta foka alaiak ere, jakin minari amore emanda burua uretatik kanpo erakusten dutela. Handienak izan ezik, espezie guztiak lehorretik ikus daitezke, ez dago zertan zodiac ontzira saltatu.

Urtero-urtero, udaldian, giro berezia sortzen da Tadoussac herrixka bukolikoan; berez 1.000 biztanle baino ez dituen arren, munduko hainbat tokitatik etorritako bisitariak elkartzen dira bertan, eskualdean den ikuskizun natural harrigarrienetako bat begiestera. Handik 35 kilometrora, iparralderago, Les Begeronnes herri txiki eta lasaia dago; ez da Tadoussac bezain ezaguna eta mediatikoa, baina baleak ikusteko toki onenetako bat dago han. 138 errepidea hartuta, 10 km iparraldera dago Cap de Bon Desir-eko interpretazio-zentroa, baleak aztertzeko eta ikertzeko zentroa. Baleak ikusteko harri naturalezko begiratokia da zentroaren erakargarri nagusia. San Laurendiren ertzean, alimaleko harrien gainean jarrita, aurretik igarotzen diren bale ugariak ikus daitezke. Zenbaitetan zetazeoen erromeria ematen du lekuak. Ezin azalduzko sentipenak hartzen zaitu eserita zauden tokitik metro gutxira halako aparteko izakietako bat agertzen denean. Iruditzen zaizu badakiela han zaudela eta agur egitera hurbildu zaizula, ia ukitzeraino ere; orduan, edertasun hura ikusita men egiten diozu eta ez duzu alde egin nahi, badakizu-eta agian ez duzula berriz izango halako une zirraragarririk bizitzeko aukera.


Cap de Bon Desir-eko itsasertza; hainbat zetatzeo espezie aztertzen duen interpretazio zentroa dago bertan. Ikusmin handiena baleek sortzen dute.