Toni Ramos, Cristina Bereziartua
Alternatibako Arabako ordezkariak

Arrazista ezjakina edo asmo txarrekoa? No la defiendan

Egin dituzun adierazpen arrazista eta xenofoboen aurrean, gaitzespenik irmoena adierazten dugu. Ez dakigu nahita aritu zaren gezurretan edo zure ezjakintasuna azaldu besterik ez ote duzun egin ziurtatzean aljeriar eta marokoarrak laguntza sozialak jasotzeko Gasteizen erroldatzen direla.

Zure iruzur sozialaren aurka- ko gurutzadaren datuak ikusita, argi dago erroldatik kanporatutako pertsona gehienak, %75, bertakoak direla, eta %18ra ere heltzen ez direla jatorri magrebtarrekoak. Ez legoke gaizki zurea bezalako kargua dutenek informazioa bilatzea halako salaketa larriak egin aurretik, are gehiago herritar guztiek -zuk ere bai- dakitenean zure alderdiko bulego dotoreetan esertzen direnetako askok iruzur eta ustelkeriarekin harreman zuzena dutela, herritarren lepotik gainera, diru publikotik milioika euro desagerrarazten dituztela. Beraz, zuzena- goa litzateke esatea zu zeu, PPkoa izate hutsagatik, politikari ustela zarela, pertsona jakin batek, magrebtarra izateagatik, iruzurra egiten duela esatea baino.

Zure adierazpen arduragabeekin ohituta gaude; are okerrago, ildo beretik doazen politikak ezartzera ohituta gaituzu, Frantzian Le Pen bezalako muturreko eskuindarrek babestutako politiken parekoak. Horrelako diskurtsoek arrazakeria eta xenofobiaren txinparta piztu besterik ez dute egiten krisiak kolpatutako gizartean, etorkinak egoera horren errudun bilakatuta. Baina egoera hau zure alderdiak ezarritako politiken emaitza zuzena da. Zure hitzak gezurra baino askoz gehiago dira, gizartean pentsamolde faxistari bide egiten dion pozoitzea ekar dezakete.

Oker dabilenak, are gehiago alkatea denean eta herritarrei kalte egiten dienean, okerra zuzendu eta publikoki barkamena eskatu behar du. Ez dugu uste hala jokatuko duzunik, zure politika arrazista eta xenofoboak aldatuko dituzunik uste ez dugun bezala. Ez dirudi, halaber, arduraz aritzearen argia piztuta diskurtso populista lagako duzunik hitz pedagogikoak eta arrazoituak erabiltzen hasteko. Eta benetan diogu, Maroto jauna, gustatuko litzaigukeela honetan oker dabiltzanak gu izatea.

Recherche