Patxi Aznar Bellido

Konponketa iraunkorra

Orain dela pare bat urte Lanpedusan 300 pertsonak galdu zuten bizitza, aldi hartan, Italiak izan ezik, beste gainontzeko herrialdeek beste ezbehar bat eragozteko ez zuten ezer egin. Hori esanda, orain dela bi asteko ezbeharrak, non 900 lagun Mediterraneoko uretan bizitza galdu zuten, ez nau harritu. Gaia konpondu ahal izateko hamaika neurri har daitezkeen arren, borondatezko lankide batek esandako hitzekin gelditzen naiz. «Zeruan agertu zen hegazkina hutsik jaitsi zen eta handik denbora gutxira alde egin zuen» entzun ondoren, eszena neure buruan berehala irudikatu zen: bertako lehengaiekin bete zuten hegazkina eta joan egin zen. Borondatezko lankideak zioenez, hori gertatzen zen bitartean, hango herritarrak ihesak jota edo gosez hiltzen ari ziren. Nire ustez, orain arte esandakoa da aldatu behar dena, hau da, Afrikako herrialde askok metropoliekin mantentzen duten harremana. Herri kolonizatzaileek orain dela berrogeita hamar urte inguru Afrikako herrialde askori (Mali, Niger, Txad…) independentzia eman arren, dena lotuta utzi zuten herrialde haietako agintari berriekin ordura arte izandako merkataritza onuragarriarekin jarraitzeko. Honela lur haietako herritarrek bertako baliabideak ezin dituzte aprobetxatu. Orain arte aipatutakoa gutxi balitz, zenbait herrialdetan arma istiluak direla eta, migrazio fluxuak dezente hazi dira. Horrez gain, europarrek, batez ere, Frantziak eta Erresuma Batuak, eta Ameriketako Estatu Batuek, Libiako aginte egitura suntsitu zutenetik zonaldean utzitako ezegonkortasuna mafiek aprobetxatzen zuten etorkinekin negozioa egiteko. Bestalde, Europa Batzordeak ez ohiko bilkuraren emaitza aztertu ondoren, badakigu epe ertainean ez dela ezer aldatuko, EBko goiko agintariek, Triton planaren bitartez, Europa Batasuneko mugak ixtea hobetsi dutelako. Aurreko plana (Mare Nostrum), Italiak martxan jarritakoa, askoz garestiago izanda ere, bederen, pertsonaren salbamenduan oinarritzen zen. Bukatzeko, Mediterraneoko zainketa handitzea baliagarria izanda ere, ez du eragin handirik edukiko beste neurri batzuekin batera ez badoa.

Recherche