GAIAK

Emakumeak nagusi Bilbao BBK Liven azken egunean

Pet Shop Boys eta J Balvin baziren ere karteleko buruak, Nathy Peluso eta Rigoberta Bandinirenak izan dira larunbateko jardunaldian nabarmentzeko izen propioak. Emakume gazteen presentzia oso eskasa izan da Pet Shop Boysen emankizunean.


Hirugarren eta azken eguna Bilbao BBK Liveko 2022ko edizioan. Arratsalde eguzkitsu eta beroa Ezpalak entzunaz freskatu dugu San Miguel oholtzaren gerizpean. Euskal rock eszenako aurpegi ezagun ugari bildu dira bertan, baian jende gehiegi ez, esperotako moduan. Pena da ordutegi hau egokitu izana, baina badakigu zer den halako festibal batean aritzea. Hala ere dena eman du laukote tuterarrak (horrela aurkeztu ditu Juanjo Berasain abeslariak). ‘Kolpatu, topatu’ diskoa hasi eta buka jo dute ia-ia. Azken hiruak ‘Hegan edo hilik’, ‘Itzala’ eta ‘Zatoz’. Laburregia geratu zaigu denoi kontzertua.

Cariño taldea izan da lehena oholtza nagusian. Pop-punk doinuak jorratzen dituzten arren, erritmo denak programatuak izan dira, elektronika hutsa. Aurreko egunetan antzeko proposamenak entzun ditugu Shego, adibidez.. C Tangana bertsionatu izanak eman ziela ospea aipatu dute. Tartean abesti outsider bat ere egon da, 90eko elektronika doinuekin. Jarraitzaile batzuk elkartu dituzte.

Sen Senra, proposamen desberdina izan da egun hauetan ikusitakoen artean. Abangoardiako popa egiten du sintetetizadore, ahots-efektu, gitarra, baxu eta abarrez baliatuz. Musikariak instrumentu bat baino gehiago jotzen dute. Bateriaren soinua, batez ere kaxarena, oso berezia izan da emanaldian, ederra. Drilla eta popa uztartzen dute eta, hein batean, Ghau proiektua ekarri digu gogora.

Emakumeak nagusi

Rigoberta Bandiniren txanda izan da segidan. ‘Ay mamá’ abestiaren sampleo batzuk baliatu ditu saioa hasi eta gutxira, beste abesti baten baitan. Pop elektronikoa jorratzen duen proposamena da, azken urtean sekulako ospea lortu duena eta hori nabaritu da, oholtza nagusiko eremua goraino beteta zegoelako hasi orduko.

Show oso bat eskaini dute, zazpi dantzari, bi musikari eta bi abeslari. Mocedades bilbotarren abesti bat, ‘Cuando tu nazcas’, drill eta techno mundura eraman du kataluniarrak. Ez da bertsio bakarra izan, Massielen ‘La, la, la’ ere abestu baitute.. Hein batean esan daiteke Alaskaren formazio desberdinek Madrilen eta handik kanpora hamarkada desberdinetan lortutako espazioa hartzera datorrela Bandini, feminismoa ardatz nagusi bezala hartuta. ‘Julio Iglesias’, segidan abestu duena, horren adibideetako bat. Esteban Navarro taldekideak hitza hartu du segidan. Cotton Cluben, Bilbon, izan omen zen duela urte batzuk eta harrituta geratu omen zen saioa bukatzean denek bere izena esan zutelako. «Bakarrik atera nintzen berriz, solo batzuk egin eta agurtzerakoan berriz ere nire izena oihuka, ez zen normala. Gero jabetu nintzen ez zela nire izena, beste bat eskatzen ari zirela baizik», kontatu du musikariak.

Bitxikeria hori bukatu eta Rigobertak galdera zuzena: «¿Cuantas perras han venido hoy?». ‘Perra’ abestiaren sarrera moduan izan da hori eta denak saltoka eta topera abestuz jarri dituzte Bandinik eta konpaniak. Break bat egin eta denak lau hanketan dantzan jarri dira oholtzan, txakurrak bailiran. Denek oholtza utzi eta esperotako unea iritsi da, ‘Ay mamá’ osorik abestu duenekoa, berriz ere publikoa erotuta, are gehiago bi abeslariak bularrak agerian dituztela geratu direnean. Aldarria alde guztietatik. Atzo estreinatutako ‘Así bailaba’ aurkeztu eta Amaia Romero bera agertu da oholtzara elkarrekin abesteko. Espainiako umeentzat klasikoa den kantu bat gaurkotutako letrarekin eta emakumeen ahalduntzetik idatzi dute eta ume baten gozamena, jolasa eta askatasuna agerian utzi. ‘Too many drugs’ kantua izan da azkena eta festa giroan bukatu dute. Bukatu orduko, Franco Battiatoren ‘Voglio vederti danzare’ jarriz.

Nathy Peluso argentinarraren txanda iritsi da, 10 minutu berandu hasi da, jendeari batetik bestera mugitzeko denbora emateko. Musikariak oholtzara 21:30ean irten dira eta Nathy atzetik. Beste show bat, hasierako eszenaratzeko modutik azken akorderaino. Hip hopa, doinu latinoak, argiak eta dantzak, eskaintza borobila. Probokatzaile ibili da Peluso, ohiko legez, eta jendearen erantzun aparta. Euskaraz «eskerrik asko» ere esan du. Jendeari une magikoa eskaini nahi ziola esan eta ‘Buenos Aires’ abestia etorri da. R&B musikan sartu irteera ere egin du. Aipatzekoa banda, batez ere haize sekzioa, dinu latinoetan ezinbestekoa den hori eta berezitasun guztiarekin. Gehiago izango balu hortik, proposamen ederragoa izango litzateke, akaso, Pelusorena. Ahots erregistro zabala du eta dantzari fina da. Musikariak ere oso finak. «Gozatzera etorri zarete?» galdetu eta salsa bat jo dute kolpera, ‘Puro veneno’ abestiarekin. Pena koroak ez direla zuzenean izan, hori gehitu behar lioke Pelusok bere bandari. Bukaera Camilo Sistoren ‘Vivir así es morir de amor’ kantuaren moldaketarekin.

Joy Crookes aritu da bitarten Beefeater gunean, Amy Winehousen zaleentzat gomendatutako proposamena eta asmatu dute hori esaten. Pena izan da kasu honetan ere koroak grabatutakoak zirela, horri, gainera Basoa guneko grabeak karpan sartzen zirela gehitu behar zaio. Metro gutxian bi giro zeharo desberdin zeuden, nahiz eta kanturen batean bi artistak elkarrengandik gertu egon musikalki. ‘Dont let me down’ hita abestu dute, sekzio erritmiko bikaina dute, baxu eta bateria-jotzaile apartak. Esanadakoa, amy zaleentzat bada, baina gaur egungo kontestuan. Kendrick Lamar maite duela eta haren bi kantu ere abestu ditu.

Bulego eta Pet Shop Boys aldi berean

Firestone oholtzan Bulego taldea ‘Suzko erroberak’ abesten ari zirela iritsi gara. Festibalerako estetika bereziarekin agertu dira. Publiko askorik ez dute izan, baina onak, Ezpalaken kasuan bezela.

Pet Shop Boys, Ukrainako bandera erraldoi batekin hasi da bere emanaldia eskaintzen. Neil Tennantek eta Chris Lowe eta bi farola emanaldiaren hasieran. Kaskoak jantzita atera dira oholtzara, baina estetika aldatzen joan dira etengabean. Jendez hala nola egon da hala ere gune nagusia. Emakumezko publiko gutxi eta adinean aurrera joandakoak gehienak. Zer pentsatua eman behar du horrek aurreko bi artistekin jendea topera egon delako. ‘Where the steets have no name’, ‘It’s a sin’ edota ‘Go West’ bezalako klasikoek ez dute hutsik egin.

Proposamen zeharo desberdina zegoen Txiki oholtzan, Carolina Duranterekin. Jende asko zegoen bertan, Txiki oholtzan izan den kontzertu jendetsuena. Rock indartsua du talde madrildarrak, zuzenean diskoan baino oldarkorragoa eta erantzuna ere halakoa izan da. Ordubete indartsua eskaini dute madrildarrek.

M.I.A. eta munduko doinuak

M.I.A. ere 10 min berandu hasi da, doinu erdi arabiarrak eskainiz. Beste emanaldi performatiboa izan da erabat. Lau dantzari lehendabizi eta bera sartu da atzetik halako drum and bass berezi batekin. Gero Afrika beltzera eraman gaitu perkusio tribalarekun. ‘Bucky done gun’ eta segidan ‘Pull up the people’ kantuak etorri dira. Bere hitik ez da falta izan, ‘Paper planes’ aski ezaguna esaterako. «You ready Spain?» galdetu du, nonbait ez diote azaldu nora etorri den.

J Balvin izan da guretzako azkena. Atzera kontaketa bat martxan jarri eta su-garrak zerura. ‘Mi gente’ kantuarekin hasi eta ordu eta erdiko emanaldia, hit bat bestearen atzetik elektronika latinoaren maitaleentzako. Kaixo bat behintzat esan du. Hiru egun, 115.000 bisitari, 36 ordu eta 40 kilometro oinez Kobetamendin egin ostean, bukatutzat ematen dugu aurtengo Bilbao BBK Live. Datorren uztailaren 6tik 8ra gehiago.