MAY. 09 2014 TXOKOTIK Eskupekoa, merezitakoa denean Mikel Jauregi Kazetaria Tarantinoren «Reservoir Dogs» filmaren hasierako eszenan, protagonistak kafetegi bateko mahaiaren bueltan solasaldi axolagabean dauden horretan -Madonnaren «Like a Virgin» kantu ezagunaren jatorriaren kontura hasitako jario soltean-, zerbitzariari bakoitzak dolar bateko eskupekoa ematekotan geratzen dira. Baina Larrosa jaunak (Steve Buscemi) ezetz dio, bere poltsikotik ez dela sosik aterako kafea zerbitzatu dion neska gaztearentzat. «Ez, ez. Ez dut eskupekorik ematen. Ez dut horretan sinesten (...) Bueno, ez dut eskupekorik ematen ohitura bailitzan. Bakarrik ematen dut norbaitek merezi duenean, benetako ahalegina egin duelako. Baina eskupekoa ematea besterik gabe, modu automatikoan... hori kaka pila da». Hitz horiekin akordatu naiz zutabe honen zuritasunari aurre egin diodanean. Jira eta buelta ari nintzen, hariari heltzeko justifikazio bila: «Berriz ere horretaz jardun behar al diat? Berriz ere errukigabe astintzeko? Errepikakortzat hartuko haute, pipertutzat. Okerrago, obsesioa duzula pentsatuko ditek». Baina Steve Buscemi handiaren larruan ezagutu genuen Larrosa jaun xuhurrak bezalaxe, ni ere ez naiz inoren aurka egurrean hasten ohiturak bultzatuta, automatikoki, besterik gabe; inork merezi duelako baizik, astindua jasotzeko «benetako ahalegina egin duelako». Horra, behar nuen justifikazioa. Jose Ignacio Munillaren agerraldi publiko bakoitza altxor txiki bat da. Eta aste honetakoa ere maila horretakoa izan da, perladuna. Tonto izpirik ez du batere, mihi zorrotza bizkor erabiltzen daki eta abila da irudi ederrak eraikitzen, baina aberrazioak aberrazio dira, baita bere ahoan ere. «Zarata handiagoa egiten du lurra jotzen duen arbola batek isilean hazten ari den baso oso batek baino» erantzuna josi zuen Donostiako gotzainak bere Elizako ordezkariek azken hamarkadetan haurrei eta gaztetxoei egindako sexu erasoez eta bestelako gehiegikeriez galdegin ziotenean. «Kleroaren %0,8 da» esanda, zer zuritu nahi du? Eta «%0,8 horretaz lotsatu egiten gara» gaineratuta? Non geratu da besteentzako beti eskura duen kontundentzia? Kaka pila ederra.