GARA Euskal Herriko egunkaria

Frantziako Apezpikuen Batzarraren aldizkaria bake prozesuaz mintzo


Atxik Berrituz-ek, Euskal Herrian bake prozesua sustatzeko lan egiten duen giristinoen taldeak, jakinarazi duenez, Frantziako Apezpikuen Batzarreko «ateak behin eta berriz jo ostean, irekitzea kausitu» du berriki. Hala, joan den otsailaren 11n, taldeko bi kide –Mikel Epalza eta Gabi Mouesca– ordu eta erdiz mintzatu ziren Apezpikuen Batzarreko Justizia eta Bakea batzordearekin. Bileran, beren hilabetekariko bi orrialde eskaini zieten. Hala, apirileko alean, Atxik Berrituzek igorri lau idatzi «oso- osorik» argitaratu dituzte.

Elizaren inplikazioa

Bertan, 2011n izandako Aieteko Konferentziatik honako egoera azaldu eta Euskal Herrian bakea trenkatzeko egiten ari diren ahalegin askotarikoak aipatzen ditu Epalzak, presoen egoera eta Paris eta Madrilen immobilismoa gogora ekarrita.

Euskal elizbarrutietako kristau asko bakea bultzatzeko xedearekin lanean ari direla nabarmenduta, gizarteak Elizaren aldetik «laguntza keinuak» eta bi gobernuei aukera historiko horri heltzera dei eginez «Vatikanoaren esku hartzea» espero dituela gaineratu du apaizak.

Halaber, hiru testigantza jaso ditu aldizkariak. Bata, Amaia Aseginolaza Baionako katekista eta preso baten emaztearena. Bestetik, Gabi Mouescarena berarena, Iparretarrak taldeko militante izatetik egun bakea eraikitzeko eta giza-eskubideen bermea lortzeko ahaleginari nola batu zaion kontatzen duena. Azkenik, Jean-Pierre Marin IK-ko atentatu bat jasan zuenaren lekukotasuna, «irtenbiderako elkarrizketa tresna» dela esanez.