GARA Euskal Herriko egunkaria
HEMEROTEKA

«Morralla»


«Moralla» hitza (jendilajea, jendaila), gaztelaniaz jakina, erabili zuen Javier de Andrés Arabako Diputatu Nagusiak euskaldunak deitzeko. (…) Maroto Gasteizko alkatearen ereduari jarraituz (etorkinak gure kontura bizitzera datoz Gasteizera), De Andrés jaunak, hizkuntz politikaren gaineko eskumenak Aldundiek izan behar dituztela eta ez Eusko Jaurlaritzak aldarrikatzeko, nahasmendua eta haserrea sortu ditu euskaldun guztien artean, baita Arabako euskaldunen artean ere, zeren Javier de Andrések bere adierazpenetan ahantzi baitu erabat (nahita) arabar batzuk, eta ez gutxi, euskaldunak garela. Nafarroako euskaldunei buruz ez du ezer esan De Andrések, agian bere burutxoan nafar eta euskaldun kontzeptuak bateraezinak dira. Iparraldea ez dago bere mapan. Javier de Andrések ez du bere inguruan euskaldun bat bera ere ezagutzen? Ez dut uste. (…)

Arabako PP horrelakoa da; desberdinen arteko lankidetza eta bizikidetza, elkartasuna, hizkuntzen eta kulturen aberastasuna, euskaldunen hizkuntz eskubideak ez dira ezer hauteskundeak irabaztea kolokan baldin badago. Atzerritar pobreak, etorkinak erabili zituen Marotok eta euskara erabili du De Andrések. Ausartuko dira euskararen politizazioaz hitz egitera?

«Morralla» entzun nuenean Sarkozy-ren «racaille» hura etorri zitzaidan gogora, beharbada De Andrési gustatzen zaio konparazioa. Jendilajea, jendaila, ganadua. Ez dakit ni ere beste “morralla” mota bat izango naizen: gasteiztar bat Bizkaiko egunkari batean?