MAY. 01 2015 Marmotaren eguna Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria Hasi da marmotaren eguna, bai horixe! Susmo sendoa eragin dit duela hiru egun esnatu ninduen kantu berak esnatu nauenean. Baina ez da izan proba bakarra; presa handirik ez dudanean, minutu batzuk ematen ditut ohean, irratiko kantuak entzuten, gorputza zein burua tenplatzeko modu ona izan daitekeelakoan. Bada, tarte horretan entzun ahal izan dudan beste euskal kantua, aste honetan hirugarrenez entzun dut, zenbat proba gehiago behar duzue? Izuak jota altxatu naiz, eta eskerrak gosaltzen ari nintzela ez dudan euskal kanturik entzun, irrati bera jarrita eduki arren. Beraz, bizikleta hartu eta lasai antzera atera ahal izan naiz kalera. Bueno, badakizue, entzun duzun azken kantuaren melodia txistuka jotzearen bizioaren ondorio kaltegarriak alde batera utzita. Gaur “A quien le importa” eraman dut alboan, hantxe ezin bazter egin, bulegora iritsita beste musikaren batekin kantu inbaditzailearen arrastoak ezabatu ditudan arte. Eskerrak lanean ez dudan irratirik entzuten. Horrek eguna normaltasunez hartzen lagundu dit. Baina, bat izan ohi da, etxera itzuli, sukaldean tripa-kontuak prestatzen hasi, eta irratia berriro piztea. Aiba, itzuli da, goizean baino indartsuago, deja vu sentsazio ikaragarri hori: hemen dago marmotaren eguna! Hamaikagarrenez entzun dut Tapia, ustez, «azken diskoko» “Eta tira eta tunba” (2010) kantu «berri» bat aurkezten. Mundua gelditu da eta neu ez naiz enteratu! Ai Andoni, EITB irratian jartzen dituzten euskal kantuak baino gehiago errepikatzen dituzu gauzak! Eta ez da erraza.