GARA Euskal Herriko egunkaria

Hauteskunde ondorengo soinu banda


Mundua esplikatzeko ahalegin bizian gabiltzan honetan, uste dut asmatu dudala hauteskunde hauen ondorengorako soinu bandarekin, eta hausnarketa tenplatzen, gogoa argitzen eta, batik bat, iparra ez galtzen lagundu didana zuekin konpartitu nahi nuke. Lasai, ez dizuet dozena bat kantuz osatutako zerrenda azalduko. Ez dira izango tristeziaz eta nostalgiaz betetako baladak, galtzaileen epika badakizue. Ez dago bertan irabazleen zaldiek gustura entzungo lituzketen fanfarriarik eta sinfoniarik. Ez naiz hain sofistikatua. Aski izan zaizkit Brassensen hiru kantu aldartea mudatzeko.

Lehena nola ez, “La Mauvaise Réputation” (“Fama txarra” Duhalderen bertsioan): «Baina jendeek ez dute maite beren gisa bizi ez bazare, zintzilik ikusiko naute, itsuek ez hanbat hobe». Bigarrena, harrokeria tentazio bati men eginez, “La Ballade Des Gens Qui Sont Nés Quelque Part” (Lekuren Batean Sortutakoen Balada): «Haien zoriontasun eskasaren gaineko alarma pizten denean, atzerritar guztien kontra, barbaroak dira gehienak, beren zuloetatik irteten dira gerran hiltzeko». Eta azkena, nola ez “Mourir Pour Des Idees” (Ideiengatik hil), hau aitortzen dut gehien gustatzen zaidan haren kantuetako bat dela: «Hil gaitezen gure ideiengatik, ados, baina herio geldoan». Hobeto azaltzerik? Kantari zahar baten aspaldiko kontuak? Bai zera, begiratu inguruan.