MAY. 31 2015 ZORROZTARRIA Ezkutuko ideiak piztu Julen MURGOITIO Ez dakit zerbaiten seinalea den. Pentsa liteke euskal lurraldeetan indarrean den unibertsitate publikoen sistema benetan bikaina izatearen seinalea dela ere... Hainbesteko bikaintasun zera gora eta behera, egia izango ote da? Auskalo! Baina tira, konturatua naiz egunotan nik lizentziatura zientzia adar batean atera nuen arren, letretako hainbat adarretan ere majo aritzen naizela, aditu antzera edo. Akaso ez da hori bikaina, nahiz eta nire espedientea «nahikoz» josita egon? Bada, bai, kanta gogoan, maite ditut neure buruko bazterrak, barrukoez nago orain, ohiko ideiek ezkutatzen dizkidatenean, baina are gehiago maite ere ideiok zer ezkutatzen duten botoek didatenean ikusten uzten… Badakizu segida zein den, orduan hasten bainaiz ez-ezkutukoa, nire buruan pizten eta bizten diren bestelako ideia miresgarriak ikusten… Eta hara! matematikaria eta soziologoa ere izan banaizela konturatu! Lizentziatura baten prezioan hiru atera! Eskerrak amari eta aitari. Aitortu behar dut, hala ere, ez naizela oraindik heldu Jainkoaren lege zaharrek ematen duten kudeaketaren bikaintasun puntura, baina tira, ahaleginetan nagoela ezin uka! Harira, Murgoitio, demonio! Bada, bai, astelehenean kalkulagailua eskuan ibili nintzen bateriak bost bider aldatuta. Integratuak egiten hasi, deribatuekin segi… ez nuen bada erro karratuak egiten amaitu! Hala ere, ezin aldagaietan mendekoa eta askea desberdindu! Atez ate ibili arren! Soziologiari eutsi nion segituan, puntu kardinalak erreferente, herrialdeka lehen eta ibai-arroka gero, eta nota batzuk paper birziklatuan gauzatu ere. Nota batzuk esan dut? Bai zera, sumario batek dituen beste orri bete nituen neure zalantzekin. Txalapartarekin nago berba eginda eta litekeena da noton sintesia bost tomotan ateratzea udazkenean. Amaiera ez dut oraindik idatzia, hala ere.