JUL. 11 2015 Harri-zulatzea Barakaldon jokatuko da Euskal Herriko Ligako laugarren saioa J.L. Euskal Herriko Ligako laugarren jardunaldia jokatuko da bihar Barakaldon, 19.00etan hasita. Orain arte aritu diren talde guztiak hantxe izango dira lanean. Trapagarango Aldai Alde, Ortuellako Burdin Gazteak, Gallarta, Kabiezes, Las Karreras, Barakaldoko Errekatxo eta Arratzuko Piratak arituko dira bihar arratsaldean lanean. Orain arte hiru jardunaldi jokatu dira, eta Aldai Alde izan da denetan onena, eta orain arte ikusitakoaren arabera, laugarrengo honetan ere faborito aterako da aipaturiko taldea. Berriro ere garaipena lortzen baldin badu, txapela lortzetik ere oso gertu jarriko litzateke; izan ere, gaurkoa eta gero, beste hiru jardunaldi geratuko dira jokatzeko, eta lau garaipen lortuta, gainerako saioetan gauzak oso gaizki egin beharko lituzke ez irabazteko. Sailkapen nagusian Kabiezes dago bigarren postuan, eta Burdin Gazteak, berriz, hirugarren. Gauzak horrela, badirudi azken bi talde horien artean egongo dela Ligako bigarren postua.