JUL. 26 2015 ZORROZTARRIA Aurrera paperak Julen MURGOITIO Hor ibili naiz, goizean, aurrera paperak atzera paperak periodikoa leituz ilustratu nahian. Gaurko zutabe horizontala gizentzeko hazkurri bila. Hara! Tiro eremutik kanpo zebilen zibil bati tiroa egin diote eremu barrutik, zeintzuek eta zibilak ez diren beste horiek. Tiro eremua deitzea ere balen muga ez den espazio bati! Zehatz dezatela, behingoz, zein den tiro eremua eta zein bala eremua. Edo hobeto, zibilizatu ezinean diren horiek har ditzatela aldean balak eta tiroak eta joan daitezela pikutara, albo-kalteak eta guzti! Hara joateko pasaporte beharrik ez dute eta. Egin diezaiotela, bide batez, ekarpena Nafarroako aldaketari. Tira, harira! Aurrera paperak. Eguraldia! Bai sargoria gero egunotan! Eta euliak jo eta ke, zizt! Eta nik bietan jarrai, zart! Eta zart! Albo-kaltea edo. Sekula ez dut hondartzena ulertu, sekula hori santa izanda ere. Eguzkia jotzen hasi eta hara! Kristo guztia han! Gaua bada ere. Hareak berak eguzkitan egoteko duen berezko eskubidea zapaltzera! Nork bere larruazala beltzarantzearen izenean. Atzera paperak. Kolpea hau ere, hondartzatik atera gabe! Azken urteotan ohikoa izan den lasterketa nudista bat ez dute aurten burutuko… murrizketak direla eta aurrekontu faltagatik! … … … aitor dut, zaila egiten zait hainbat notizia ulertzea, lar sakonak dira niretzat, ilustratzeko egiten ditudan ahaleginak eginda ere. Total, beroa bero, eta ortua ortu, hor nabil eguraldi orrian arakatzen, fronteren bat noiz datorren begira. Ea Fronte Zabala behingoz hurbiltzen hasten den, metatutako bero sapa astintzeko, euliak barne. Eta benetan zabala izateko kuotarik gabeko frontea izan dadila. Kuotak beharrezkoak dira, onak ere seguruenik, antxoen eremuan, hortik kanpo ez, seguru. Eta aldaketez nagoela, noizko lurreratutakoek puntuak eman GARAko Tour jokoan?