GARA Euskal Herriko egunkaria
aPERITIFa...

«Kalimotxoak kola eta arnoa du. Nazkagarria da, badakit, baina...» . JUSTIN DUBON


Fandango izeneko estanko-ostatuaren jabe da Justin Dubon. Duela hamar bat urte Montauban (Okzitania) herritik errugbian aritzeko jin zen Baionara eta, hortik gutxira ostatua erosi zuen Espainiako karrikan. Egun, ezaguna da auzoan eta dinamika guztietan sartzeko gogotsu ibiltzen da. Euskoaren aldagunea da eta «kafe solidarioa» ekimena bultzatu duen ostalari bakarra da. Gainera, neguko gau ilunetan ASB kirol elkarteko lagunekin karrika alaitzen ibiltzen da.

Baionako bestak hirira bizitzera etorri aurretik ezagutzen zituen Justinek, baina orain lan eta lan ibiltzen da bost egunetan, tabako paketeak salduz eta, ostatua txikia izan arren, jaietarako kontratatu dituen 15 langileak antolatuz. «Lan handia da! –aitortu du– baina karrika honetan giroa atsegina izaten da».

Nekatua egon arren, ez du galdu ahoan bilorik gabe hitz egiteko ohitura. Errugbi taldeko lagunak heldu zaizkio, ohiko bezeroak eta, beste lagun asko. «Bereziki lehen hiru egunetan. Larunbatetan bestelako giroa izaten da», argitu du. Halere, «hemen ez da hango faveletan bezala», adierazi du Baiona Ttipiko giroaz mintzatuz. «Han orgia bat da, hemen ibiltzen den jendea helduagoa da!». Berarekin geundela zerbitzari batek kalimotxo bat zer demontre den galdetu dionean, Justinek zehaztu dio: «Kola arnoarekin, badakit nazkagarria da, baina...».

Diru eta arno asko

Gehien gustatzen zaizkion egunak lehena eta azkenekoa direla erran du irriz. «Ez, ez... jaiak zoragarriak, gaitzekoak dira, bereziki jendea ezagutzen duzunean», erantsi du berehala.

Hamabost lagun kontratatzen dituenez, pentsatzekoa da dirutza irabaziko duela. Baina galdera batzuk ez zaizkio pausatu behar ostalari bati, eta, hori argi adierazi du irriño batekin begiratu gaituenean. «Plus on bat dira...». Eta, zenbat litro arno edaten diren galderari bigarren irriño batekin erantzun dio: «Litro asko».

Elkarrizketa bukaeran karrikan pixa egiten duten batzuen aurka jo du. «Jendetasunik ezak desesperatzen nau. Edonon egiten dute pixa. Iruñean kalean pixa egiten dutenei ukabilkadak ematen omen dizkiete», dio, Baionan gauza bera egin beharko litzatekeela ulertaraziz.