AUG. 08 2015 Henningsenen «Doce meses de campaña con Zumalacárregui» liburua berrargitaratu dute Zumalakarregi Museoak eta Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies erakundeak elkarlanean argitaratutako liburuak XIX. mendeko egoera gertutik bizitzeko aukera eskaintzen du. Iñigo EXPOSITO donostia Charles Frederick Henningsen egilearen, “Doce meses de campaña con Zumalacárregui” liburua argitaratu dute Zumalakarregi Museoak eta Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies erakundeak elkarlanean. Liburu hau lehenengoz Londresen argitaratu zen 1836 hasieran, Tomas Zumalakarregi hil baino urtebete lehenago. Henningsenek bere esperientzia jaso zuen bertan. Karlisten alde borrokatzera etorri zen Euskal Herrira eta Zumalakarregiren alboan bizitakoak kontatzen ditu, garaiko egoera azalduta. Xabier Irujok, Nevadako Center for Basque Studies erakundeko arduradunak, eta Mikel Alberdi Zumalakarregi Museoko Dokumentazio zerbitzuko arduradunak duela urtebete ezagutu zuten elkar, eta berehala hasi ziren lankidetzan. «Museoak bazuen Henningsenen erakusketa bat, gerran zehar hark egindako marrazkiekin. Horren harira, liburuaren lehen edizio elebiduna egitea erabaki genuen, gaztelaniaz eta ingelesez», azaldu zuen Irujok. Soldaduen memoriak «Ez da historia liburu bat, soldadu baten memoriak dira. Gerra garaiko bizimodua gertutasun handiarekin erakusten du. 1833tik 1835era Zumalakarregirekin egon zen Henningsen eta horregatik du izenburu hori», argitu zuen Irujok. «XIX. mendeko testuak barne hartzen dituen liburua izateko irakurketa errazekoa da», gehitu zuen Alberdik. Henningsenek ikusi eta sentitutakoak kontatzen dira bertan. «Liburua interes handikoa da, lehen pertsonan idatzia dago. Hura irakurtzen ari zaren bitartean soldadu artean barneratzen zara», adierazi zuen Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studieseko arduradunak. Ildo nagusia armada liberalaren «genozidio kanpainan» kokatzen da. «Lurralde hauetan estatua osatu eta barruan zeuden herriak desagertu eta homogeneizatu nahi zituzten. Nolabait herrietako kultura suntsitu nahi zuten. Gauzak horrela, Lorenzo, Valdes edota Quesadak egindako sarraskiak aurki daitezke liburuan», esan du Irujok. Argitalpen berriak jatorrizko testuez gain Roman Oyarzunek 1937an egin zuen itzulpena jasotzen du. Aldi berean, museoan ikusgai dauden Henningsenek egindako akuarelen erreprodukzioak ere liburuan bildu dituzte. GERTUTASUNA«Liburua interes handikoa da, lehen pertsonan idatzia dago. Hura irakurtzen ari zaren bitartean soldadu artean barneratzen zara», azaldu zuen Irujok.