SEP. 14 2015 Juduen probokazioak borroka gogorra eragin du Meskiten Zelaigunean Uri Ariel Israelgo Nekazaritza ministroa eta eskuin muturreko kide ugari Jerusalemeko Meskiten Zelaigunera joan ziren atzo, eta bertan zeuden musulmanen erreakzioa eragin zuten. Dozenaka zauritu. Abbasek, Jordaniak eta Egiptok ere gaitzetsi zuten Israelen jarrera. GARA JERUSALEM Bart hasi ziren eta bihar bukatuko dira juduen Urte Berriko festak. Ordu batzuk lehenago, Israelgo eskuin muturreko makina bat lagunek Jerusalem hiriko Meskiten Zelaigunera bisita egitea erabaki zuten, nahiz eta bazekiten ekimen hori musulmanen gustuko ez zela izango. Ezta izan ere! Meskiten Zelaigunea borroka eremu bihurtu zen atzo, dozenaka zauriturekin (110). Gauza bera gertatu zen uztailaren 26an, juduen Tisha Beav izeneko baraualdiaren egunean. Orduan ere eskuin muturreko kideak otoitz egitera bertaratu eta musulmanak haserrearazi zituzten. Azam Jatib Waqf Islamiarra erakundeko (zelaiguneko ondare musulmana kudeatzen duena) zuzendariak esan zuenez, «gaur egun beltza da Al Aksa meskitaren historian», Israelgo agintariek ez baitzieten utzi musulmanei tenplura sartzen. Azam Jatibek egiten duen irakurketaren arabera, istiluak eskuin muturrekoek iragarrita zuten bisitarekin lotuta zeuden. Uri Ariel ministroak eta beste judu askok egunsentian Tenpluaren Mendian (horrela deitzen diote lekuari) otoitz egitea erabaki zuten. Musulmanek bi talde osatu zituzten bere garaian Meskiten Zelaigunea babesteko helburuarekin: Murabitat eta Murabitum. Joan den astean Moshe Yaalon Israelgo Defentsa ministroak legez kanpo utzi zituen bi talde horiek, bertaratzen zirenei eraso egiten zietelakoan. Gauzak horrela, atzo goizeko 6.30ean Israelgo segurtasun indarrak lekura iritsi, eta txikizioa eta borrokak eragin zituzten. Beraiek emandako bertsioaren arabera, Inteligentzia Zerbitzuak esan zien tenpluaren barruan istiluak prestatzen ari ziren palestinarrak zeudela. Miki Rosenfeld Israelgo Poliziaren eledunak adierazi du meskitaren barruan zeudenek harriak, su artifizialak eta bengalak bota zizkietela agenteei. Tenpluko atea bota egin zuten eta borrokak gogortu egin ziren. Zaurituak eramaterik ez zuten izan Ilargi Gorri erakundeko anbulantziek, Amin Abu Ghazaleh eledunak esan zuenez. Egoera hori urte eta erdiz luzatu zen. Lekukoek jakinarazi zuten israeldarrek meskita inguratu egin zutela, atea berriz ondo itxi baino lehen. Kateak eta burdinagak erabili zituzten horretarako. Horren ondoren, tenpluaren barruan zeuden pertsonei eraso egin zieten. Ondoren, Poliziak esango zuen lehergailuak ere atzeman zituztela meskitaren barruan. Handik ordu batzuetara Ahmed Tibi Israelgo Parlamentuko diputatu palestinarrak bisitatu zuen zelaigunea, eta orduan ere istiluak sortu ziren, baina kasu horretan Israelgo Poliziaren eta bisitari palestinarren artean. Mahmud Abbas presidenteak gaitzetsi egin zuen gertatutakoa eta Nabil Abu Rudaina eledunak gogorarazi zuen Jerusalem eta beste leku sakratuak «zeharkatu ezin daitezkeen marra gorriak» direla. Hau erantsi zuen bozeramaileak: «Presidentea ez da besoak gurutzaturik geratuko tankerako erasoen aurrean». ZAINDARIAKWaqf Islamiarra erakundeak jakinarazi du atzo arte israeldarrek ez zituztela inoiz meskitako zaindari guztiak bertatik aterarazi. Omar Kaswani Al Aksako meskitako zuzendaria zauritu eta atxilotu zituztenen artean dago.