SEP. 19 2015 Lurralde Kontratuan funts igoera apalagoa izango da euskararentzat Arantxa MANTEROLA BAIONA Lurralde Kontratuaren (LK) negoziazioaren baitan, ostegun arratsean Baionan egindako azken gidaritza batzordean ia erabat zehaztuta geratu da 2014-2020ko hitzarmeneko lehen fasea. Hautatutako proiektuak eta horiek diruz hornitzeko funtsen banaketaren berri oraindik eman ez duten arren, atzo jakin zen euskararen sustapenerako hainbat eragilek eskatzen zuten funtsen bikoiztea ez dela izango. Sinadura, urrian Ipar Euskal Herrian hizkuntza politika kudeatzen duen Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) urteko aurrekontua 3 milioi eurotik 6ra igotzea ezinbestekotzat jota, hori egin ezean Lurralde Kontratua ez zutela sinatuko ere adierazi zuten Hautetsien Kontseiluak eta Paueko Kontseilu departamentalak. Alta, osteguneko bileran azkenean onespena eman zioten urriaren amaieran sinatuko den LKri. Emendatzea izango da, halere, eskatu bestekoa izango ez den arren, batik bat herriko etxeek eta lurralde elkargoek beren ekarpenak handituko dituztelako. Estatua, berriz, Departamenduak eta Eskualdeak (erregioak) bakoitzak ematen duten 860.000 eurora lerrokatuko da (hitzarmenak exijitzen duen bezala) eta gainerako lekuko erakundeek %22 edo %25era emendatuko dute beren aurrekontua 5 urtean. Horrez gain, LKtik kanpoko proiektuentzat ekarpenak ere agindu dituzte. Esaterako, Departamenduak 70.000 euro gehiago emango ditu aurten eta Estatua eta Eskualdea zenbait alor sustatzera engaiatu dira: irakasleen formakuntza, baxoa edota murgiltze eredua hezkuntza publikoan.