SEP. 20 2015 ZORROZTARRIA Alanbreak gorantz kotizatu Julen MURGOITIO Europarra naiz, kontinentez, baina ez europazalea, edukiz. Azken batean, Europa kontinente bat da, kostaduna, eta euskaldunok horko bazter batean bizi gara, edo hortxe egin dugu urte pilo bat, sikiera, hasierako euskaldunak nondik, eta zergatik, etorriak ziren, eta zer harrera egin zieten aurretik hemen zeudenek, egonez gero, beste kontu bat dela. Kobek jakingo balute! Bai, bazter batean bizi, baina herri guztiek dute beren bazterra maite, bizimoduaren erdigune hartzen dutelako, hurbiltasunez. Tragedia nor bere lurra, lurrarena eta lurrekoa, uztera behartzen dutenean hasten da. Hortaz, europarra kontinentez. Baina utz dezadan geologia alboan, eta geopolitikan geratu. Lotsa beste nazka sentitzen dut Europan izanda, baina ez da sentimendu berria, Maastrichteko Itun harez geroztik gorputzeko nonbait gizenduz joan zaidan sentimenduaz nabil. Azkeneko irudiek sendotuta. Orduko hartan ez nuen sinetsi itunaren Europako eraikuntzan; berez sinestun ez naizelako, seguruenik. Urteak joanda ikusi da zer eraikuntza mota zen hura: hormak hemen, paretak hor, harresiak han… mugak hesitu egin dituzte, mugalariak hezi ordez. Hortaz, heskuntza hartu du ardatz Europako politikak, sakoneko hezkuntza bazter utzita. Altzairuzko hura eraitsi eta alanbrezkoa altxatu. Alanbrea gorantz kotizatzen ikusi dute egunotan burtsan… Eta zooa. Zoo handia da gaur Europa. Aldrebesekoa izan ere. Bisitariak dira alanbreak hesituta, eta abere-sena dutenak kanpotik libre, moketako txerrikumeak barne. Jakiak botatzen ere ikusi ditugu, hesi gainetik, kanpotik barrura. Kamerako zooma jartzen duzunean holaxe ikusten da eurozooa. Hainbeste hesi han-hemen, labirintoa da Europa. Batzuen apetak, besteen beharra. Burtsak berak zoo bihurtu arte jai dugu! Edo hobeto esanda, lan dugu.