OCT. 24 2015 Gazteek ere Baionako manifestaziora deitu dute A.M. BAIONA Aitzina, ELB gazte, EHZ eta Euskaldun Gazteriak gaur, arratsaldeko 17.00etatik goiti, Baionan egingo den Deiadar manifestazioan parte hartzera deitu dute. Euskal Herriaren burujabetzara bidean, «lehen pauso garrantzitsu gisa» Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako «lurraldearen ezagupenerako» Hiri Elkargo bakarraren aldarrikapenarekin bat egin dutela adierazi dute gazte eragileek. Horrekin batera, euskararen egoera garatu eta sendotzeko ofizialtasuna «ezinbestekotzat» jotzen dute. Horrenbestez, bi eskaera horiek karrikaratzeko, Euskal Konfederazioak deitutako Baiona Txikiko Xaho Pelletier kaitik abiatuko den mobilizazioan parte hartuko dute. EH Bilduren deia EH Bilduk ere ordezkaritza igorriko du Lapurdiko hiriburura. Hizkuntzen ofizialtasuna eta lurraldeen aitortza lotuko dituen martxa «hitzordu biziki garrantzitsua» dela nabarmendu du.