GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Sikarioen askazia


Berrogeita hamar urte dira, xuxen-xuxen. Geroago etorriko ziren Kanbodia eta Ruandakoekin batera, XX. mendearen bigarren zatiko genozidiorik handiena izan zen, eraildakoen kopuruz behintzat. Eta hala ere, bizpahiru filmagatik ez balitz, existitu ere ez zela egin dirudi. Urteurren biribilaren abagune honetan ere apenas inork ekarri nahi izan duen gogora.

1965eko urrian hasi zen Indonesiako «komunisten» genozidioa. Sukarno presidentea agintetik bota nahian zebiltzan jeneraletako batzuen hilketa (inoiz erabat argitu ez den «estatu kolpe» baten testuinguruan, antza) aitzakiatzat hartuta, indar armatuen buruzagi nagusiek, Suharto buru, Ameriketako Estatu Batuen laguntza eta aholku zuzenekin, izugarrizko sarraskia abiarazi zuten herrialde osoan. Etenik gabeko hilketa izugarriekin lehen hilabeteetan; presondegietako bidegabekeriekin gero, urtetan. Gutxienez, 500.000 pertsona erail zituztela esaten da. Beste aditu batzuek milioi bat edo biraino eramaten dute zifra. Bertsio ofizialak, aha peka, dioenez, «komunistak» denak; ikerketa bakanek nabarmentzen dutenez, sindikalistak, intelektualak, txinatar minoriako kideak, erlijio ahaltsuenaren aurkakoak... Genozidio galanta, hitz bitan.

Ez da hau sarraski hura aztertzeko lekua. Haren inguruko isiltasunaz gogoeta ñimiñoa egitea komeni da, ordea. Suharto agintean zen bitartean, noski, ezinezkoa zen hartaz hitz egitea, Indonesian bederen: ahala duten hiltzaileei ez zaie gustatzen beren «balentriak» hizpide izatea. Baina hura eraitsi eta gero ere ia ezinezkoa da gaia agerian ipini eta agenda politikoan kokatzea. «Hildakoei bakean utzi» behar zaiela diote egungo agintari indonesiarrek. Non demontre entzun dut oso antzeko zerbait? A, bai...

Hildakoen «bakea». Umore beltzeneko txistetzat hartu behar litzatekeena, baina beraiek serio-serio esaten dizutena. Hori entzuten duzun bakoitzean, badakizu: sikarioen askaziko norbaiten aurrean zaude. Eta bera ere horren jakitun da.