NOV. 12 2015 Nafarroako turismoak gora egin du uda honetan eta sektorea suspertu da Nafarroako Gobernuak plazaratu berri dituen datuen arabera, turismoa suspertu egin da udan herrialdean. Ondorioz, sektorearen errentagarritasuna (hotelak, ostatuak eta pentsioak) dezente hobetu da. GARA IRUÑEA Joan den uztail, abuztu eta irailean 482.300 turistak hartu zuten ostatu Nafarroan. 1.104.497 gau eman zituzten bertan; horrek erran nahi du lagun bakoitzak 2,3 egun egin zituela herrialdean. Nafar Gobernuak nabarmendu duenez, zenbaki horiek aitzineko udatik gorakada handia gertatu dela islatzen dute. Zehazki, eskaria %6 igo da, pasatutako gauak %8 eta batez besteko egonaldiak %2,1. Bisitarien jatorriari dagokionez, %66 Estatukoak izan dira eta %34 estatutik kanpokoak. Aipagarria da bertze urteetan baino gehiago izan direla bertze estatuetatik hurbildu direnak. 2014tik %11,7 igo dira. Estatuko bisitarien eskaerak ere gora egin du, %3,1 hain zuzen. Goian, kanpinak eta hotelak Lagun gehienak Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik etorri dira (bidaiari guztietatik %14,6 eta pasatutako gauetatik %19,3). Batez ere kanpinetan (%45,4) eta hoteletan (%42) egin dute lo, baita landetxeetan eta apartamentuetan ere. Euskal Herriko hiru lurralde horietatik puskaz jende gehiagok aukeratu du Nafarroa uda honetan aitzinekoan baino (%12,1 gehiagok). Katalunia da bigarren merkaturik garrantzitsuena. Bezeroen %12,3 izan dira eta gaua pasatu dutenen %13,4. Horietako gehien-gehienek hotela hartu dute eta gainerakoek kanpina, landetxea edo apartamentua, ordena horretan. Katalanen kasuan ere gora egin du kopuruak 2014arekin konparatuz. Hirugarren jatorri inportantea Madril da. Udan bisitarien %9 izan dira eta gaua pasatu dutenen %10. Nafarrek beraiek ere merkatu oparoa osatzen dute, laugarren bezerorik garrantzitsuena da herrialdeko turismoarentzat. Kanpinak dituzte gustukoen (%41,3) eta landetxeak ere bai (%12). Errentagarritasuna Sektorearen errentagarritasunari erreparatzen badiogu, hoteletako gela bakoitzak batez beste 40,65 euroko irabaziak izan ditu egunero udan, 2014koan baino %23,2 gehiago. Okupatutako gela bakoitzeko diru-sarrerek ere gora egin dute (%11,3), 72,31 eurora ailegatuz. Hilabeteko batez bestekoa eginez, hoteletako prezioen adierazlea ere joan den udan baino gorago egon da (%3,2 gorago), 87 puntutan. Bisitari gehiago hartzeak informazio eskaria handitzea ere ekarri du. Hala, udako hilabeteetan bulegoetan 186.006 kontsulta egin dituzte turistek leihatilan bertan (%74 Estatukoak eta %26 kanpokoak). Nafarroako turismoaren webgune ofizialak, hainbat hizkuntzatan eskuragarri dagoenak, 690.422 bisita izan ditu. Kontsultatuenak “Antolatu zure bidaia” sekzioa, Bardeako frantsesezko informazioa, Urederraren jaio- lekua eta Baztan izan dira. BISITARIEN JATORRIALau talde nagusi hartzen ditu herrialdeak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrak, katalanak, madrildarrak eta nafarrek berek osatutako merkatu garrantzitsua. KONTSULTATUENAK«Antolatu zure bidaia» saila, Bardeako frantsesezko informazioa, Urederraren jaiolekua eta Baztan izan dira nafar Gobernuaren turismoaren webgunean kontsultatuenak.