GARA Euskal Herriko egunkaria

Aita-semeen harremanetan murgildu da Fermin Etxegoien

Gironara lehen aldiz urpekaritza egitera doazen aita-semeen arteko harremanaren gaineko kontakizuna eraman du Fermin Etxegoienek «Urpekariak», gazte literaturan idazten duen lehen eleberrira. Aita bera bezain zoriontsua ez dela ohartuta, semeari ikuspegia zabaldu eta heltze prozesu batean sartuko dela azaldu zuen idazleak. Iñaki Aldekoa Ereineko editorearen hitzetan, «gurasokeriarik gabe» landutako eleberria osatu du Etxegoienek.


Gazte literaturan trebatzeko “enbidoa” Erein-en eskutik heldu zitzaion Fermin Etxegoieni: «Ez nuen neure burua genero horretan ikusten baina, enbidoa hordago bilakatu zen, eta saiatu egin naiz». Azaldu zuen, umil, 2010ean “Autokarabana” eleberriagatik Euskadi Literatura Saria eskuratu zuen kazetariak.

“Urpekariak” dakar orain esku artean, guraso eta nerabeen arteko harremana «gurasokeriarik gabe», Erein-eko editore Iñaki Aldekoaren arabera, aurkeztu nahi duen eleberria. Bertan, udako oporretan Gironara urpekaritza egitera doazen aita-semeen arteko harremana du aztergai eta uretan murgiltze horrek badu oinarri sinbolikorik: «Lehen aldiz doaz urpekaritza egitera, bautismoa alegia, eta hau azken finean iniziazio nobela bat da». Izan ere, Aldekoak azaldu zuen 14-16 urte bitarteko gazte errebeldeak une batean aita «gizajo moduan» ikusiko duela, «konturatuko da ez dela bera bezain zoriontsua eta orduan hasten da iniziazio prozesu hori, heltze hori». Kontakizunean zehar, aita-semeen arteko ezberdintasunak agerian geratuko direla gaineratu zuen Etxegoienek eta eleberrian «gauza askotxotaz» hitz egiten dela nabarmendu zuen, besteren artean euskal identitateaz, hizkuntzaz edota erreferentzia musikalez.

Gurasokeriaren inguruan, Etxegoienek azaldu zuen ezinezkoa litzatekeela gurasokeria zantzuetatik libre dagoen nerabeen eleberririk idaztea, «beti dagoelako goitik beherako begirada bat. Nerabearen larruan sartzeko ariketa egiten ari gara eta bizitza kode batzuk proiektatu nahi izatea bera gurasokeria litzateke», ziurtatu zuen.

Horrekin hausteko ahaleginean, antzerkian “hirugarren espazio” izendatzen den teknika erabili du: «Narratzaileak une batean semearen ikuspegitik erakutsi nahi du lehen aldiz gertatuko zaion zerbait. Orduan, jokoan sartu eta ‘prest zaudete heldu baten ahotik entzuteko hau? Ez ahaztu zuen bizitza kuxkuxeatzera datorren heldua dela’, esaten da. Iruditu zitzaidan justuagoa zela hala egitea».